Iritzia: Apirila, hil hila

Iritzia: Apirila, hil hila

Amets Aranguren Arrieta

Egunero ikasten du kantu berri bat txirularekin patioa gurekin partekatzen duen bizilagun batek. “Eta zein da problema?”, pentsatuko duzue askok. Eskolako txirula horiarekin egiten du.

Aitortuko dizuet, hasia naiz te poltsatxoek dakartzaten mezu superpositibista happyflower-ak irakurtzen, eta ez dakit zenbat aldiz eman diodan dagoeneko bostekoa Fausto Murillori, galdu egin dut kontua.

Tarte horretan irakasle bat mozkor heldu da teleklasea ematera, Klimten Musua koadroa etzanda ikusi dut, eta pareko atikoko gizonak Veinte años jo du gitarraz. Grabatu dut, baina ez diot inori bidali.

Hilabeteei kanpotik begiratzeko aukera eman dit konfinamenduak, nahiz eta inoiz baino barrurago egon eta, konturatu naiz, ez dago hain hurbil hilabeteak eternitatea zireneko garaia. Lotarako arazo handirik ez dut izan, baina egia da ez dudala gogoan non jartzen nituen besoak lehen, beti izan dira horrelakoak? Zer egiten nuen haiekin?

Gaur maiatzak bi ditu, ohetik altxatu eta balkoira egin dut. Plaza ederra dugu etxe parean, eta gaurkoan, gainera, Arane entzun dut oihuka. Ez dut ezagutzen, baina hau poza. “Bat, bi eta hiru” esan, eta bankutik aitaren besoetara egin du salto. Behin eta berriz. Barrura sartu, eta gosaltzeari ekin diot, arratsaldeko paseoa buruan irudikatzen dudan bitartean.

Beti bezala, planeaturikotik deus ez. Arga ingurura egin dut, pasareletara. Han naiz geratua aspaldi ikusi ez dudan lagun batekin, eta, bai, gutaz aparte Iruñeko merindade osoari okurritu zaio bertara joatea. Bueno, topatu dut laguna, eta hasi gara paseoan. Hazi eta dena egin naizela esan dit (altueran).

Txakurrari bainatzen utzi eta gero, harresien inguruan jarraitu dugu paseoan, berriz alde zaharrean sartu garen arte. Adokin, pareta eta balkoi bakoitzari inoiz baino adiago begiratzen niela, Nahiaren balkoipean gelditu, eta oihu egin dut “Nahia!”, “Nahia, June!”, “Nahia, June, Nekane!”. Nekane, atera, eta esan dit Nahia eta June paseoan daudela. Batzuei tontakeria irudituko zaizue, baina holakoak nik pelikuletan eta gurasoen ahotik besterik ez nituen entzunak. 70eko hamarkadan sentitu naiz.

Lehendik ere ba omen zeuden zuhaitz, etxe eta harri horiek denak hor, baina gaur dira lehendabiziko aldiz subjektu eta ez objektu. Paseoa kalerik lasaienetatik bukatzea erabaki dugu, jende gehiegi izaten ez duten horietatik, alegia, eta bat-batean norbaitek hots egin digu. Txabo da, bere etxe berriko balkoi loretsutik.

Kale horri egiten zaion gutxiespenaz aritu gara, eta baita, parean, oraindik ere, Elizak dituen jabetza horiekin guztiekin zer eginen genukeen pentsatzen. Eta, gutxinaka, azkenean, erretirada egin dugu etxera. Lagunok, zenbat gauza pasatzen ahal diren hiru ordutan.

Sukaldeko mahaiaren bueltan eseri eta datorkiguna nolakoa izanen den hasi naiz pentsatzen. Eta, zer nahi duzue esatea, ni pozten nau uztailaren 9an urtebetetzea nahi dudan koloretako soinekoa jantzita ospatuko dudala pentsatzeak.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku