Uxue Rey Gorraiz
2008ko apirilaren 14an sortu zen Nafarroako Ganbera Abesbatza. David Guindano (Iruñea, 1973) izan zen sustatzaileetako bat. Iruñeko Ganbera Abesbatzan aritua zen ordura arte, baina desadostasun batzuengatik kaleratu, eta talde berri bat sortzea erabaki zuen, berarekin batera abesbatza utzi zutenekin.
Krisi ekonomikoa larritzen hasi zenean sortu zenuten Nafarroako Ganbera Abesbatza. Nolakoak izan ziren hastapenak?
Hasiera oso zaila izan zen, baina zorionekoak izan ginen hein handi batean. Abesbatzako kideak oso gogotsu aritu dira beti, hori da garrantzitsuena, baina instituzioen babesa ere sentitu genuen garai hartan, bai Iruñeko Udalarena, baita Nafarroako Gobernuarena ere, bereziki. Gogoan dut estreinakoz beste norbaitek kontratatuta eskaini genuen lehen kontzertua: Iruñeko Baluarten izan zen, Euskaltzaindiak Pirinioetako hizkuntzei buruz antolatutako kongresu batean.
Zertan oinarritzen da zuen lan egiteko modua?
Asko gustatzen zitzaidan nola egiten genuen lan Iruñeko Ganbera Abesbatzan errepertorioarekin, eta, beraz, alde horretatik, berdintsu egiten dugu guk ere betidanik. Ikertu eta aztertu egiten dugu errepertorio lokala —eta ez folklorikoa bakarrik, baita historikoa ere—, hor asko baitago egiteko. Dena dela, berehala ohartu ginen espezializazioa oso inportantea zela, eta horregatik sortu genituen hainbat talde. Horrek aski bereizten gaitu besteengandik.
Lau talde dituzue. Nola koordinatzen duzue horien lana?
Lan egiteko modua aldatu egiten da taldearen arabera. Kontuan izan behar da talde bakoitzak, oro har, musika genero eta estilo desberdinak lantzen dituela. Antzinako musika lantzen duten taldean, esaterako, kantariak berberak dira ia beti. Musika klasikoa eta folklorikoa kantatzeko, berriz, taldeak aski handiagoa behar du izan, eta kantari desberdinek hartzen dute parte proiektuaren arabera. Jazzy Leap-en taldea itxia da, eta txikixeagoa. Azkenik, Heptameron taldea dugu, eta emakumez dago osatua.
Nola sortu zen talde hori eratzeko ideia?
Ikusi genuen emakumezkoen ahotsak izugarri onak zirela gurean, eta pentsatu genuen gauza oso interesgarriak egin zitezkeela. Gainera, oso garrantzitsua da historikoki emakumeek egindako sorkuntza artistikoei erreparatzea. Ez bakarrik emakumezkoak direlako, jakina. Esan beharrik ez dago sekulako kalitatea duten lan askori ez zaiela aitortzarik egin egileak emakume izate hutsagatik. Horregatik ikusten dugu beharra. Gainera, aldarrikapenak egiteko bide ederra da artea.
Taldea Beatriz Agirrek zuzentzen du, denbora laburra daramate, baina sinetsia nago taldeak etorkizun oso ona duela.
Nola deskribatuko zenuke entitatea gaur egun?
Seriotasunez eta zintzotasunez lantzen dugu musika. Ahalegintzen gara beti musika lanaren sortzailearekiko errespetu handiz aritzen, eta musika bera ere errespetatzen. Interpreteak nolabaiteko askatasuna izatea ere beharrezkoa da, baina kontu handiz egin beharra dago konpositoreari eta lanari traiziorik ez egiteko.
Zergatik ematen diozue lehentasuna bertako musika-lanei?
Konpromisoa hartu dugu bereziki gure herrialdearekin lotutako musika zabaltzeko, hein handi batean gure musikak egin baikaitu ezagun munduan. Jendea ez da ohartzen Euskal Herriak eta, zehazki, Nafarroak nazioarteko musika sorkuntzari egin dion ekarpenaz, Mendebaldeko kulturari bereziki. Deus gutxi dakigu orokorrean. Horregatik guztiagatik, garrantzitsua iruditzen zait kanpora salto egitea, baina beti jakinik nondik abiatu garen.
Berriki, bat egin duzue Nafarroako hainbat kultur eragilek koronabirusaren krisiaren harira kaleratutako manifestu batekin. Zer salatu nahi duzue?
Guztioi eragiten digun hondamendi honetan gu ere kontuan har gaitzaten nahi dugu, eta, bestalde, ohart daitezen zenbat ematen dion kulturak gizarteari. Nire ustez, behintzat, premia beharrezkoen artean dago kultura, baina, oro har, ez dugu ikusten kulturak askatasuna ematen duela. Horrek, baina, kritikoago ere bihurtzen gaitu, eta agintariek badakite hori ez zaiela komeni.
Itxialditik modu mailakatuan ateratzen bagara, askok diote kultura izanen dela azkenetakoa jardunera itzultzen.
Zoritxarrez, kultura hutsaren hurrengoa da askorentzat. Batzuek aisialdi soil gisa ikusten dute, eta hori ez da hala, nik uste dut kontrakoa dela guztiz. Seguru nago kultura buru asko salbatzen ari dela krisi gogor honetan. Gure barrenarekin komunikatzen laguntzen digu, eta besteekin enpatiaz jokatzen ere bai. Behar-beharrezkoa dugu beti, eta, orain, are gehiago.
Nola eragin dizue krisiak zuei?
Aurreikusita genituen kontzertu guztiak oraingoz bertan behera utzi behar izan ditugu. Martxoaren 21ean oso hitzordu garrantzitsua genuen, Madrilgo Auditorium Nazionalean kantatu behar genuen, Bach Vermut zikloaren barrenean. 2.000 sarrera baino gehiago saldu ziren. Zorionez, atzeratu eginen da, eta aukera dagoenean kantatuko dugu.
Zuen eguneroko jardunean, nola ari zarete moldatzen?
Saiatzen ari gara abesbatzako kideekin etengabe harremanetan egoten. Partiturak bidaltzen dizkiegu, ahal den neurrian ikasteko. Oraingoz ez dugu entsegu birtualik egin, baina ez dut baztertzen.
Nola espero duzue gauzek aurrera egitea?
Musika egitea maite dugu; kantatzeko bat eginen dugu baimena izan bezain laster. Egoerari nola eginen diogun aurre, arrastorik ere ez. Ziurgabetasuna erabatekoa da.
Irudia: Mikel Legaristi.