Justizia eta ekitatea, osasun oneko egoteko

Edurne Elizondo

Osasuna eta askatasuna. Ijitoek bi hitz horiek erabiltzen dituzte elkar agurtzeko: sastipen thaj mestipen. Osasunak askatasunarekin, ekitatearekin eta justiziarekin duen harreman estua agerian utzi du Equi-Sastipen-Rroma sareak, azken hamar urteotan egindako lanaren bidez. Datu bakar batek ederki islatzen du errealitatea: ijitoen bizi itxaropena herritarren gehiengoaren batezbestekoa baino hamar urte txikiagoa da. Egoera hori atzean uztea du helburu Equi-Sastipen-Rroma sareak, eta orain arte egindako urratsak Nelson Mandela sariarekin nabarmendu ditu OME Osasunaren Mundu Erakundeak.

“Poztekoa da saria jaso izana; egindako lana aitortzen du, eta bide onean garela erakusten du. Baina bide hori luzea da, eta ezin gara konformatu, ezin gara gelditu. Lanean jarraitzeko ordua dugu”. Horixe nabarmendu du Antonio Jimenezek, Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioko kideak. Urte luzez aritu da osasun eragile gisa lanean, eta Equi-Sastipen-Rroma sarea jaio zenetik ezagutzen du. “Hasieran sei erakundek osatzen genuen; orain hogeita bat gara”, erran du. Hezkuntzaren arlora mugitu da Jimenez orain, baina argi du osasungintzaren esparruko lanak ezinbertzeko garrantzia duela. Lan hori sarean eta elkarri lagunduz egitea “abantaila”handia dela erantsi du.

Eta hori da Equi-Sastipen-Rromako kideen helburua: elkarlana, alegia. Espainiako Estatuko hainbat ijito elkartek osatzen dute, Alacanteko Unibertsitateko, Sevillako Unibertsitateko eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait aditurekin batera. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioa ere bada kide. Xedea da ijito herriak osasun arreta jasotzeko duen eskubidea bermatzea, esparru guztietan.

Hori lortzeko lana beharrezkoa da oraindik ere, osasun sistema publikoak ez baitu ziurtatzen eskubide hori benetan bermatzen dela. “Batzuen eta bertzeen egoera ez da berdina, baina, oro har, ekitaterik eza sumatzen da oraindik ere”. Horixe erran du Jimenezek, eta berretsi egin du NUPeko Soziologia eta Gizarte Laneko irakasle Javier Arzak. Hogei urte luze eman ditu ijito herriarekin lanean, eta, Gaz Kalo federazioak proposatuta, osasunaren esparruko aditu eta aholkularia da Espainiako Gobernuaren Ijito Herriaren Kontseiluan.

Prebentzioa

“Desberdinkeriak ijitoen osasunari ere eragiten dio”. Horixe nabarmendu du Arzak; ijitoen bizi itxaropena batezbestekoaren azpitik egotea dakarrela bazterketa horrek, alegia. Batetik, Arzak zehaztu du arazo nagusia prebentzioaren arloan gertatzen dela: “Ez da bermatzen prebentzioa lantzeko programetan, osasuna sustatzeko tailerretan eta gisakoetan ijitoek parte hartzeko duten eskubidea”. Jimenezek bat egin du, eta gaineratu du, anitzetan, informazioa emateko modua dela ijitoak osasungintzako arlo horretatik kanpo uzten dituena. “Kanpainak egiten dira gehiengoaren soslaia kontuan hartuta; ez dira aintzat hartzen ijito herriaren berezitasunak”, erran du Gaz Kalo federazioko kideak.

Bertzetik, osasunaren arloko profesionalen formakuntzari egin dio so Javier Arzak. “Oro har, egindako ikerketek agerian uzten dute profesionalek badutela enpatia eta ijitoak sisteman hartzeko ahalegina egiteko borondatea; izan ere, ijitoen arteko inkesten arabera, osasunarena da bazterketa gutxien sumatzen duten esparrua”, erran du NUPeko irakasleak.

Horrek ez du bermatzen, ordea, eskubideak ez urratzea, eta ijitoen osasun arreta jasotzeko eskubidea ziurtatzea. “Ijitoen kontrako jarrera ez da oraingo gaitz bat; azken sei mendeetan garatutako zerbait da. Ijitoen aurkako jarrera egiturazkoa da, eta denok hartzen gaitu”.

Jarrera horren ondorioz, ijitoen bizi itxaropena txikiagoa izateak edo prebentziorako programetan ez egoteak ez du alarmarik pizten. “Imajinu ikerketa bat egin, eta ikusiko bagenu bizkaitarren bizi itxaropena Euskal Herriko gainerako herritarrena baino hamar urte txikiagoa dela; eskandaluzko datu bat litzateke, eta baliabideak jarriko lirateke egoera horri buelta emateko”, azaldu du Arzak. Ijitoen kasuan, baina, ez da inolako alarmarik piztu. “Ijitoek ez dute prebentziorako programetan parte hartzen, eta horietan aritzen diren profesionalak ere ez dira haien zain. Hori da larriena. Normaltzat jotzen dute ijitoek programa horietan ez egotea”, salatu du Arzak.

Nafarroan, Equi-Sastipen-Rroma sarea osatu aurrekoak dira ijitoen eta osasun sistemaren arteko zubiak eraikitzeko ahaleginak. 1987. urtean hasi zen administrazioa ijitoentzako programa propioak garatzen, hain zuzen. Programa horietan, ijitoek hartu izan dute lanaren ardura beren gain. “Kontua da berdinen arteko harremanak garatzea; ijitook gure osasunerako txarrak diren ohiturak baditugu, baina ekitaterik ezak ere eragiten dio gure osasunari, eta hori konpontzea ezinbertzeko urratsa da aurrera egiteko”, erran du Antonio Jimenezek, argi eta garbi.

Horregatik nabarmendu du Osasunaren Mundu Erakundeak emandako saria ospatzekoa dela, baina, batez ere, aurrera jarraitzeko baliatu behar dutela. Javier Arzak bat egin du: “Harro gaude, eta hunkituta. Baina bidean jarraitu behar dugu”.

Oharra, argazkiari buruz: egungo osasun krisiaren testuinguruan, karrikan eta espazio publikoetan maskararen erabilera sustatzeko kanpaina bat jarri dute martxan, Tafallan. Herriko argazkilari Ivana Gutierrez Garciak bideo bat prestatu du –goian irudi bat–, Tafallako Udalaren eta osasun etxeko arduradunen laguntzarekin, bertzeak bertze. Nafa- rroako ijito elkarteen Gaz Kalo federazioak nabarmendu du, gainera, Tafallako hainbat ijito familiak parte hartu dutela. Bideoan herritarrak ageri dira, maskara jantzita, eta maskara erabiltzeko mezua zabaltzen.