Lur Albizu Etxetxipia
Zero fasea, lehenengoa, bigarrena, hirugarrena eta infinitura arte. Ezinegona eta etorriko denari beldurrez begiratzea ohiko bihurtu zaigu hamabost egun izanen zirela pentsatzen genuen azken aste eta hilabete hauetan. Erraz esaten da, baina ilargi bete batzuk pasa dira Gasteiztik koronabirusaren alarmak entzuten hasi ginenetik.
Eta dagoeneko aste batzuk pasa ditugu etxetik atera gabe, atera ezinean eta orain arteko obligazio-eremu ziren ordutegiekin. Etxeratze-aginduaz gutxi hitz egin dugu, baina bai: toque de queda zer den ezagutu dugu. Eta kalera ateratzeko beldurra, atzera begiratzea (eta aurrera, ea norbaitekin topatu eta distantzia hori nola gordeko genuen kalkulatzeko ahaleginekin batera), bestelako malabarismo asko.
Denbora betetzen saiatu gara, paretek irents ez gintzaten, oheak harrapa ez gintzan, biharko eguna berriz berdin, berriz eternal, berriz ziurgabe. Eta ederki ikasi dugu betetzen: lehenengo asteetako mezu-kate, bideo bonbardaketa kanal guztietatik, aspaldi ikusi gabekoekin ere kedadak pantailaren bestaldean, antzezpen ia makabro batean: bermutak, poteoak, elkarrizketa luzeak, barre asko eta konektatzeko arazo etengabeak. “Link honetan sartu eta museo honetan sartu ahal izanen duzu”, “hemen sakatu eta paradisura eginen duzu bidaia”, “aplikazio honetan beste hori bisitatzeko aukera izanen duzu”, sinestera ere iritsi ginen ez ginela fikzioa eraikitzen ari. Esnatu beharko gara noizbait: pantailaren bestaldetik ikusteak ez zaitu museora eramaten, zuzenekoek ez zaituzte kontzertuetara eramaten, ez dituzu lekuak ezagutzen, eta, bai, bestaldean zure lagunak daude baina ez, hori ez da bermuta. Ezin izan dugulako (ez dakigu noiz arte, legez behintzat) maite dugun hori bisitatu, besarkatu, ondokoari ardoa gainetik bota, kontzertuetako izerdia sentitu, paradisu horretako eguzkiak ez digu azala erre, ez gara betiko tabernetako paretetan murgildu.
Baina egia da, horien guztien gainetik ere, komunitateak eraikitzeko (gure modura, diferitu honen modura), sareak sortzeko eta auzokideekin beste lotura bat egiteko gaitasuna erakutsi dugu. Zaintza politizatzekoa, eztabaidan jartzekoa. Txiki askok lan handia egin dute. Eta beste txiki askok sormena, kolektiboa eta eraldaketa guztiz baturik daudela erakutsi digute. Ez da gutxi Euskal Herriko luze eta zabalean sortu eta saretu den guztia, ez genuke mespretxatu behar. Azkar ahaztuko zaigu (edo ez), dagoeneko zuloetatik atera gaitezkeelako eta bizitzak (beharbada) berriz janen duelako gure egunerokoa, gure agenda, gure pentsamendua, baina gauza asko sortu dira hilabete hauetan. Iraun dezatela, beharko (eta nahiko) ditugu eta. Ez dadila on guztia ezabatu, eta ez dezagun txar guztia ahaztu nahi izan: errealitateari aurre egin eta kolektiboki herria eraikitzen jarraitzea dagokigu. Berrasmatzea. Birpentsatzea.
(Eta Herrikoetara bueltatuko gara, gure kideen etxeak direlako. Babesleku eta bizipen. Azal eta izerdi. Gozamen eta sufrimendu. Torreako barrara, Tuterako gau estuetara. Gure altxorrak dira, herriarenak).