iritzia: Txalo

iritzia: Txalo

Naiara Elola

Bukatu dira. Igandean egin genuen azkenekoz txalo supermerkatu eta osasun zerbitzuetako langileen alde. Ia bi hilabetez, iluntzeko zortzietan izan dugu zita balkoian. Astelehenetik ez da musikarik. Horrenbeste desio dugun normaltasunaren lehen zantzua bada, hortaz. Baina horixe bakarrik, zantzu bat. Izan ere, COVID-19arekin kutsatzeko arriskua hor dago, gu noiz despistatuko zain. Batzuek arriskua gertuago sentitzen dute beste batzuek baino. Halare, alertan jarraitu behar dugu.

Barrideekin harremanak sendotu ditugun garaiotan, ohikoa da balkoian ikusi orduko hizketan pare bat minutu igarotzea. Hala, aurreko egunean, etxepetik zihoala agurtu nuen bizilagun bat. BERRIA zeraman besapean. “Paseoa eman eta erreka bazterrean irakurtzen gelditzeko asmotan?”, galdetu, eta baietz esan zidan, asko estimatzen zuen emakume mendizale baten inguruko erreportajea argitaratu zutela Nafarroako Hitza-n, eta irakurtzeko asmoa zuela. Hizketaldia balio handiegirik gabeko horietako bat iruditu zitzaidan; igogailuko horietako bat.

Arratsaldean, etxeko buzoian Nafarroako Hitza-ko ale bat aurkitu nuen. Berehala ohartu nintzen barrideak utzitakoa izango zela. Antza, jabetu zen berak esandakoari ez niola arreta berezirik jarri. Azalean emakume bat zegoen. Hormatzar batean gora eskalatzen ageri zen. Mendian zuen habia zioen lerroburuak.

Argazkiko emakume irribarretsua Miriam Garcia Pascual zen. Duela 30 urte hil zen Indian elur jausi batek harrapatuta, beste bi mendizalerekin batera. Berarentzat ezinezkoa zen mendian gora egin gabe zoriontsua izatea. Hori zen Garcia Pascualentzat aske sentitzeko modu bakarra. Ez zuen beste biderik topatu: “Txori jaio nintzen, eta inbidiaz egiten diet so lurrean zoriontsu bizi direnei”. Izan ere, kontziente zen bere bizimoduak eragiten zuen sufrimenduaz: “Min egiten dit nire bizimoduak maite ditudanei eragiten dien tristurak, baina kaiola batean sartuko banindute, ahituko nintzateke”.

Norberak hartutako bideak ondokoei eragiten dien sufrimendua halako gordintasunean adierazteak barruak astindu zizkidan. Baina sekulako arrakala eragin zidan Mari Carmen Pascualek, mendizalearen amak, esandakoak. Alaba aske jaio eta aske bizi izan zela onartzen du. Alabaren nahiak jartzen ditu Pascualek lehen planoan, bere sufrimendua albo batera utziz. Hori baino maitasun adierazpen agerikoagorik gutxi egongo dira.

Izan ere, norberak sufritzeko duen beldurrak besteei hegalak moztera behartzen du. Ondokoa galtzeko edo mintzeko beldurrak izoztu egiten gaitu, haren nahi eta desioak ezerezean utzarazteraino. Nahitaez, geurekoi jokatzen dugu. Pascualek, aldiz, alabak hartzen zituen arriskuak hartuta, ez du behin ere aipatzen kirola uztea nahi zuenik; jakin bazekien, pasa zitekeena pasatuta ere, horrela beharko zuela. Norberaren nahiak besteenen aurretik jartzen diren garaiotan, eskuzabaltasun eta benetako maitasunaren adierazle garbia da Mari Carmen Pascual. Urratzaile izan ziren beraz, bai ama eta baita alaba ere.