Itzulerak doinua behar baitu

Itzulerak doinua behar baitu

Uxue Rey Gorraiz

Pantailaz bestalde kontzertuari so ari dena ikusi ezinik ari dira musika taldeak Km Zero Musik Fest jaialdian beren kantuak jotzen, Baluarten. Jakin badakite, ordea, aurrean dituzten eserlekuak hutsik izanagatik ere kontzertuko musika doinuak aretoko lau paretek biltzen dutena baino gehiago girotzen dutela. Nafarroako Gobernuak eta Baluarte auditoriumak antolatu dute jaialdia, gaur egungo baldintza berrietara hobeki egokituko diren euskarriak probatzeko asmoarekin, batik bat. Guztira hamar talde nafarrek kontzertu bana emanen dute streaming bidez, zuzenean. Itzuleraren hasiera da musikari zein musikazale askorentzat.

Cobardes taldeak eman zion hasiera jaialdiari, maiatzaren 21ean, eta, haren ondotik, Iker & Alfredo Piedrafita eta Zetak taldeek jo zituzten kontzertuak joan den asteburuan. El Columpio Asesino izanen da azkena. Izan ere, talde iruindarrak itxiko du jaialdia, ekainaren 20an.

Antolatzaileek adierazi dutenez, printzipioz bederen ez da ikuslerik izanen aretoan, eta streaming bidez baizik ezin izanen dute entzuleek kontzertuez gozatu. Dena dela, azaldu dute asteek aurrera egin ahala eta konfinamendua arintzeko neurriek ahalbidetzen badute, aztertu eginen dutela ikusleak aretoan egoteko aukera.

Edozein gailu eramangarritatik ikusi eta aditu daitezke Baluarten grabatzen arituko diren musika emanaldiak, zuzenean. Beharrezkoa da aldez aurretik sarrera ordaintzea: saio bakoitzeko 1,99 euro.

Ekainaren 5ean Kai Etxanizen musikak girotuko ditu Baluarteko areto nagusia eta entzuleek kontzertuaz gozatzeko aukeratutako txoko kuttunak. Artista “irrikan” da eguna iristeko, kontzertu-gosez baitago pandemiaren eraginez emanaldiak bertan behera utzi behar izan zituenetik. Geldialdiaren ondotik, Baluartekoa izanen du estreinako aldia areto batean. “Honen berri izan aurretik, oso urrun sentitzen nuen agertokira berriz igotzeko aukera”, esan du Etxanizek, pozik, eguna hurbil duela ikusita.

Kai Etxaniz musikaria. Baluartek utzitako argazkia.

Aldi berean, ordea, Etxanizek aitortu du erronka handia ere badela aurrean entzulerik izan gabe kontzertu bat ematea, eta uste du “polita bezain arraroa” izanen dela. “Beti saiatzen naiz publikoarekin lotura estua izaten, eta zaila zait hori lortzea pantailak bitartekari izanik. Asko laguntzen du publikoak zure musika nola sentitzen duen ikusteak, txaloak entzuteak… Ikasiko dugu moldatzen”.

Nahia ez ezik, “beharra ere” sentitzen du Etxanizek eszenatokietara bueltatzeko. Nabarmendu du koronabirusaren krisiak erabat gelditu duela bere jarduna, eta hori gertatu zaiela, noski, artista gehienei. Ia diru sarrerarik gabeko garaia da oraingoa.

Are gehiago, azken lana aurkeztera zihoanean harrapatu du itxialdiak Etxaniz. “Urte batzuk eman ditut abeslari gisara eszenatokietatik aldendua, eta, hain zuzen ere, orain ari nintzen nire proiektua berriz martxan jartzeko lanean”. Egoerak eskatuta, bere lanetako batzuk euskarri digitalak baliatuz estreinatzea erabaki du Etxanizek.

Berritzera behartuak

Kai Etxanizek kontatzen dituen horiek oso ezagun zaizkio Patxi Goñiri ere. Hainbat taldetan musikari izan da, eta Gor diskoetxeko arduraduna da Goñi. Aspaldi ezagutzen ditu sektorearen argi-ilunak, eta, gainera, hurbiletik ezagutzen ditu artistek koronabirusaren krisiak harrapatuta bizi dituzten estutasunak. “Dena eten du krisiak, eta geldialdi honek oso bortizki egin die kalte musikariei eta haien diru sarrerei”. Azpimarratu du musika talde askok ia irabazirik gabe eman dutela itxialdia, eta gogorra izanen dela hori gainditzea. Haren esanetan, “kolpe oso latza” izan da udaberriko kontzertuak bertan behera utzi izana. “Oro har, kontzertuetan irabazitakoak osatzen du musika talde baten diru sarreren %80 inguru”, zehaztu du Goñik.

Baluarteko jaialdian laguntzen ari da Goñi. Haren iritziz, musikaren industrian euskarri digitalen erabilera sustatzea “giltzarria” izanen da hemendik aurrera, eta pozik ageri da ikusita bide berriak bilatu direla egoerari ahal bezala aurre egiteko.

Itxialdian, artista askok egin dituzte kontzertuak etxetik, sare sozialen bidez eta doan. Kai Etxanizek, esaterako, parte hartu izan du horrelakoetan. Dena dela, artistak berak bereziki beharrezkotzat jo du musikaren doakotasunari buruzko gogoeta bultzatzea gizartean. “Jendeari erakutsi behar zaio kultura ez dela doakoa, eta merezi duen balioa eman behar zaie artisten lanei, batez ere gure ogibidea delako”, esan du, irmo. Haren ustez, musikaren munduko artista gehienak “beren lanarekin maiteminduta egoteak” ez du esan nahi ordaindua izatea beharrezkoa ez denik.

Iker & Alfredo Piedrafita, Baluarten. Egilea: Iñaki Zaldua (Baluartek utzia).

Etorkizunean gerta daitekeenari so eginez, gauza bera ondorioztatu dute Kai Etxanizek eta Patxi Goñik: ziurgabetasuna da nagusi. Etxaniz, bestalde, zalantzati ageri da emanaldietarako aretoak antolatzeko nola moldatuko ote diren pentsatzean, baita musikazaleen erantzuna zein izan daitekeen aurreikusteko ahalegina egitean ere. “Ez dakit noiz izanen den legezkoa kontzertuak normaltasunez egitea, baina gero ikusi beharko dugu noiz dagoen jendea gogotsu kontzertu batera joan eta sarrera ordaintzeko. Emozionalki ere prest egon behar dugu denok”, dio, kezkatuta, Etxanizek.

Patxi Goñiren begietatik, halaber, “nahiko kaotikoa” izanen da itzulera, baina erantsi du kaosa “berezko ezaugarria” dela musikaren munduan. “Arriskuak hartzea oso ohikoa da musikari edo artista batean ibilbidean”, esan du. Aitortu du askok ezin izanen diotela krisi honi aurre egin, segur aski, eta azaldu du sektoreko langile gehienentzat ezinbestekoa izanen dela instituzioen babesa. “Tarteka baizik ez dira oroitzen gurekin”.

Lehendik ere zaila zen

Krisiaren lehen astindua igarotzen hasia dela deritzote askok, eta, horiek horrela, normaltasunera bueltatzea helburu, hainbat enpresa eta erakunde lanean ari dira, itzulera ahalik eta modurik egokienean egiteko bidea diseinatu nahian. Nor bere esparruan. Kuna Nafarroako Kultur Kudeaketarako Profesionalen Elkarteak eskatu dio Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuari larrialdi plan bat diseina dezala kulturaren sektorean lan egiten dutenen “iraupena, jarraitutasuna eta jasangarritasuna” ziurtatzeko. Neurri eta laguntza ekonomiko zehatzak nahi dituzte.

Angel Garcia Carreño Kunako zuzendaritza taldeko kide eta kudeatzaile kulturalak dioenez, “ezinbestekoa” da Nafarroako Gobernuak kulturaren aldeko “apustu argia” egitea. Are, azaldu du lehendik ere aski arrazoi zituztela halakorik eskatzeko, baina orain “biziki nabarmena” dela sektorean dagoen premia.

Krisiek ahulenak zigortzen dituzte gogorren. Hori erakutsi du, besteak beste, konfinamenduak kultura sektorean eragindako oinazeak. Gainera, Garcia Carreñoren arabera, Nafarroako kulturaren sektorea 2008ko krisi ekonomikotik “sendatze bidean” zen oraindik, oro har: “Urteetako prozesu baten ondotik, sektorea sasoiko zegoela ikusten hasiak ginen, eta, hain justu, orduan zigortu gaitu birusak”.

Sektoreak zama handia zuen gainean lehendik ere. “Prekaritatea nahiko ohikoa da gurean, zoritxarrez”. Lan ordutegirik eza eta aldizkakotasuna nabarmendu ditu arazoen artean, batik bat. “Adibidez, batzuei antzezlan edo ekitaldi jakin bat zegoenean bakarrik ematen zieten alta Gizarte Segurantzan”, zehaztu du; gaineratu du egoeraren larritasuna eta laguntzen premia ez direla kontu berriak.

Kuna elkarteko kideek beharrezkotzat jo dute geldialdiak sektorean eragin dituen kalteak zehaztasunez aztertuko dituen ikerketa bat egitea, bai eta, besteak beste, kultur ekitaldietarako baliabide digitalak indartzea. Digitalizazioari dagokionez, zehaztu dute ez dutela nahi digitalak presentziala ordezkatzea, baina uste dute “bi ereduen arteko elkarbizitza” sustatu behar dela. Horretarako baliabideak izatea bermatu behar du Nafarroako Gobernuak, batez ere, haien ustez, “aurrekontu ekonomikoa handitzearekin batera”.

Garcia Carreñoren ustez, hurrengo ikasturtean hasi ahalko da kultura sektorea otsaileko erritmora hurbiltzen. Pixkanaka irekiko dira zentroak, eta gutxika-gutxika hasiko dira proiektuak berriz martxan jartzen. “Baikorrak gara egin daitekeenari buruz, baina babes politikoa behar dugu bidelagun”, esan du.

Itzulera ez da berehalakoa izanen, baina, dirudienez, ongi bidean, udazkenean loratu daiteke orain izan ez den udaberri kulturala.

Goiko argazkia: Cobardes taldearen kontzertua. Egilea: Iñaki Zaldua (Baluartek utzia).