Iritzia: Etxea, kale

Lohizune Amatria

Matxinada eguna, ez atseden eguna”. Gaurkoa halakoa izanen zela agindu zuen 1885. urtean eskurik esku Ameriketako Estatu Batuetako langileen artean zabaldu zen eskuorriak. Gehiago ere aurreikusten zuen M-1ari buruz: “Egun bat non, izugarrizko indarrez, langileen armada batuta mobilizatuko den gaur egun herri ororen etorkizuna mendean daukatenen aurka. Zapalkuntza eta tiraniaren aurka, ezjakintasunaren eta edozein motatako gerren aurka protesta egiteko eguna”.

Zortzi orduko lanaldia eskatzeko, greba orokorra abiatu zuten gaurko egunez AEBetan, 1886an. Horregatik da gaur jaieguna. Horregatik, eta greba horren ondorioz langile asko hil eta ehunka atxilotu zituztelako. Gertaera hura gogoan izanen genuela Bigarren Internazionalaren Kongresuak erabaki zuen, 1889an, Parisen. Baina zenbatek izan dugu hura gogoan gaur? Eta iaz?

1890ean hasi ziren Euskal Herriko langileak Maiatzaren Lehenean kalera ateratzen. Ez da lan erreza izan, baina, askorentzat; kasu honetan ere indarkeriaz erantzun izan zaielako mobilizazioei. Maiatzaren Leheneko manifestazioak debekatu zituzten, esaterako, frankismo garaian. Sindikalista eta langileak atxilotu eta erbesteratu zituzten; eta, trukean, ekitaldiak meza bilakatu eta dantza eta futbol partidak antolatu zituen estatuak.

Gaur antzeko zerbait gertatuko delakoan nago. Dudarik gabe garrantzitsuak diren langileen lana goraipatzeko baliatuko dute askok eguna. Baliteke gaurko txalo zaparrada luzeagoa izatea. Eta ez da gutxiagorako, baina aitortzatik harago gehienentzat eduki aldarrikatzailerik gabeko eguna izanen delakoan nago.

Inoizko irudirik bitxiena utziko digu gaur maiatzaren lehenengoak. 1976an egin zen ofizial Hego Euskal Herrian Maiatzaren Lehena. Manifestazio jendetsuak izan ziren hasierako urte horietan, baina denborarekin gutxituz joan dira protestariak kaleetan, eta gaur ez da bat bera ere izanen.

Bozgorailu bakanen batetik, agian, adituko da inon Internazionala abestia. Baina, segur aski, gehiago izanen dira ResistirĂ© adituko dutenak. “Gora langileon borroka” eltzeen kolpeek eta autoen bozinek oihukatuko dute eta leloak begien aurrean izanen dituztenak aurreko bizilagunak izanen dira. Beste egun bat etxean; eta gure etxea bizileku, lantoki eta kale, aldi berean.

Kapitalismoaren benetako aurpegia agerian utzi nahi zutela zioten iaz sindikatu abertzaleek. Gure aurrean biluztu da bada azkenaldian, eta aurpegirik krudelena erakutsi digu. Gutxi batzuen interesen truke eta askoren bizitza arriskuan jarriz, ez dute makineria gelditzen utzi. Telelana, tele-ikasketak edo tele-aisia egiteko aukerarik ez dutenak gehiegi zirela bagenekien, baina zenbakiak izugarriak dira. Bitartean, gero eta murritzagoa da etorkizunaz erabakitzeko eskubidea.

Inoiz baino argiago ikusten dut nik osasun eta zaintza sistema birpentsatu, sektore publikoa sendotu eta ekoizpen eta kontsumo jasangarria bilatu behar ditugula. Bizitzak erdigunean behar ditugu. Atsedenerako tarterik ez dago. Matxinatu.