Enegarren kolpea pilotari

Enegarren kolpea pilotari

Edurne Elizondo

“Zazpi saio, azken urteotan”. Erriberan golf zelai bat eraikitzeko egon diren egitasmoez ari da Eduardo Navascues. Denak hutsean gelditu direla nabarmendu du Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideak. Behintzat, orain arte; Tuterako Udalak azken hilabeteotan egindako urratsek, baina, egoera aldatzeko atea ireki dute: hirian golf zelai publiko bat egiteko Graas elkarteak sustatutako asmoa jaso du udalak bere Lurraldearen Okupazioaren Udal Estrategian.

“Erriberan aspalditik egon da jende multzo bat golf zelai bat eraikitzeko asmoa bultzatzen; asmo horren atzean daude eraikuntza enpresen arloko interesekin lotutako pertsonak”. Hori argi du Navascuesek, eta horren adierazgarri aipatu ditu mahai gainean egon diren azken egitasmoak: 2000ko hamarkadan, Tuteran, Eco-City proiektua garatu nahi izan zuten, eta helburua zen 3.500 biztanle inguru izanen zituen auzo berri bat eraikitzea, golf zelai batekin, bertzeak bertze; Fontellasen, berriz, Monrepos eraikuntza enpresak herri horretako Cerro Fontellas kirol elkartearekin egin zuen bat, etxebizitzak eta golf zelai bat eraikitzeko.

Bi proiektuon bideragarritasunik ezak utzi zituen hutsean golf zelaia egiteko asmoak; Fontellaskoa egiteko proiektua onartu egin zuen Nafarroako Gobernuak, halere. “Ez zuten egin, behar zuten dirua ez zutelako lortu, baina proiektu horren udalez gaindiko eragina duen plana indarrean da, oraindik ere”, gogoratu du Eduardo Navascuesek.

Fontellasko proiektuak huts egin eta gero sortu da Tuterako azkena, Ekologistak Martxan taldeko kideak erantsi duenez. Iazko martxoan, Graas izeneko elkartea aurkeztu zuten Erriberako hiriburuan, Tuteran golf zelai publiko bat egin dezatela eskatzeko. Aurkezpen ekitaldi horretan parte hartu zuten Graas elkarteko presidente Ignacio Lopezek eta Nafarroako Golf Federazioko buru Joaquin Anduezak, bertzeak bertze. “Tuterako UPNko alkate ohi Luis Casado ere han zegoen”, gaineratu du Navascuesek.

Casadok 2015ean amaitu zen legegintzaldian utzi zuen postua; duela bost urteko maiatzean egindako hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuen, hamabi urtez Tuterako alkate izan eta gero. 2015eko hauteskundeetan udal gobernutik at gelditu zen UPN, eta Ezkerra, Tudela Puede eta PSNk hartu zuten agintea.

Hiruko udal gobernu horrek martxan jarri zuen, berriz ere, 2009tik ukitu gabe egon zen Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra osatzeko prozesua. Lehen urratsa izan zen Lurraldearen Okupazioaren Udal Estrategiaren agiria garatzea. “Legegintzaldia amaitu baino lehen, estrategia behin-behinean onartu genuen”, azaldu du hiruko udal gobernuarekin Tuterako ingurumen zinegotzi izan zen Olga Risueñok.

Behin-behinean bai; ez, ordea, behin betirako. Azken urrats hori oraindik ez du egin Tuterako Udalak, hain zuzen ere, eta noiz eginen duten ere ez dago argi, hiriko agintarien jarduera egungo alarma egoerak baldintzatu baitu. Kontua da azken hauteskundeetan Navarra Sumak lortu zuela Tuterako Udaleko agintea, eta koalizio horrek jaso egin ditu, estrategia behin-behinean onartu eta gero, testua moldatzeko egindako iradokizunak. Horietako bat da Graas elkarteak aurkeztutakoa, hirian golf zelai publiko bat eraikitzeko asmoz.

“Egoera ez da samurra guretzat; estrategia guk garatu dugu, baina ezezkoa eman beharko diogu, golf zelaia egiteko aukera zabaltzen badu”, nabarmendu du Risueñok. Argi utzi du estrategiak golf zelaia eraikitzeko asmoa jasotzeak ez duela erran nahi proiektua garatu eta gauzatuko dutenik. “Estrategiaren asmoa da zehaztea zer-nolako azpiegiturak nahi ditugun hirian, nolako garapena nahi dugun. Ez gara orain proiektu zehatz bat eztabaidatzen ari”. Egoerak, halere, kezka eragin dio Tuterako zinegotziari: “Golf zelai bat egiteko asmoa jasotzen duen estrategia onartuz gero, proiektu hori errealitate bilakatzeko aukerari atea zabaltzen diogu. Ez hori bakarrik; eginez gero, non egonen litzatekeen ere zehazten dugu”, azaldu du.

“Egitasmo elitista bat”

“Lotsagarria da. Egitasmo elitista bat da”, nabarmendu du Eduardo Navascuesek. 2008. urteko Eco-City proiektua bizi-bizi du memorian, garai horretan egin zuelako bat Erriberako Ekologistak Martxan taldearekin. “Prozesu luze eta gogorra izan zen, baina borroka irabazi genuen”, gogoratu du.

Fontellasko egitasmoaren kasuan, arazo nagusia dirua izan dela nabarmendu du Navascuesek. Monrepos eraikuntza enpresa izan zen proiektua bultzatu zutenetako bat, eta etxe hori hartzekodunen konkurtso batean sartuta dela erran du. “Beren hasierako asmoa zen hemezortzi zuloko zelai bat egitea; Cerro Fontellas kirol elkarteak jarriko zuen lurra, eta enpresak obra ordainduko zuen zelaiaren inguruan eraikitako etxebizitzen salmentaren bidez. Gero, zelai txikiago bat egitea proposatu zuten, baina asmo horrek ere ez zuen aurrera egitea lortu”, kontatu du Navascuesek.

Golf zelai publikoa

Oraingoan, Graas elkarteko kideek golf zelai publiko bat bultzatu nahi izan dute. “Tuterako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren parte hartzea beharko luke”. Graasek duela urtebete eman zuen bere asmoen berri, baina orduan urratsik ez egitea erabaki zuten ekologistek. “Elkarteak nahi duena eskatzeko aukera du”. Orain, proiektuaren aurka egitea erabaki dute, Tuterako Udalak asmo hori jaso eta gero proiektua gauzatzeko prozesua martxan jar daitekeelako.

Apirilaren 21ean, Ekologistak Martxan taldeak bilera batera deitu zituen herritarrak, baina ezin izan zuten egin, martxoan osasun krisiak eragindako alarma egoera indarrean sartu eta gero. “Baina ez genuen deus egin gabe egon nahi”, erantsi du.

Ekologistek argi dute Erriberako herritarrek golf zelairik ez dutela behar, ezta nahi ere. Aurreko legegintzaldian hamaika bilera egin zituzten Tuterako Udaleko agintariek hiriko herritarrekin eta elkarteekin, Lurralde Antolamenduaren Udal Estrategia prestatzeko, baina egindako bilera eta jardunaldi horietako bakar batean ere ez zuen inork aipatu golf zelai bat egiteko aukera. “300 orriko dokumentu bat osatu genuen, herritarrekin behin eta berriz hitz egin eta gero; Tuteran ez du inork horrelako azpiegiturarik eskatu”, nabarmendu du Olga Risueñok.

Graas elkarteko kideek, hasieran, zelaia eraikitzeko balizko hiru toki aztertu zituzten, baina, Tuterako Udalak jasotako iradokizunaren testuan, azkenean bat aukeratu zuten: Valdetellas izeneko eremua. “Ureztatzeko lurrak dira eremu horretakoak; nekazari handientzat balio handiko lurrak, alegia”, azaldu du Navascuesek. Ekologistak harremanetan jarri dira jada UAGN sindikatuko arduradunekin, eta, antza, UAGNko kideek ere ez dute ontzat jo Tuteran golf zelai bat eraikitzeko aukera.

Ingurumenaren ikuspuntutik, asmo horrek inolako zentzurik ez duela erran du, argi eta garbi, Eduardo Navascuesek: “Tuteran euri gutxien egiten duen tokietako bat da hori; golf zelai batek behar duen ur kopurua beldurgarria da. Erriberako nekazariak urte luzez aritu dira erraten ura behar zutela beren lurrentzat; Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea egin eta gero, agerian gelditu da proiektuon errentagarritasunik eza; lehen faseko nekazari batzuek uko egin diote Itoizko urari, garestiegia delako. Eta orain, zer, eta golf zelai bat egin nahi dute batzuek, pilota bati kolpeak emateko. Ez dute lotsarik”, salatu du, gogor, Ekologistak Martxan taldeko kideak.

Ekologistek bilera bat eskatu diete Tuterako Udaleko Hirigintza arduradunei, baina ez dute erantzunik jaso, orain arte. Oraindik ez dute zehaztu Lurralde Antolamenduaren Udal Estrategia behin betiko onartzeko data, baina ekologistak jada alarma egoeran dira.

Goiko irudia: Cerro Fontellas kirol elkartea.