Amets Aranguren Arrieta
Egun bat gehiago, edo egun bat gutxiago. “Hau ez da momentua” esaldiaren bidez bazterturiko dena egiteko momentua da oraingoa. Norberak ikusiko du etxealdiak/itxialdiak berez sortu duen parentesiaren barnean zenbat parentesi gehiago nahi duen ireki, edo itxi. Edo ireki eta itxi. Burbuilaren barneko burbuilak.
Eta bitartean hautua egiten du balkoietako jendeak: kalekoak agurtu edo egurtu. Zabor poltsa esku batean eta txakurra bestean. Kirola egiteko egutegi inprimatu bat, bideo-deiak eta mahai-jokoak mahaian, hautsa kendu berri. Ordutegiak prestatu dituen jendea; horien artean, ordutegia beteko duen baten bat. Datuak zorrozki jarraitzen dituztenak, paso egiten dutenak eta zer gertatuko den badakitenak. Eta bada bazkaltzea ere ahaztu eginen zaionik.
Bakarrik hil da Haizegoaren amatxi zahar-etxeko gelako ohean. Gure buruetan irakasleak, erizainak, zaintzaileak, eri daudenak, musikariak, liburuzainak, langile ohi bihurtu direnak. Krak handi bat bizitzaren eskema ordenatua dutenen buruetan. Wifi kaxkarra eta hamasei e-mail pilatuta. Baina hau noiz arte da?
Burbuilarik ez balego bezala ari dira saiatzen batzuk bizitzen. Egoerak gainditu du fikzioa. Barnean herdoiltzen hasiak diren zauriak ehorzteko balioko die batzuei, ukendua jartzen jarraitzeko balioko die beste batzuei eta baita zauri berriak irekitzeko beste zenbaiti ere, zergatik ez. Dena (des)ordenatzeko pausa bat.
Bertso saio bat 18:30ean, Egunean Behineko berrogeialdiko saio berezia 19:00etan, zuzeneko kontzertu bat Instagramen eta uso bat gela barruan. Iruñeko Alde Zaharrean 20. aldiz entzun dugu La jota de tu Navarra. Berdin zaizun gaurko seigarren bideoa heldu zaizu sakelako telefonora. Deskargatu gabe hatza irudiaren gainean segundo batez mantendu eta: ezabatu. Ziur al zaude bideoa ezabatu nahi duzula? Bai.
Pisukideak esan dizu bere urtebetetzea dela, noiz eta bihar. Zu zara bere opariaren %100aren arduradun. Kroketak eta browniea. Kedada sekretua amarekin merkatuko ilaran. Militarrak kaleak “desinfektatzen”. Espainiako ereserkia haien furgoietan (2020).
Irakasle batekin duzu gero Skype, Classroom bidez bidaliko du etxerako lana, gero Meet-en sartzeko esteka helduko zaizu. Youtuben daude beste ikasgai horretako ariketak egiteko bideoak eta telefonoz grabatu beharko duzu astearterako muntatzen ari zaren pieza, WeTransferrez bidaltzeko. Konposatu beharreko baltsak ere bukatua egon behar du ostiralerako.
Eskolako zuzendariaren dei galdua eta mezu bat: “Dei egin iezadazu, mesedez, ahal duzunean”. Kontratua deuseztatu dizute, ERTE batean sartzeko aukerarik gabe.
Etxeko jabeak ez dio deus, idatzi beharko zaio. “Noiz bota zaituztete? Denak geratu zarete lanik gabe? Nola eginen diezue aurre dituzuen gastuei? Nik ez dut arazorik alokairuan beherapena egiteko, baina argudio sendoak behar ditut horretarako”. (????) Paso.
Eskerrak kantuak ditugun.
Fin dabil konfinamendua eta, beste behin ere, denbora da bide bakarra.