Iritzia: Kaiolako txoriak

Iritzia: Kaiolako txoriak

Naiara Elola

Askatasuna. Azken egunetan hankamotz dago. Gure bizitzak askatasunez gobernatzea zein garrantzitsua den jabetu gara. Horretarako balio izan du, behinik behin, COVID-19ak eragindako pandemiak. Bihar, sei aste izango dira etxean itxita gaudela. Lau hormetatik harago dagoen edozein eremu zapaltzea eta bisitatzea debekatua dago. Oinarri-oinarrizko beharrizanak asetzeko soilik irten gaitezke gure habiatik. Birusak kutsatzeko arriskuak giltzapean bizitzera behartu gaitu. Kaiolan bortxaz bizi diren txoriak bezala gaude: nagusiak nahi gabe atea noiz irekiko zain, urrun hegan ihes egiteko.

Alarma egoerak erabat zapuztu ditu autogobernu, autonomia eta auto aurrizkia erabiltzen duten hamaika hitz. Madrilek esaten digu zer, noiz eta nola egin dezakegun. Larunbat arratsaldero izaten da zita: Pedro Sanchezek, Espainiako presidenteak, hurrengo egunetan zer egiten utziko digun jakinarazteko prentsaurrekoa eskaintzen du. Horrenbestetan gutxietsi dugun normaltasunera itzultzerik izango dugun jakiteko, jartzen gara telebista aurrean. Igandetik aurrera, izango da nobedaderik: 0-14 urteko haurrak kalera irten ahal izango dira, eta baita haien gurasoak ere. Behar bera duten beste zenbait kolektiboz, buruko gaitzak dituztenez, edota droga menpekotasunen bat dutenez, esaterako, txintik ere ez.

Baina, munduko ordena hankaz gora jarri duen pandemiak gure gizartearen lotsak azaleratzeko balio izan du. Esaterako, jakin bagenekien 2008ko urteaz geroztik, krisi ekonomikoaren eraginez, administrazio publikoek, baita Nafarroakoek ere, nabarmen murriztu zutela alor publikoko inbertsioa. Krisi aurreko egoerara ez da inoiz osasun publikoa itzuli, eta orain komeriak.

Hezkuntzako gabeziak ere agerian gelditu dira. Pasa den astean Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak jakinarazi zuenez, 7.000 ikasle daude eskolak etxetik egin ezinik. “Ezin izan dugu aukera berdintasuna eskaini berme guztiarekin”, aitortu zuen. Hain justu, hori da eskola publikoaren egitekorik nagusiena: egoera ekonomiko zein sozialaz harago, herritarrei aukera berdintasuna eskaintzea. Horretan ere ezin asmatu.

Azpimarra merezi du zaharren egoitzen egoerak. Bertako langileen prekarizazioak eta erabiltzaileen bizi baldintza eskasek alarma gorria piztu dute. Nafarroan COVID-19ak jota hil direnen erdiak zaharren egoitzetako egoiliarrak ziren. Martxo hasieran jakina zen birusa gurera zetorrela eta batez ere zaharrei eragiten ziela. Bada, ez gara abisuari aurre hartzeko gai izan.

Atsekabea erabatekoa da. Hildakoak agurtu ezinda ehunka lagun. Krisi ekonomikoaren eraginez, lehen estu zebiltzanak, orain, larri dabiltza. Eta lehen hainbestean zeudenak, ezinean. Sufritzen hasi garen atzeraldi ekonomikoak bi urte iraungo omen ditu, gutxi gora behera, hori diote zenbait ekonomialarik. Itxialdiak auzokoekin harremanak estutzeko balio izan duen bezala, kaiolatik irtetean, balio dezala elkar laguntzeko. Batera errazagoa izango baita garai ilunak eguzki printzekin argitzea.