Indarrez eutsi dio

Indarrez eutsi dio

Edurne Elizondo

Semea jolasean da, amak telefonoz hitz egiten duen bitartean. Tarteka, haurraren algara gailentzen zaio Eva Jimenez Blancoren kontakizunari. Umeak ere zerbait erran nahiko balu bezala. Indarrez egiten du oihu eta irri; gurasoek ere bai. Orain bai: irri egiten dute umeak indarrez eutsi diolako bizitzari.

Behar baino goizago jaio zen Silvano Hernandez Jimenez, 680 gremoko pisuarekin. Hiru hilabetez egon behar izan zuen ospitalean, eta, etxera joan zenetik, zaintza neurri zorrotzak jarraitu behar izan dituzte bere gurasoek. Koronabirusaren pandemiak hasierako garai horiek ekarri dizkie orain gogora: “Eskuak hamaika aldiz garbitu behar izatea, maskara jantzi behar izatea, haurra etxetik ezin ateratzea… Ederki dakigu zer den hori”.

Umea 2019ko urtarrilaren 19an jaio zen. Larrialdiko zesarea egin behar izan zioten Eva Jimenez Blancori, haurdunaldiaren seigarren hilabetean. Tentsioarekin arazoak zituen amak, eta haurra ez zen hazten ari umetoki barruan. Aurrera jarraitzea bientzat zen arriskutsua, ondorioz. Ebakuntza gelara eraman zuten ama, eta, atera zenerako, Nafarroako Ospitale Guneko Neonatologiako Zainketa Intentsiboetako Unitatean zen semea. Hiru hilabete eman zituen ospitalean.

Semea etxera eramateko eguna “negar batean” eman zuela gogoratu du Jimenez Blancok. “Lehendabiziko aldiz egin behar genion aurre Silvanoren zaintzari, ospitaleko medikuak eta erizainak ondoan izan gabe”. Amak uste zuen ez zela gai izanen. Ezin izanen zuela semea behar bezala zaindu. Beldurrak eta kezkak hartu zuten. “Errudun sentitzen nintzen, gainera, ez nintzelako gai izan haurdunaldia amaitzeko. Nire semea behar baino lehen jaio zen, eta errua nirea zela sentitzen nuen”.

Kosta egin zaio, baina sentimendu hori bazter uztea lortu du Jimenez Blancok, pixkanaka-pixkanaka. Urtebete pasatu da semea jaio zenetik, eta egunerokoak erakutsi dio haurrari behar duena ematen. Elkarrekin ikasi dute, eta elkar ezagutuz lortu dute behar zuten konfiantza. Amak argi du, halere, semea ez dela ohiko haurdunaldi baten ondorioz jaiotako gainerako haurrak bezalakoa. “Seigarren hilabetean jaio izanak ekarri du gure semea ohi baino egoera zaurgarriagoan egotea. Finean, haur immunodeprimitua da, eta edozer bakteriok edo birusek kalte handia eragiten ahal diote”.

Kezka eta urduritasuna

Pandemiaren ondorioz ezarritako alarma egoerak duela urtebete luzekoak ekarri dizkio gogora Eva Jimenez Blancori. “Zerbait mugitu zaigu barruan”. Oscar Hernandez haurraren aitak Nafarroako Ospitale Gunean egiten du lan, gainera, eta amak onartu du horrek kezkatzen duela. “Denbora batez lan egin gabe egon da, baina orain berriz joan beharko du, eta, noski, horrek urduritzen nau pixka bat”.

Azken hamabost hilabeteotan behin baino gehiagotan sentitu da Jimenez Blanco urduri. “Ospitaletik etxera joan ginenean, hainbat astez ez genuen bisitarik jaso. Hasiera gogorra izan zen, etxeko egunerokora ohitu behar izan zuelako haurrak. Ospitaleko girora ohituta zegoen, eta etxean gauez lokartzea kosta egin zitzaion”.

Ospitaletik hiru hilabeterekin atera zen haurra. Eta bi kiloko pisuarekin. Geroztik, hamaika proba eta azterketa egin dizkiote umeari. “Entzumena eta ikusmena behar bezala garatzen ari direla jakiteko, bertzeak bertze”, azaldu du Jimenez Blancok. Lehen urteko medikuarenganako joan-etorri horiek guztiak “gogorrak” izan direla onartu du amak. “Finean, mediku batekin egoten garen bakoitzean egon behar dugu proba bateko edo bertzeko emaitzen zain”. Orain arte dena ongi joan dela nabarmendu dute Silvano Hernandez Jimenezen gurasoek. Txikia baina indartsua dela erakutsi du haurrak.

Ez hori bakarrik. Uharteko bere etxeko txokoak ederki ezagutzen ditu, hasieratik izan baitu inguruari behatzeko grina. Karrikan ere anitz gozatu du haurrak, orain arte. Itxitako espazioei ihes egin diete gurasoek haurra jaio zenetik, halakoetan umearen osasunari eragiten ahal dioten elementu gehiago daudelako. Orain, halabeharrez gelditu behar du haurrak etxean. “Ez du ematen aspertzen denik. Beti ari da jolasean; hobeki erranda, egun osoa ematen dugu semearekin jolasean, asper ez dadin”, erran du amak. Sumatu du, halere, ohi baino “suminkorrago” dagoela egunotan. “Uste dut sumatzen duela karrikan egoteko falta, nolabait”.

Jimenez Blancok uste du lagunekin eta familiarekin ezin egoteak ere kalte egin diola. Gurasoei ere egin die. “Egunero egiten ditugu bideo deiak haurraren aitatxi-amatxiekin. Haientzat ere gogorra da haurra ezin ikustea”.

Pandemiak eragindako alarma egoera atzean uzteko irrikan da Jimenez Blanco; berriz ere semearekin karrikara ateratzeko gogoz. Baina argi du orain etxean egon bertze erremediorik ez duela, jokoan zer dagoen ederki baitaki. Birusaren krisiak “barrua mugitu” diola onartu du, hasierako zailtasunak gogoratu dituela berriz ere. Baina oraingo ama ez da haurra ospitaletik etxera eraman zuen hura. Hasierako ardura bera du, baina eskarmentu eta konfiantza handiagoa.

Umeak oihu eginez erran dio amari nahikoa duela telefonoarekin. Jolasteko ordua da. Orain bete beharko zuen Silvano Hernandez Jimenezek bere lehen urtea, baina urtarrilaren 19an ospatu zuen lehendabiziko urtebetetze besta. “Ongi dago, eta hori da inportanteena”. Haurra ospitalean artatu zuten guztiak gogoratu ditu, bai eta han ezagutu zituzten gainerako gurasoak ere. Denen babesa sentitu zuten umea jaio zenetik, eta hori bereziki eskertu nahi izan du.

680 gramorekin jaio, eta bi kilorekin ailegatu zen etxera, lehen aldiz. Orain zortzi kilo inguruko pisua du Silvano Hernandez Jimenezek, eta jarraitzen du bizitzari indarrez eusten. Egun oro.

Irudiak: Eva Jimenez Blanco.