Txinparta guztiak ez dira itzali

Txinparta guztiak ez dira itzali

Edurne Elizondo

Zenbat oroitzapen!”. Horixe idatzi du Ana Unanue kazetariak, berriki, Twitter sare sozialean. Maddi Barber zinemagilearen 592 metroz goiti izenburuko lana berriz ikusi, eta irudiek astindu egin dute Unanueren memoria. Itoizko urtegiari buruzko film bat da Barberrena, eta azpiegitura hori eraikitzeko obretan zen Unanue, duela hogeita lau urte, Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideek porlana garraiatzeko kableak moztu zituztenean.

Aste Santua zen, 1996ko apirilaren 6a. 07:15 aldera, lan jantzietan Desconstrucciones Itoiz idatzia zeramaten zortzi ekintzaile Itoitzen eraikitzen ari ziren urtegiko hormara hurbildu ziren. Jantzien azpian, urtegiaren aurkako elastikoak zituzten. Helburu zehatz bat zuten: porlana garraiatzeko sistemako kableak moztea. Horman, rotaflexak hartu zuen hitza, eta haren diskurtsoaren amaieran, helburua betetzea lortu zuten solidarioek: kableak moztu, eta sutan erori ziren. Itoizko urtegiko lanak bederatzi hilabetez geldiarazi zituzten, beren ekintzarik ikusgarrienean.

Itoitz, urtegiko lanak amaitu baino lehen. Pablo S. Quiza.

Maddi Barber haurra zen solidarioek Itoizko urtegiko kableak moztu zituztenean, baina rotaflexak piztutako txinpartek ere eragin zioten. “Gogoan ditut manifestazioak, eta itsasgarriak saltzen nituela. Gurasoak Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kide ziren, gainera, eta ni neu Lakaben jaio nintzen”, kontatu zuen orriotan, duela bi urte.

Unanue, berriz, lanean harrapatu zuten solidarioen ekintzek. Bereziki duela 24 urte egindakoak. Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideekin batera, hainbat kazetari izan ziren 1996ko apirilaren 6 hartan Itoitzen gertatu zenaren lekuko, eta Unanue izan zen haietako bat, Egunkaria-n ari zela.

Zinpeko guarden haserrearen lekuko izan ziren kazetariak. Solidarioek lurrean botata jaso zuten jipoiarena ere bai. Ekintza amaituta, Guardia Zibilaren zain gelditu ziren Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideak. Ez zuten ihes egiteko asmorik.

Urtegiaren aurkako manifestazio bat, Iruñean. Joxe Lacalle.

Lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jarri zieten zortziei, bahiketagatik, hainbat minutuz obrak zaintzen zegoen zinpeko guarda lotu zutelako. Zortzietatik hiru atxilotu eta espetxeratu zituzten. Lehena izan zen Iñaki Garcia Koch. Ia lau urte egin zituen kartzela barruan, hagitz baldintza gogorretan. 2004ko abenduan atera zen espetxetik, hirugarren gradua lortu eta gero. 2017ko urtarrilaren 4an zendu zen, Agoitzen. Handik hilabetera, omenaldia egin zioten Garcia Kochi, Artzin. Solidario anitzek egin zuten bat kidea agurtzeko.

Ibai Ederra eta Julio Villanueva izan ziren espetxera sartu zituzten bertze bi ekintzaileak. “Ekintzak piztu zuen halako garra. Onartu behar dugu haiek irabazi zutela, urtegia egin baitzuten, baina gure ahalegina eta gure lana hor daude”, erran zuen Villanuevak, 2013an, Itoitz bota eta handik hamar urtera. Herria urpean da, baina solidario anitzek eutsi egin diote ingurumenaren aldeko beren konpromisoari. Txinparta guztiak ez baitira itzali.

Goiko irudia: Jagoba Manterola.