Sekula hiltzen ez diren arrosak

Sekula hiltzen ez diren arrosak

Edurne Elizondo

Arrosak eramaten zituen alabaren hilobira, eta, etxean ere, bi arrosa izaten zituen beti, haren omenez”. Maria Angeles Berazak egiten zuenaz ari da Asier Aristregi. Alicia Aristregiren ama zen Beraza, eta Asier Aristregiren amatxi. Argazkilaria da Asier Aristregi, eta Las rosas nunca mueren (arrosak ez dira sekula hiltzen) erakusketa egin zuen 2016an, bere familiako bi emakume horien inguruan. Biek sufritu zuten indarkeria matxista, amak eta alabak. “Amatxi Irañetan jaio zen; errotariaren alaba zen. 9 urterekin bidali zuten medikuaren etxera lanera. Amatxik kontatzen zigun inoiz ez zuela gurasoen berotasuna sumatu; ezkondu zenean ere, tratu txarrak sufritu zituen”, kontatu du Alicia Aristregiren iloba eta Angeles Berazaren bilobak, Bartzelonatik.

“Amatxi eta izeba ziren familiaren euskarri”, erantsi du Asier Aristregik. Alicia Aristregi bere senar ohiak hil zuen, 2002ko apirilaren 9an, Atarrabian. Maria Angeles Berazak arrosak eramaten zituen haren hilobira, eta, etxean ere, bi arrosa izaten zituen beti alabaren omenez. “Azkenekoz ikusi nuenean ere, arrosak baziren amatxiren etxean”. 2013ko abenduaren 9an zendu zen Beraza, Uharten.

“Iragarritako hilketa”

Uharten bizi da oraindik ere Eugenio Aristregi, Aliciaren neba. 2002ko apirilean, Eugenio Aristregik gogor salatu zuen epaileen utzikeria, eta “iragarritako hilketatzat” jo zuen arrebaren aurkako erasoa. Izan ere, urte hartako urtarriletik, hogei salaketa baino gehiago jarri zituen emakumeak senar ohiararen kontra. Emaztearengana ez hurbiltzeko agindua ere bazuen Jesus Gil Pelaezek; baina, hala eta guztiz ere, 2002ko apirilaren 9an, gizonak labankadaz hil zuen emakumea.

Alicia Aristregik 37 urte zituen, eta bi semeren ama zen. Semeak eskolan utzi eta gero hil zuen Gil Pelaezek emakumea, lagun batekin billabesaren zain zenean. Gizona autoz ailegatu, ibilgailutik jaitsi, eta zuzenean joan zen Aristregirengana. Emakumea ihes egiten saiatu zen, baina senarrak iletik heldu zion, eta bihotzean sartu zion eskuan zeraman labana. Lehen labankada horrek hil zuen Alicia Aristregi, baina bertze lau eman zizkion Gil Pelaezek emaztearen gorpuari.

Alicia Aristregiren hilketak astindua eman zion Nafarroako gizarteari. Indarkeria matxistaren auzia hizpidera ekarri zuen, bere gordinean, eta erakunde publikoek ezin izan zuten bertze alde batera begiratu: mugimendu feministaren aldarriei so egin behar izan zieten, azkenean. “Hagitz gogorra izan zen Alicia Aristregiren hilketa; kolpe latza hartu genuen, eta neurriak hartzeko beharra agerian utzi zuen gertatutakoak”, nabarmendu du Astelehen Lilak elkarteko Tere Saezek.

Jesus Gil Pelaezek 39 urte zituen emaztea hil zuenean. Alicia Aristregiren gorpua karrikan utzi, eta ihes egin zuen. Hurrengo egunean, Foruzaingora deitu zuen, eta bere burua entregatu. 2003. urtean epaitu zuten, eta 22 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Zinpeko epaimahaiarekin egindako prozesua izan zen Gil Pelaezen kontrakoa: lehenengoa, genero indarkeriako kasu batean.

“Aristregiren hilketa inflexio puntu nabarmen bat izan zen, eta ekarri zuen Nafarroako Parlamentuak onartzea genero indarkeriaren aurkako lehendabiziko legea”, erantsi du Saezek. Mugimendu feministak bultzatutako legea izan zen hori. 2002. urtekoa da testua, baina 2003an moldatu zuten, lehen aldiz. Legea garatzeko araudia geroago hasi ziren egiten, 2005. urtean, eta 2007ra arte ez zuten onartu. 2015ekoa da azken berrikuntza: horri esker, jada ez da ezinbertzekoa emakumearen eta gizonaren arteko bikote harremana egotea, erasoa indarkeria matxistatzat hartzeko.

Lege hori lortzeko bidean, urrats erabakigarria izan dira Aristregiren hilketak eragindako amorrua eta protesta. Gakoa izan da mugimendu feministak eta senideek egin dutela indarra, batera, Tere Saezen ustez. “Elkarlan horrek lortu du gaia mahai gainean jartzea, eta erakundeei presio egitea”. Presio hori ez dagoenean, indarkeria matxistaren biktimak “zenbaki huts” bilakatzen dira. Estatistika bateko zati.

2003tik, adibidez, hemezortzi dira matxismoak hildako emakumeak Nafarroan. Kopuru hutsetik harago, “pertsonak daude atzean”. Pertsona horien historiak eta istorioak ezagutzeko eta kontatzeko beharra jarri dute Astelehen Lilak taldeko kideek agerian, eta erakunde publikoei egin diete deia, emakumeon memoria berreskuratzeko lan egin dezaten, hain zuzen.

Memoria berreskuratzeko ariketa bat izan zen Asier Aristregiren Las rosas nunca mueren 2016. urteko erakusketa, neurri handi batean. Uhartera eraman zuen bidaia egin zuen, amatxirekin eta izebarekin partekatutako espazioak berriz bizitzeko. “Amatxiren etxean bazen panpinez betetako gela bat. Panpinen gela erraten genion haurrok. Izeba gela horretara itzuli zen senarra utzi eta gero”.

Indarkeriaz betetako bide bat atzean utzi, eta hutsetik hasi nahi izan zuen Alicia Aristregik. Horregatik itzuli zen Uhartera, sorterrira. Bederetzi anai-arrebako familia batean hazi zen Aristregi; emakumeen artean gazteena zen; gizonen artean, berriz, Luis Mari Aristregi da gazteena, eta haren seme da Asier Aristregi.

“9 urte bertzerik ez nuen izeba hil zutenean, baina gogoan dut haren irria; emakume bizia zen, eta bera zen familia batzen eta mugitzen zuena”, gogoratu du. Familia eta lagunak maite zituen Alicia Aristregik. Musika ere bai. “Bizitza maite zuen”, laburbildu du haren ilobak.

Dolua egiteko proiektua

Jesus Gil Pelaezek labankadaz akabatu zituen Alicia Aristregiren proiektu guztiak, duela hemezortzi urte. Hilketak gizarte osoa jo zuen, baina. berezki, noski, emakumearen familia. Izebaren heriotzak zenbateraino eragin dion, horretaz amatxi hil eta gero konturatu zen Asier Aristregi, halere. “Orduan ikusi nuen argi. Konturatu nintzen alabaren hilketak erabat baldintzatu zuela nire amatxiren egunerokoa, bai eta gurea ere, gainerako senideona, alegia. Horregatik erabaki nuen erakusketa egitea; doluari aurre egiteko modu bat izan da, nolabait erranda”.

Izebaren hilketak indarkeria matxistaren aurrean kokatu zuen Asier Aristregi. Eta izeba oroitzean, bere familiak jasan duenaren gisako galerak izan dituztenak ere gogoratu nahi izan ditu argazkilariak. Alicia Aristregiren hilketak gogor jo zituen Atarrabia eta Uharte, 2002an. Ez da, tamalez, herriok eta ingurukoak ukitu dituen kolpe bakarra izan. 2017an, Burlatan Blanca Esther Marques hil zuen haren bikotekideak, eta Ultzama ibaira bota zuen gorpua, Arren. 2018an, berriz, 38 urteko Natalya Baluk hil zuen haren senarrak Uharten. Abuztuan jazo zen hilketa. Hilaren 25ean emaztea komunean erori zela erranez deitu zuen larrialdi zerbitzuetara. Handik hiru egunera zendu zen emakumea, eta Foruzaingoak senarra atxilotu zuen.

Natalya Baluken hilketak karrikara atera zituen uhartearrak, bertze behin. Indarkeria matxistaren biktima guztiak omendu eta gogoratu zituzten herritarrek, herriko plazan. Biktima guztiak omendu eta gogoratu nahi ditu Alicia Aristregiren aldeko plakak ere, Atarrabian, emakumea hil zuten tokian. Billabesaren zain zen Aristregi orduan. Eta billabesatik plakari egiten zion so Asier Aristregik, Nafarroan bizi zenean. Han ere loreak izaten dira Aristregirentzat. Errotik moztuta ere, sekula hiltzen ez diren loreak.

Goiko irudia: Iñigo Uriz / Foku