Edurne Elizondo
Auzo bat bizitzeko, edo auzo bat kontsumitzeko; auzo bat zaintza sustatzeko, edo auzo bat espekulazioari eta negozioari emateko. 2018ko ekainean, Iruñeko Alde Zaharrean sortu berri zuten Pisutekako kideek orriotan nabarmendu zuten “bi auzo ereduren talka” zegoela hiriburuko zati horretako karriketan. “Bizilagunentzako auzo baten aldekoa” zen orduko haien apustua, eta berretsi egin dute orain, koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoeraren testuinguruan: nahi duten auzoa eraikitzeari ekin diote, zaintza sare bat sortuz, auzolana bultzatuz, eta osasun krisiak ekarri duen etxebizitzaren arloko espekulazioa salatuz.
Gentrifikazioak eta turistifikazioak jo ditu Europako hiri anitz, azken urteotan. Euskal Herrira ere ailegatu dira prozesu horiek, bai eta Iruñera ere, nahiz eta Bilbon edo Donostian baino neurri apalago batean garatu. Arazoari “berandu baino lehen” eutsi nahi izan diote hiriburuko Alde Zaharreko bizilagunek, eta anitz dira azken urteotan auzia jorratzeko eta konponbideak bilatzeko egin dituzten jardunaldiak eta sortu dituzten taldeak: etxebizitza, aisialdia eta bertze hainbat gai landu dituzten plataformak osatu dituzte, eta gehienek AZ Ekimena izeneko proiektuan egin dute bat.
Bizitzeko Alde Zaharra plataforma da Iruñeko auzo horretan mamitu direnetako bat. Espainiako Gobernuak alarma egoera indarrean jarri bezain pronto ekin zioten lanari talde horretako kideek. “Nahi dugun auzo eredua gauzatzen ari gara, finean”, azaldu du plataformako kide Leticia Molinak. Auzolana eta zaintza ditu oinarri eredu horrek, hain zuzen ere, eta bizitzeko auzo bat aldarrikatu nahi du, batez ere. Horregatik, zaintza sarea osatzea izan zen egin zuten lehendabiziko urratsa: “Berrehun pertsona baino gehiago gaude sare horretan. Beharrak non dauden zehaztu dugu, bai eta sareko kide direnak non bizi diren ere, laguntzaile bakoitzak bere lana ahalik eta ongiena egin dezan; informazio horri esker errazagoa da nor eta nora bidali jakitea”.
Plataformako kideak harremanetan dira Iruñeko Udalarekin eta auzoko osasun etxeko arduradunekin, gainera, laguntza behar duten bizilagunak identifikatzeko.
Josi eta Josi izeneko taldea ere martxan jarri du plataformak. Hogei bat pertsonak egin dute bat, maskarak josteko eta banatzeko. “Mila baino gehiago eman ditugu jada”. Karrikan, hain zuzen ere, bizilagunen esker ona jaso dutela nabarmendu du Molinak, eta hori da gehien pozten duena: “Itxialdian denon baldintzak hobetzeko egin dugu bat, eta hori lortzeko ari gara lanean. Bizilagunen esker onak erakusten digu ongi ari garela”, nabarmendu du.
“Sarea indartu”
Karrikan egindako lan horri esker, plataforma ezagutzen ez zuten anitzek haiekin bat egin dutela erantsi du Molinak, eta, ondorioz, “sarea indartzea” lortu dutela. Auzoko denda txiki eta ertainen berri emateko kanpaina ere egin dute, tokiko eta hurbileko produktuen alde egiteko, eta auzoko dendariek ekinaldia “ederki” hartu dutela azaldu du Leticia Molinak. “Gero eta jende gehiago dago laguntzeko prest”, nabarmendu du. Auzokoak auzoa egiteko gogoz dira, finean.
Bizitzeko auzo bat nahi dutela argi dute Alde Zaharreko herritarrek, hain zuzen ere. Horregatik, etxebizitzaren auzia bereziki jorratu duten gaietako bat izan da AZ Ekimeneko kideentzat eta proiektuaren barruan diren talde anitzentzat. Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideek ez dute esparru hori bazter utzi, alarma egoerak baldintzatutako egungo testuinguruan, eta salatu dute, hain zuzen, “gehiegikeriak” gertatzen ari direla.
“Iruñeko egoera aztertzen hasi baino lehen, Madrildik ailegatu zitzaigun berria: hogeita lau orduan, 230 etxe jarri zituzten alokairuan; noski, turistentzako etxeak ziren guztiak”. Itxialdiaren ondorioz, turistentzako etxeak alokatzeko negozioak behera egin du, eta etxebizitza horiek “merkatu arruntera” ailegatu dira, nolabait erranda.
Iruñekoa ez da Madrilgo egoeraren parekoa, baina bada zer salatu, Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kidearen hitzetan: “Denbora tarte labur batean alokairuan emateko etxe asko agertu dira Iruñeko Alde Zaharrean”. Idealista-ren gisako webguneak aztertu dituzte, zehazki. “35 etxe inguru ageri dira, eta gehienek 26 inguruk ez dute legedia betetzen”.
Kasu anitzetan, legeak zehaztutakoa baino diru gehiago eskatzen dute berme gisa. “Legez, bi hilabeteko alokairua eskatzen ahal da; zenbaitetan, sei hilabetekoa ere eskatzen dute”, azaldu du Molinak. Bizitzeko Alde Zaharra taldeko kideak gogoratu du etxe bat alokatzen denean jabeak ezin duela etxebizitzan bizi dena udan, adibidez, handik aterarazi. “Hori ere gertatzen da. Etxe bat alokatu, baina sanferminetan edo udako hilabeteetan hutsik utzi behar duzula esaten dizute; hori ez da legezkoa”, erantsi du.
Alokairuen berri ematen duten webguneetako arduradunekin harremanetan jarri dira Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideak, eta ardura haiena ez dela erantzun diete: “Iragarkia jarri besterik ez dutela egiten esan digute; guk nabarmendu diegu beren ardura ere badela iragartzen dituzten etxebizitzek legea betetzen dutela ziurtatzea, baina ez digute gehiago erantzun”.
Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideen asmoa da orain arte egin duten azterketa horretan sakontzea, eta, horretarako, herritarren laguntza eskatu dute. “Norbaitek bizi izaten ari den egoera salatu nahi badu, guregana jo dezake, bat egin ahal izateko”. Plataformako kideen helbide elektronikoa ondokoa da: bizitzekoaldezaharra@gmail. com.
Alarma egoerak era askotako egoerak utzi ditu agerian, etxebizitzaren esparruan, Molinak azaldu duenez: “Batzuei gertatu zaie etxeko jabeak alokairua murriztea edo hilabete batez ez kobratzea; baina kontrakoa ere bai: ordaintzeko epea luzatzeko eskatu, eta ezezkoa jaso dutenak badira”.
Alde Zaharrean antolatuta dauden herritarrek zaintza jarri nahi izan dute erdigunean. Hori da SET sareko kide diren hirien helburuetako bat, hain zuzen ere. Iruñea ere sare horretako kide da. Turistifikazioari aurre egiteko Europako hegoaldeko hirien sarea da SET, eta koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren testuinguruan, manifestu bat plazaratu du.
Krisiak desberdinkeriak areagotzeko arriskuaz ohartarazi dute sareko hiriok, eta eskatu dute herriek ez dezatela turismoaren sektorea erreskatatu. “Turismoaren desazkundeari ekiteko garaia da, eta gizarteko geruzarik zaurgarrienak babestuko dituen ongizate politikak lehenestekoa”, nabarmendu dute SET sareko hiriek.
Osasuna eta negozioa
Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek sortutako bertze elkarteetako bat da Alde Zaharrean Bizi izenekoa. AZ Ekimenarekin egin du bat proiektu anitzetan, baina bide propioa egin du. Gentrifikazioaren eta turistifikazioaren aurka egiteko elkarte bat da, labur erranda. Oraingo alarma egoeraren testuinguruan beren iritzia zabaldu dute elkarte horretako kideek ere, Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteko arduradunen adierazpenei erantzunez.
Izan ere, ostalaritzaren arloko enpresariek kezka agertu dute Espainiako Gobernuak konfinamendua arintzeko iragarritako neurrien inguruan. Tabernetan eta terrazetan egon daitekeen jende kopurua mugatu dute, bertzeak bertze. Ostalariek salatu dute negozio anitzek ateak itxi egin beharko dituztela, eta egoerari aurre egiteko proposatu dute, adibidez, terrazen eremua handitu ahal izatea.
Alde Zaharrean Bizi elkarteko kideek argi dute alarma egoerak kalte egin diela negozio askori, tartean ostalaritzakoei. Ondorioz, sektoreko langileen inguruko kezka agertu dute; baina argi utzi dute, halaber, ordua dela zehazteko zein neurritan diren “funtsezko eta ezinbesteko” tabernak, jatetxeak, hotelak, turismorako etxeak, bidaia agentziak eta abar. “Gauza bat da langileak ez abandonatzea, eta beste gauza bat da negozioei eustea, kontuan hartuta horietako asko ez direla familia negozio txikiak”.
Alde Zaharreko espazio publikoaren okupazioa izan da Alde Zaharrean Bizi taldeko kideek mahai gainean jarri duten auzietako bat, azken urteotan. Oraingo testuinguruan, “egokitzeko beharra” nabarmendu dute, bai eta “guztien osasuna interes ekonomikoen gainetik jartzekoa ere”. Alarma egoera ezarri aurretik ere bazen zer hausnartu hiri ereduari buruz, eta Alde Zaharreko bizilagunak ari dira.