Norbera izateko, askatasun osoz

Edurne Elizondo

Inor ez dadila bakarrik sentitu; suma dezatela gure babesa badutela, norbera izateko, askatasun osoz”. Horixe du helburu Erriberan sortu duten Kukuluak kolektiboak. LGTBIQ komunitatearentzako babes sare izateko asmoz jaio da, Tania Gonzalez Agirre kideak nabarmendu duenez. Argazki lehiaketa bat egin berri dute, sare sozialen bidez, erakusteko eta aldarrikatzeko Erribera ere askotarikoa dela; eta Vero Laytonen Estellerriko Erriberari so lanak irabazi du.

Kukuluak taldeko kideek otsailean egin zuten kolektiboaren aurkezpena. Koronabirusaren pandemiak eragindako konfinamenduak bete-betean harrapatu ditu, eta jada prest zituzten hainbat gauza ezin izan dituzte egin. Horrek ez du erran nahi, halere, lanean ari ez direnik. Orain, elkartea ezagutaraztea dute helburu nagusi, Tuteratik kanpo ere bai, Erribera osoko kolektiboko kideek bat egin dezaten.

“Iruñean talde anitz daude; Tafallan ere badute Alaia izeneko bat, baina hemen ez zegoen deus. Hutsune bat sentitzen genuen, eta bete nahi izan dugu”, azaldu du Gonzalez Agirrek. Iruñeko eta Tuterako testuinguruak ezberdinak direla nabarmendu du; Tuterako eta Erriberako gainerako herrietako egunerokoa ere bai. Horregatik, errealitate horiek guztiak kontuan hartzeko beharra jarri nahi izan du Kukuluak taldeak erdigunean: “Tuterako edo bertze herriren bateko kolektiboko norbaitentzat anitzez ere zailagoa izan daiteke jendaurrean agertzea; jendea itxiagoa da”.

Hiriburutik kanpoko errealitateak ezagutzeko eta agerian uzteko sortu zuten Ausartu Zaitez izenburuko proiektua hainbat arlotako profesionalek, iaz. LGTBI+ kolektiboko kideekin, sexu orientazio eta genero identitateen inguruko gogoeta pertsonalak eta kolektiboak pizteko tailerrak egin dituzte azken hilabeteotan. Lehenengoa, hain zuzen, Tuteran izan zen, 2019ko irailean. Tailer horretan parte hartu zuten kideetako bat da Tania Gonzalez Agirre; ez da bakarra: “Tailerrean parte hartu genuen guztiok gaude Kukuluak kolektiboan”.

Horregatik, arazorik gabe onartu du: “Gabonak pasatuta sortu genuen kolektiboa, baina argi dago benetako oinarria iraileko tailerra izan zela; bultzada handia eman zigun”, kontatu du Gonzalez Agirrek. Tailerra egin eta gero, Whatsapp talde bat sortu zuten parte hartu zutenek, eta sare sozial horren bidezko elkarrizketetan mamitu zuten Kukuluak martxan jartzeko asmoa.

Sarea ehuntzeko

Ausartu Zaitez proiektuko kideekin harremanetan jarraitzen dute orain Kukuluak taldea osatu dutenek. Gonzalez Agirrek, adibidez, Ausartu Zaitez proiektuko kideek egindako izen bereko dokumentalean parte hartu du (http://www.atrevete.lgbt).

Kukuluak kolektiboaren bertze helburuetako bat da sareak ehuntzea, hain zuzen ere, eta elkarlana sustatzea. “Talde askotarikoak daude, eta, akaso, auzi guztietan ez gara ados izanen, baina LGTBIQ kolektiboko kide izateak batzen gaitu”.

Kukuluak kolektiboan zortzi pertsona inguruk egin dute bat, oraingoz. “Eta gu ere askotarikoak gara”, erran du Tania Gonzalez Agirrek; argi du izaera askotariko hori balio erantsi bat dela elkartearentzat.

Izan ere, LGTBIQ kolektiboa bera askotarikoa dela gaineratu du Kukuluak taldeko kideak. Sufritzen duten zapalkuntza komunak batzen ditu, baina batzuen eta bertzeen egoera aldatzen da beren gorputzak zeharkatzen dituzten gainerako zapalkuntzen arabera. “Bollerek, adibidez, zapalkuntza bikoitza sufritzen dute, bizi garen sistema kapitalista heteropatriarkalaren arabera emakumeon zeregina baita gizon batekin egotea, seme-alabak izateko eta familiari eta sistemari eusteko; emakume eta lesbiana garelako baztertzen gaituzte”.

Argi du, halere, kolektiboko talderik “ikusezinena” trans pertsonena dela. “Lan anitz dugu egiteko, oraindik ere, gizarte gisa. Egoerak are gehiago kezkatzen nau oraingo konfinamendu garaian, trans pertsona horiek errespetatzen ez dituztenekin egon behar dutelako etxe berean itxita, kasu anitzetan”.

Lan anitz delako egiteko sortu dute Kukuluak, eta Erribera osoko herritarrak deitu dituzte, kukuluak@gmail.com helbidearen bidez kolektiboarekin bat egitera.

Argazkia: Vero Layton.