Bueltan dira aitzur kolpeak

Bueltan dira aitzur kolpeak

Uxue Rey Gorraiz

Ez goldearekin lurra harrotzerik, ez aitzurtzerik, ez gorozterik, ezta hazirik ereiterik ere. Iragan den larunbatera arte, maiatzaren 2ra arte, baratzera joatea debekatua izan da Nafarroan. Orduraino, elikagaiak biltzeko baizik ez zuten beren lurrak bisitatzeko baimena baratzezainek, eta muga horiek sumina sortu zuten askorengan. Horiek horrela, sinadura bilketa bat egin zuten protesta moduan, eta Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzari eraman zizkioten apirilaren 29an. Biharamunean, araudiaren aldaketaren berri eman zuen Madrilek, baratze lana baimenduko zela esanez.

Nafarroako 300 entitatek baino gehiagok adierazi zuten ez zeudela konforme ordura arte Espainiako Gobernuak erkidegoan ezarriak zituen neurriekin, eta, horregatik, bat egin zuten EHNE sindikatuak, Nafarroako Ekoizpen Ekologikoaren Kontseiluak eta nekazarien eta ekologisten beste talde batzuek argitaratutako manifestuarekin. Egin dezagun planto: Nafarroak bere baratzetik jan nahi du, jarri zioten izenburu testuari. Haren sustatzaileek eta sinatzaileek gogor kritikatu zuten araudia, eta eskatu zuten “berariaz eta interpretaziorik gabe” eman zezatela baimena “autokontsumorako elikagaiak ekoizteko behar diren jarduera guztiak” egin ahal izateko baratzeetan; alegia, bilketa hutsera mugatu beharrik gabe.

Administrazioak autokontsumorako baratzeen zeregina gutxietsi duela kritikatu dute entitateek. “Baratze-lana aisialdia besterik ez balitz bezala hartu dira erabakiak”, azaldu du Imanol Iberok, Nafarroako EHNEko lehendakariak, eta gaineratu du baratzeak hori baino askoz gehiago direla. “Ohitura zaharren gordeleku dira, bertako landare mota askorenak ere bai, eta, jakina, elikagai iturri dira Nafarroako etxe askorentzat”.

Iberoren ustez, baratzeek funtzio horiek dituztela ukatzeak kontsumo eta sorkuntza eredu jakin batera darama jendea. “Beregain izateko aukera ematen diguten espazioak dira, eta bistan da, alde horretatik, gizartearen logikarekin talka egiten duela”. Dena dela, ez du uste debekuaren atzean “maltzurkeria intentziorik” egon denik, eta beste ideia batzuei leporatu die gertatutakoa: “Arauak hirietara begira egiten dira beti”.

Zer, non eta nola

Izan hirietan edo landa eremuan, honakoa da gaur egun baratze-lanari buruz indarrean dagoen araudia: baratzeetara joaten ahal da jendea, barazkiak biltzeko eta lurra eta landareak zaintzeko, baina mapari erreparatu beharko dio lehenbizi. Izan ere, baratzea norbera bizi den udalerrian bertan edota aldamenekoan baldin badago baizik ez da onartuko bertaratzea.

Salbuespen bakarra dago halakoa posible izan dadin: bertan animaliarik baldin badago, ez da debekurik izanen urrutiago joateko. Bestalde, derrigorrezkoa da bakarrik joatea, non ez den adin txikikoei, zaharrei edo premia bereziak dituzten pertsonei laguntzeko. Hala eta guztiz ere, gomendatu dute ahalik eta gutxienetan joatea.

Baratzezainek pozik hartu dute debeku neurrien arintzea, ikusi baitute, oro har, erantzuna eman zaiela manifestuan egindako eskakizunei. Imanol Iberok aldarrikapenek izandako indarra azpimarratu du: “Batzuetan ez dugu sinesten sinadura batekin zerbait lor daitekeela, baina balio du estutzeko”. Dena dela, azaldu du ez daudela guztiz ados Madrildik agindutakoarekin, zehazki geografikoki mugak ezartzearekin, eta “malgutasuna” eskatu die agintariei, baratzea edonon egonda ere landu ahal izateko.

Sindikatu eta elkarteekin batera, hainbat udalek ere sinatu zuten autokontsumorako baratzeen aldeko manifestua, hala nola Tafallak, Agoitzek, Altsasuk, Berriozarrek, Lizarrak eta Erriberrik. Alejandro Antoñanzas Nekazaritza eta Industria zinegotzia da Erriberrin, eta kontatu du herriko baratzezainen kezka nabarmena dela itxialdia hasi zenetik. “Ziurgabetasuna handia izan da, eta, azkenaldian, baratzeen araudiari buruzkoak ziren telefonoz egiten zizkiguten galdera asko”. Atseginez hartu dute araudi berria. Zinegotziak azaldu du, bestalde, Erriberrin askok dituztela horrelako baratzeak, eta kopurua handituz doala urtetik urtera. Antoñanzasen iritziz, gainera, autokontsumorako baratze horiek “are inportanteagoak” izanen dira hemendik aurrera, herriko jendea hasi baita dagoeneko askok aurreikusi duten krisi ekonomikoaren kalteak nabaritzen.

Krisi horri aurre egiten laguntzeko erreminta egokiak izan daitezke baratzeak, Iberoren ustez, eta sinetsia dago administrazioak bultzatu egin beharko lituzkeela horrelakoak. Nabarmendu du baratzeek “askatasuna” ematen dietela erabiltzaileei elikaduraren aldetik burujabeak izateko, hein batean behintzat.

EHNEren datuen arabera, 15.000 baratze baino gehiago daude Nafarroan autokontsumora bideratuta. Aitor Arana iruindarrak, adibidez, Txantreako Magdalenan du baratzea. Aranaren etxean, beren baratzean bildutako barazkietan oinarritzen dute elikaduraren parte handi bat, eta, produktu horiek erosteko aukera izanda ere, nahiago dute beren lurrean landatuak kontsumitu. Azaldu du ez dela erraza izan baratzea ongi zaindua mantentzea aurreko araudia indarrean izan den denboran. “Hain justu, lurra prestatu eta udarako barazkiak landatu behar ziren garaian harrapatu gintuen debekuak”.

Baratzeen zainketa behin-behinean geldirik egon izanak kalteak eragin ditu, baina Iberok azaldu du “zorionez” oraindik garaiz dela udako produktuak landatzeko. Gaineratu du, bestalde, “baratzea legearen gainetik” jarri izanak asko lagundu duela. “Eskerrak jendea zentzuduna izan den eta pixka bat desobeditu dituen arau burugabe horiek”, azaldu du Iberok.

Denak ez dira berdin egitera ausartu, ordea. Bestela bizi izan du kontua Esperanza Elzaurdiak. Igantzin du baratzea, etxetik 500 metrora. “Beldurka aritu ginen. Herri txiki-txikia da, baina foruzainak eta guardia zibilak hemen ibili dira anitzetan, eta ez nuen isunik jaso nahi”. Arindu ederra hartu du jakinda baratzera joaten ahal dela orain. “Eskerrak, ereiten ez duenak ezin baitu bildu!”, esan du, pozik.