Etxean utzi behar izan dituzte kanaberak ere

Etxean utzi behar izan dituzte kanaberak ere

Edurne Elizondo

Koronabirusaren pandemiagatik ezarritako alarma egoerak aspaldi galdutako lasaitasuna ekarri die hiri eta herrietako karrikei, bai eta inguruko baso eta mendiei ere. Herri eta hiri, eta baso eta mendi horietan bizi diren gizakiz bertzeko animaliek aukera aprobetxatu dute, eta galdutako tokiak hartu dituzte, berriz ere. Ibaietan ere hasi dira aldaketa sumatzen ur azpian, gainean eta erreka bazterretan bizi direnak: arrantzarako kanaberarik gabe egin dezakete orain ibaian gorako eta beherako bidea. Izokinek, adibidez, 1982tik ez zuten arrantzalerik gabeko ibaia ezagutzen, Bidasoan.

Joan den otsailaren 13koa da herrialdeko aurtengo arrantza garairako arauak ezartzen dituen dekretua. Horren arabera, apirilaren 1ean hastekoa zen sasoia salmonidoen eremu mistoan; salmonidoen goiko eremuan, berriz, maiatzaren 1ean abiatzekoa zen, baina epe hori ere ezin izanen dute bete, alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatu eta gero.

Itxialdiaren ondorioz, apirilerako arrantza baimenak bertan behera gelditu dira, eta maiatzetik aurrerakoak ere kolokan dira. “Oraingoz ez gara baimenak ematen ari. Alarma egoera bertan behera utzi arte ez du zentzurik inolako urratsik egiteak. Maiatzaren hasieran, behintzat, lasai egon ahal izanen dute amuarrainek eta izokinek; egoerak ez dio kalterik eginen ibaiari: alderantziz, on eginen dio”, erran du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko biologo Jose Ardaiz Ganuzak.

Iaz apirilean hasi zen arrantza garaia Nafarroako ibaietan. Arrantzaleen eskaerek eragin dute, ordea, aurten pixka bat atzeratzea salmonidoen goi eremuan. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko arduradunek dute epeak zehazteko eskumena; baina arrantzaleen presioak ere —izokinak harrapatzen dituztenenak, bereziki—, badu eraginik.

Gobernuko teknikariek laurehun izokin baino gehiago zenbatu dituzte aurtengo neguan, Berako Fundizioko estazioan; zehazki, 441ek egin dute ibaian gora. Europatik jasotako baliabideei esker, arrainon segimendua egiten ari dira Ingurumen Departamentuko kideak, azken urteotan, eta populazioaren joera goranzkoa dela nabarmendu dute. Bidasoko hainbat presa behera bota eta gero, gainera, inoiz baino gehiago egin dute izokinek ibaian gora, Arizkuneraino. “Ez hori bakarrik; Ezkurra ibaitik, adibidez, Goizuetaraino ailegatu dira”, kontatu du Ardaiz Ganuzak. Iturengo eta Elgorriagako presak behera bota eta gero lortu dute arrainok Goizuetaraino iristea, hain zuzen ere. “Sekulakoa da. Onena da izokinak toki ezberdin anitzetan daudela”.

Kumeei eta emeei mesede

Maiatz hasierako lasaitasunak herrialdeko ibaietako arrainkumeei eginen die mesede, batetik. “Udan egiten ohi ditugun azterketek erranen digute egoera zein den, halere. Itsasotik itzultzen direnean ere ikusi ahal izanen dugu aurtengo egoerak zer eragin izan duen”.

Uztail aldera egin ohi dituzte azterketa horiek; kezka du Ardaiz Ganuzak aurtengoekin. “Zazpi-zortzi pertsona behar izaten dira, eta batek bertzearen ondoan egon behar du ibaian. Koronabirusarengatik ezarritako segurtasun neurriak betetzen zailak izanen dira”. Urte bateko datuak galtzeko aukerak are gehiago kezkatzen du: “Amuarrainei buruzko datu biltzea duela hogeita zortzi urte hasi genuen; urte bat galtzea galera handia litzateke”.

Bertzalde, arrantza garairen hasierako ezohiko lasaitasunak itsasotik ibaian gora abiatzen diren izokin emeei eginen die mesede. “Izokin eme gehienak arrantza garaiaren hasieran sartzen dira Bidasoan; gehienak, bai eta handienak ere”, nabarmendu du Ardaiz Ganuzak.

Ez dago argi ibaiek noiz arte eutsi ahal izanen dioten egunotako lasaitasunari; apirila arrantzalerik gabekoa izan da arrainentzat, baina ikusteko dago datozen hilabeteotan zer gertatuko den. Gobernuak ez du erabakirik hartu, oraingoz.

Irudia: Jose Ardaiz Ganuza.