Iritzia: Txip aldaketa

Iritzia: Txip aldaketa

Lohizune Amatria

Etorkizuna nolakoa izanen den asmatu nahian gabiltza azken egunetan. Hilabete gutxian goitik behera aldatu da gure egunerokoa; atzera egin eta urte hasierako egoerara itzuli nahiko dute zenbaitek (nahiz eta asko egoera jasangaitzean bizi ziren orduan ere). Hori, baina, ez da posible. Ez da gertatuko. Etorkizuna berria izanen da, beti gertatu den bezala.

Ez da hau kapitalismoak bizi izan duen lehen krisia, ezta gutxiagorik ere. Orain arte sistemak bere burua berrasmatzen asmatu du, jendearen gehiengoaren zapalkuntzari forma berriak emanez. Eta hala eginen du oraingoan ere.

Langileen bizitza erraztu ei behar zuten makinek jardunaldi amaigabe eta errepikakorrak eragin zituzten XIX. mendean. Torlojua hartu eta jarri; hartu eta jarri. Ekoizpenak gora egin zuen, eta etekina kapitalarentzat.

Industria garatzearekin batera, prekarizazioa areagotu zen lantegietan. Gero eta langile malguagoak nahi zituen sistemak, dena egiteko gai zirenak. Torlojua jada ez du langileak jarriko, makinak jarriko du eta langileak hura programatu. Soldata jaso, etxera joan eta torlojuak erosiko ditu langileak saltoki handi batean. Lankidearekin elkartuko da, gainera. “Zelako kasualitatea!”.

Baina egun ez dira soilik makinak programatuta daudenak. Enpresen funtzionamendua gero eta automatizatuagoa dago. Langilearen mugimendua erregistratuko du sarrera eta irteeran erakutsi nahi ez duzun argazkia duen txartelak edo zure hatzaren marrazkiak erabakiko du nora sartu zaitezkeen. Lan indarretik etekina ateratzen zuten lehen, orain datuekin ere egiten ikasi dute. Dena da etekin iturri.

Giorgio Griziotti ikerlariaren Neurocapitalismo. Mediazioni tecnologiche e linee di fuga liburua (2016) oinarri hartuta, duela urtebete idatzi zuen Gorka Bereziartuak neurokapitalismoaz. Behin enpresa barruko lan kognitiboari etekina ateratzen hasita, denbora kontua baino ez da izango lantokiak ez diren tokietan ere antzeko zerbait egiteko tentaldia agertzea”, idatzi zuen. Denbora hori igaro da, bada.

Etorkizun distopikoenek azal azpian jarritako txipak irudikatu zituzten kontsumitzailearen kontrolerako. Ez da horren beharrik izan: sakelakoan daramagu txipa. Nora, noiz, zertarako, norekin, nola, zerekin eta zergatik egiten dugun esaten ari gara. Guk ekoizten ditugu bestentzako etekin izango diren datuak. Eta pandemiak eta hartutako neurri askok hori areagotu dute. Adituek arriskuaz ohartarazi dute. Egunerokoa “laborategi bizi bat” dela dio Naomi Klain kazetariak: “Oso errentagarria izanen den kontakturik gabeko etorkizun iraunkor bat sortzen ari dira”.

Bakarrik izan gara, sarearen bidez konektaturik; eta, tartean, teknologia ahalbidetzen dutenek datuak irentsi dituzte, etengabe. Etxea ez da eremu pribaturako lekua izan soilik; lantoki, eskola, kontsulta, ospitale, musika estudio eta gimnasio ere egin dugu.

Kalea gehiago zapaltzen ari gara. Baina azken hilabeteetan gertatu dena ez da parentesi bat izan, bizitzak ez du pause botoirik. Aldaketa hori iraunkor egitea baino ez zaie geratzen.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku