“Asma duten anitzek ez dute behar bezala kontrolatzen gaitza”

Edurne Elizondo

Oliveto kondearen etorbidean du egoitza Nafarroako Alergologia Zerbitzuak. Han du kontsulta Esozia Arroabarren medikuak (Elizondo, 1974), baina gaixorik ez da zentroan egunotan, koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz. “Telefonoz ari gara jendea artatzen”, azaldu du alergologoak. Ospitalean ere aritu da lanean, hilabete batez, COVID-19 gaitzari aurre egiteko ahaleginean diren gainerako espezialistekin batera.

Nolakoa izaten ari da konfinamenduaren garaiko lana zuentzat?

Alarma egoerak eragin dio gure egunerokoari, noski. Proba batzuk atzeratu egin behar izan ditugu, arriskutsuak direlako orain: arnasa proba guztiak gelditu dira bertan behera, oraingoz. Beraz, egin gabe dauden diagnostikoak badira. Gaixoak kontsultara joan beharra eskatzen duten gainerako probak ere atzeratu ditugu. Lan gehiena telefonoz egiten dugu, gaixoekin hitz eginez, edo, haurren kasuan, gurasoekin. Egoera horretan, egiten ditugun galderen bidez, susmo diagnostiko bat da egiten duguna, eta horren araberako gomendioak ematen dizkiegu gaixoei. Errezeta elektronikoa dugunez, gainera, botikak emateko aukera ere badugu, alergien sintomak arintze aldera. Ahal duguna egiten dugu.

Alergia eta asma dutenei eragiten ahal die itxialdiak?

Jende anitz udaberrian baino ez da oroitzen alergiekin. Polenari izaten ahal diogun alergia bertzerik ez dela existitzen uste dute, baina ez da egia, noski. Akaroei edo animaliei alergia dietenak, adibidez, okerrago egonen dira egunotan, etxe barruan. Finean, etxe barruko alergenoek gaixotzen dituzte, eta, ondorioz, etxe barruan denbora gehiago egoteak ez die onik egiten. Polenari alergia diotenak, berriz, etxean hobeki egonen dira, kanpoan baino.

Alergiak dituzten haurrekin egiten duzu zuk lan batez ere.

Bai. Gaixo alergiko gehienak umeak izaten direlako, hain zuzen. Osasun krisia hasi zenetik, gaixo berriak artatzeko itxaron zerrendak behera egin duela iruditzen zait, familia medikuak jende gutiago bidaltzen ari direlako. Atzerapenak izango dira jada hasita ziren prozesuetan: gaixoak gauza bati edo bertzeari alergia dion edo ez jakiteko probak hasi baina bukatu gabe daudelako, alegia. Medikuon agendari eraginen dio egoera horrek, batez ere. Halere, gure espezialitatean gauza anitz atzeratzen ahal dira, arazorik eragin gabe.

Asmaren Nazioarteko Eguna izan da maiatzaren 5a. Arrisku talde bat dira asma dutenak egungo osasun krisiaren testuinguruan?

Ikusi dugunaren arabera, gaixotasun alergikoak dituztenek ez dute arrisku handiagoa gaitza hartzeko. Baina garrantzitsua da gaixo horiek beren tratamenduekin jarraitzea eta, botikak hartzen badituzte, ez uztea. Pentsatu genuen gerta zitekeela gaixo berriek nahastea alergia baten edo asmaren sintomak eta COVID-19arenak. Lehendik diagnostikoa dutenen kasuan, gaixoak gai izaten ohi dira beren sintomak interpretatzeko. Kasu berrietan zalantza gehiago izan zitekeela uste genuen, baina ez da horrela izan; ez da arazo handirik sortu.

COVID-19 dutenak artatu dituzue?

Nik COVID-19a zuten gaixo batzuk artatu ditut. Azterketa fisikoa egiterakoan, entzuten dituzun soinuak pneumonia baten soinuak dira; asmarenak bertzelakoak dira.

Ospitalean ere izan zara, beraz?

Bai. Ospitaleetan COVID-19a duten gaixoak artatzeko taldeak indartzeko lanean aritu gara. Gure zerbitzutik, zehazki, lau alergologo egon ginen ospitaleko medikuekin lanean, espezialista ezberdinekin. Hilabete batez-edo egon ginen ospitalean, baina hasi gara jada nor bere postuan lanean, berriz ere.

Zergatik da garrantzitsua asmaren eguna izatea?

Asma duten pertsona anitz badira, eta, nahiz eta gero eta botika gehiago egon eta gero eta arreta hobea eman, jende anitzek ez du behar bezala kontrolatzen bere gaitza. Horregatik da garrantzitsua horrelako egun bat izatea.

Diagnostikoak falta direlako diozu ez dagoela kontrolatua?

Badira diagnostikoa jaso ez duten gaixo asmatikoak; gertatzen da, halaber, jende anitzek beldurra diela, oraindik ere, asmarako dauden botikei; inhalatutako kortikoideek fama txarra dute oraindik ere; jendeak konfiantzarik ez badu asmari aurre egiteko erremedioekin, horrek erran nahi du krisi gehiago izaten direla, sintoma gehiago… Kontrola, noski, ez da behar dena, eta horrek bizi kalitateari ere eragiten dio.

Zein da konfiantzarik ez horren arrazoia?

XX. mende erdian hasi zen kortisona ezagutzen, guti gorabehera. Sekulako abantaila izan zen horrelako botika bat izatea gaixotasun anitz tratatzeko. Eragiten zituen albo kalteak beranduago ezagutu ziren, eta fama txarra hartu zuen. Kortikoideak har daitezke hamaika modutara: inhalatuz, pilulen bidez eta abar… Dosia ere ez da beti bera, eta izan ditzaketen albo kalteak ere ez. Baina gaixoek kortisona hitza entzuten dute eta iruditzen zaie txarra dela.

Aurtengo Asmaren Nazioarteko Egunak gaitz horrek eragindako heriotzak jarri nahi izan ditu erdigunean. Asmak hiltzen du, oraindik ere?

Hiltzen ahal du. Badira asmak eragindako arrisku faktoreak, eta horiek heriotza eragin dezakete. Asmaren larritasuna aldatzen da gaixo batetik bertzera, baina, betiere, inportantea da tratamendua ez uztea. Ongi sentitzen bada ere, medikuak errandakoa egin behar du gaixoak. Ez da ona tratamenduak uztea medikuaren aholkua jaso gabe.

Haurrekin zaila da tratamenduaren beharra azaltzea?

Haurrek nahiko ongi hartzen dituzte tratamenduak. Egoera zailagoa izaten da nerabeen kasuan, adibidez.

Zergatik?

Gertatzen da tratamendua uzten dutela, edo kexu direla gaixotu direlako. Erretzen ere hasten dira. Eta horrek eragiten dio, noski, haien osasunari. Haur txikiagoen kasuan, gurasoek izaten dute tratamenduen ardura, eta ongi betetzen dituzte. Nerabeekin zailagoa da, beren kabuz erabakitzen baitute zenbaitetan tratamendua uztea.

Etxean itxita edo kalean maskara jantzita: imajinatzen zenuen horrelako zerbait gerta zitekeenik?

Ez, inondik inora ere. Ez nuen sekula pentsatu horrelakorik gerta zitekeela. Horrelakoak zineman ikusten ditugu; fikzioa ziren guretzat orain arte. Eta ezin sinetsirik gaude oraindik ere, egia erran.