Edurne Elizondo
Txori jaio nintzen, eta inbidiaz egiten diet so lurrean zoriontsu bizi direnei”. Miriam Garcia Pascual eskalatzaile tafallarrak bere egunerokoan idatzitakoak dira hitzok. 14 urterekin hasi zen paretak igotzen, eta grina horrek Indiako Meru mendiko iparraldeko tontorrera eraman zuen, 1990ean. Han hil zen, duela 30 urteko maiatzean, Jesus Buezo Risi eta Miguel Lausin espedizioko kideekin batera: elur jausi batek harrapatu zituen bidean.
“Min egiten dit nire bizimoduak maite ditudanei eragiten dien tristurak, baina kaiola batean sartuko banindute, ahituko nintzateke”. Alabak egunerokoan jasotako sentimendu hori berretsi du Mari Carmen Pascualek: “Sehaskako hesiek ere egiten zioten traba. Aske jaio, eta aske bizi izan zen”, erran du, harrotasunez.
Lasai mintzatu da Mari Carmen Pascual bere alabari buruz; eskalatzailearen heriotzak eragindako zauria inoiz ez zaio erabat itxiko, baina “konformatzen” ikasi duela nabarmendu du. Alaba zen bezala maite zuelako. “Mendirako grinarekin jaio zen; barruan zuen”. Horregatik, orain ere haren tokia mendia dela argi du Garcia Pascualen amak. “Inoiz gorpua aurkituko balute ere, ez nuke ekarriko; han libreago da”.
Tafallan jaio zen Miriam Garcia Pascual, 1963ko uztailaren 14an. “Hamabost egun aurreratu, eta etxean erditu nintzen, senarraren, amaren eta 85 urteko emaginaren aurrean”. 9 urte zituen Garcia Pascualek familia Iruñera mugitu zenean. “14 urterekin hasi zen mendira joaten, lagun batekin. Paseoan aritzen zela uste nuen nik, Etxauriko paretak eskalatzera joaten zela jakin nuen arte!”.
Etxauriko paretetatik, hain zuzen, bide berri bat ireki zuen Garcia Pascualek, eskaladarena gizonen esparrua baitzen garai hartan, orain baino gehiago. “Aitzindaria izan zen”, “emakume ausarta”. Horixe nabarmendu dute Juanjo Sansebastian mendizaleak eta Antxon Iturriza kazetari eta idazleak tafallarrari buruz.
Josune Bereziartu eskalatzaileak ere argi du Garcia Pascualek bide bat ireki zuela. Tafallarra eta Monica Serentil dokumental batean ikusi zituen Bereziartuk, Verdoneko arroiletako paretak eskalatzen, Frantzian: “Irudi haiek asko jo ninduten. Segituan hasi nintzen eskalatzen; izugarri erakarri ninduen emakume haiek egiten zutenak”, gogoratu du.
“Orduan ez zegoen rokodromorik, orain bezala, eta herriko harresietan entrenatzen ginen”, erantsi du Bereziartuk. Garcia Pascualek ere Iruñeko harresiak baliatu zituen entrenatzeko espazio gisa: “Bizilagunek erraten zidaten alaba Gaztelugibeleko paretetan gora ikusten zutela”. Txapelketa bat Donostiako Viktoria Eugenia antzoki barruan egin zutenekoa ere ekarri du gogora Antxon Iturrizak. “Han izan nuen Miriamekin aurrez aurre hitz egiteko aukera, lehen aldiz”.
Paretan eta mendian
Tafallako eskalatzailearen eta kazetariaren arteko harremana, halere, lehenago hasi zen. “Egin-en ari nintzen, eta elkarrizketa bat eskatu nion. Ez zen agertu, ordea, eta hutsik nuen orria betetzeko, irudizko elkarrizketa bat idatzi nuen. Miriamek irakurri zuen irudizko elkarrizketa, eta gustatu zitzaiola esateko gutun bat bidali zidan, eskuz idatzita”.
Lehen gutun horrek bertze anitz ekarri zituen gero: “Gutun bidezko lagun bilakatu ginen. Harreman berezia genuen”. Mendiaz idazten zuen kazetaria zen Iturriza, eta eskaladaren arloan gaitasun bereziak zituela erakusten zuen emakumea, berriz, Garcia Pascual.
Madrilen, Patonesen, Espainiako eskalada txapelketa irabazi zuen tafallarrak 1986an. Urte berean, Pedagogiako ikasketak amaitu zituen, Bartzelonan. “Txapelketak ez zituen maite, halere; kirol eskaladatik mendizaletasunera egin zuen bidea”, azaldu du Iturrizak. Mendian, hain zuzen, anitzetan egin zuen bat Juanjo Sansebastianek Miriam Garcia Pascualekin. “Riglosen, besteak beste; Bilbon ere askotan egon ginen, Jose Carlos Tamayo lagun genuelako”.
Tamayoren ahotik izan zuen Sansebastianek Tafallako eskalatzailearen heriotzaren berri. Argentinan eta Txilen egon zen mendizalea udaberri hartan, eta Tamayo Bilboko aireportura joan zitzaion bila. Han erran zion. Oraindik ere, samina sumatzen zaio ahotsean, une hura gogoratzen duenean; batez ere, Garcia Pascualen espedizioa hasi aurreko egunekoak oroitzen dituenean. Iruñean elkarrekin bazkaldu zuten egun batean, eta eskalatzaileak Indian zain zuen erronkaren “beldur” zela onartu zion Sansebastiani. “Egun hartan, autoz eraman nuen Gasteizera, handik abiatu behar zutelako Indiarantz. Besarkada handi bat eman zidan autotik jaitsi aurretik. Atera, eta berriz ireki zuen atea, barruan sartu eta beste besarkada bat emateko. Agurtu nahi zuela sentitu nuen”.
Mari Carmen Pascualek bezala, eskalatzailearen askatasun gogoa nabarmendu du Sansebastianek, gauza guztien gainetik. Grina horrek atzean duena ezin dela bazter utzi argi du mendizaleak, halere: “Politikaren esparruan, independentzia askatasunarekin lotzen du jendeak; nire ustez, baina, gutxi dira erabateko askatasunari aurre egiteko gai, eta horietako bat izan zen Miriam, zalantzarik gabe”.
Bere askatasun grina gauzatzeko ausardia izan zuela erantsi du Sansebastianek: “Bururatu zitzaizkion gauza guztiak egitera ausartu zen; eta disfrutatu zuen, batez ere, bere ahaleginak emandako sariekin”. Pareten bila, bertzeak bertze, AEBetako Yosemitera joan zen Garcia Pascual. Hango esperientziak markatu zuela nabarmendu du Sansebastianek. Miriam Garcia Pascualen amak ere erran du: “Yosemite bihotzean zuen”.
Ordukoak eta bertze esperientzia anitz idatzita utzi zituen eskalatzaileak bere egunerokoan, eta, testu horiek oinarri hartuta, Eman izar bat liburua argitaratu zuen Desnivel etxeak. Juanjo Sansebastianek izen bereko dokumentala ere egin zuen, lagunari buruz. “Oso esperientzia polita izan zen, eta, aldi berean, oso gogorra”.
Mari Carmen Pascualentzat alabari agur errateko aldi oro zen gogorra: “Miriamek erraten zidan negarrik ez egiteko; baina joan orduko, negarrez hasten nintzen”. Pascualek, halere, ulertzen zuen alabaren zoriontasuna mendira lotuta zegoela. “Behin erran nion ezin zuela ahaztu ni ere bere sokara lotuta nengoela; horrelakorik ez errepikatzeko eskatu zidan, menditik urrun, kaiola batean hil eginen zelako. Ez nion berriz ere horrelakorik erran. Aske izateko ekarri nuen, eta aske izaten utzi nion”.
Parke bat Tafallan
Lanean zen Mari Carmen Pascual familiaren etxean alabaren heriotzaren berri emateko deia jaso zutenean. “Senarrak deitu, eta etxera joateko eskatu zidan. Ailegatu bezain pronto, inork deus erran gabe, jakin nuen”.
Oihu egin zuela kontatu du eskalatzailearen amak. Alabaren izena oihukatu zuela, galdu zuela jakin zuenean; eta alabaren izena oihukatu zuen, berriz ere, handik hiru urtera, eskalatzailearen gorpua gordetzen duten pareten aurrean, azken agurra ematera joan zenean. “On handia egin zidan hil zen tokira joateak. Maite zituen gauzak eraman genizkion, tartean Belaguako loreak. Han bota genituen, Miriamentzat. Maite zituenekin gelditu zen”.
Pascualek, halere, hurbil sentitzen du alaba; bereziki, Tafallan, 2006tik eskalatzailearen izena duen parkeko monolitoari heltzen dioenean. “Harria bigun sentitzen dut, alaba besarkatuko banu bezala. Miriamek izugarri maite zuen parke hori, eta opari ederra da denontzat”.
Ez da bakarra. Antxon Iturrizak Miriam Garcia Pascualen omenez idatzitako ¿Vendrás a casa por Navidad? (Etxera etorriko al zara Gabonetan?) izenburuko ipuina oparitu dio eskalatzailearen amari. “Miriamen heriotzaren berri Mari Carmenek eman zidan: alabarekin nuen harremana amarekin dut orain. Miriam gogoratzeko modu bat da biontzat”.
Aske gogoratzen dute; kontent eta mendian. Behin, arrakala batean zegoen apo txiki batekin egin zuen topo: “Biok maite ditugu buztinaren usaina eta granitoaren kolorea. Irribarre batekin erran diot agur. Inbidia diot: bera El Capitanen bizi daiteke, eta ni ez”, idatzi zion.
Goiko argazkia: EMMOA-Miriam Garciaren Artxiboa.