Berandu, baina garaiz

Berandu, baina garaiz

Uxue Rey Gorraiz

Askotariko ekitaldiak, jarduerak eta kanpainak bertan behera gelditu dira koronabirusaren krisiak herritarrak nor bere etxean gelditzera behartu zituenetik. Ohiko erritmoari eutsi dio udaberriak, baina udaberriarekin batera ailegatzen ohi diren hainbat kontutan atzeratu egin dira orain arte definituta zeuden epeak. Berandu heldu diren gauza horien artean sartzen da errenta aitorpenaren kanpaina Nafarroan. Azken urteetan ez bezala, maiatzean hasiko da kanpaina, hain zuzen ere, maiatzaren 6an, eta 11tik aurrera hasiko dira zergadunei itzulketak egiten. Kanpaina noiz bukatuko den, ordea, ez dago argi oraindik.

Ohi baino beranduago heldu da aurten errenta aitorpena egiteko garaia Nafarroan. Iazkoaren aldean, hilabete geroago hasiko da aurtengoa. Izan ere, 2019an apirilaren 4an abiatu zen kanpaina, eta ekainaren 24ra arte egin ahal izan zuten zergadunek 2018ko ekitaldiari zegokion aitorpena. Aldi horretan, Nafarroako Ogasunak 65,7 milioi itzuli zizkien 145.080 zergaduni.

Krisi honetan murgilduta, bistan da epeak aldatu egin direla aurten, baina errenta aitorpena egiteko modua bera izanen da aldaketarik nabarmenena. Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kideek adierazi dutenez, herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko dituzte hasiera-hasieratik, eta, horiek horrela, esaterako, proposamenak ez dituzte posta bidez bidaliko. Horren ordez, zergadunek euskarri digitalak baliatuta kontsultatu ahal izanen dute informazioa. Behin kanpaina abiatuta, datorren maiatzaren 6tik aurrera, www.hacienda.navarra.es webgunean ikusgai izanen dituzte Nafarroako Foru Ogasunak egindako proposamenak.

Departamentuko kideek nabarmendu dute “ezohiko eta salbuespenezko baldintza berezi” batzuetan eginen dela errenta kanpaina, eta, horregatik, gomendioa egin dute aitorpenak aurkezteko Internet erabiltzeko, itxialdiak iraun bitartean behintzat.

Euskarri digitalaren alde

Aitorpenak aurrez aurre aurkezteko aukera izaten ohi bada ere, urtetik urtera gero eta gehiagok erabiltzen dituzte sareko tresnak. Are, bide hori sustatzeko, 2018an Errenta Nafarroa izeneko programa jarri zuen martxan Nafarroako Gobernuak, euskarri digitalean. Haren bidez, “modu erraz eta intuitiboan” egin dezakete herritarrek aitorpena, arduradunen esanetan.

Egungo krisiaren testuinguruan, ziurgabetasuna da nagusi errenta kanpainaren inguruan, beste arlo askotan bezala. Dagoeneko erabakita eta zehaztuta badago ere epea maiatzaren 6an hasiko dela, departamentuko arduradunek ez dute oraindik adierazi kanpainak noiz arte iraunen duen, eta, era berean, oraindik ez dute iragarri zer egunetatik aurrera aurkeztu beharko dituzten Ogasuneko bulegoetako edo beste erakunde laguntzaile batzuetako langileek PFEZaren autolikidazioak, adibidez.

Ogasuneko arduradunek azaldu dute informazio hori guztia hilaren bukaeran argituko dutela. Zehazki, aurreratu dute prentsaurreko baterako deia eginen dutela kanpainaren hasieraren aurreko astean, eta orduantxe emanen dituztela beharrezko xehetasunak; herritarrek kontuak berandu baina garaiz egin ahal izateko.