Herriak, itxialdiko memorien gordailu

Herriak, itxialdiko memorien gordailu

Uxue Rey Gorraiz

Koronabirusaren pandemiak etenda utzi ditu gauza asko, baina horrek ez du esan nahi, herritarrei etxean gelditzeko eskatu zaien honetan, bizipenak ohi baino gutxiago izan direnik. Hain zuzen ere, osasun krisiak ekarri duen konfinamenduan gertatutakoak ez ahazteko, Leitzako eta Atarrabiako udalek hitzarmen bana sinatu dute berriki Labrit Ondarearekin. Etxealdiko memoria jasotzea dute helburu, bizi izandakoak bilduz, gordez eta plazaratuz.

Labrit Ondareak kultura ondare immaterialarekin egiten du lan batik bat, eta azken asteotakoa jasotzeko proposamena egin zien bi herrioi. Labriteko ordezkari den Itziar Lurik azaldu duenez, pertsonen memoria jendeak uste baino “ahulagoa” da, eta, horregatik, orain da garaia koronabirusak herrietan eragin duena aztertzeko, “denborak informazioa lausotu aurretik”.

Hainbat alderdiri erreparatu nahi diete memoria jasotzeko lan horren bidez: “Sufrimendua izan da, eta handia, baina baita elkartasun keinu asko ere, eta merezi du dena biltzea”, zehaztu du Lurik.

Lehenbizi, memoriaren bilketa sakona eginen dute Labritekoek, ikuspuntu historiko, antropologiko eta sozialetik. Ondotik, ikus-entzunezko produktu bat sortuko dute, transmisiora bideratua. Aurreikusi dute urte bukaerarako argitaratu ahalko dituztela azken emaitzak.

Kilometro koadro bakarreko azalera duen herri batean konfinamendua nolakoa den aztertzeko aukera izanen du Labrit Ondareak Atarrabian. Mikel Oteiza alkateak nabarmendu du orain gordeko dena “balio handikoa” izan daitekeela, “bai orain, bai etorkizunean”.

“Orain oroitzapenak fresko ditugu, xehetasun eta guzti, eta protagonistak hemen daude, baina bereziki interesgarria izango da, adibidez, hemendik hogeita hamar bat urtera. Altxor bat irudituko zaigu”, azaldu du.

Alkateak adierazi du esparru desberdinetako testigantzak bilduko dituztela lanean, emaitzak “ikuspegi globala” izatea nahi baitute, ahalik eta modu zabalenean erakusteko nola bizi izan duten herritarrek oraingo osasun krisia. Bestalde, Oteizak esan du itxialdian hildako pertsonei eta beren ingurukoei omenaldi bat egiteko ere balioko duela dokumentalak.

Bai Atarrabian bai Leitzan konfinamendu garaian izan diren gauza positiboak ere isla daitezen nahi dute Labrit Ondareko kideek, eta hala azaldu diete herrietako ordezkariei. Mikel Zabaleta Leitzako alkateak azpimarratu du, esaterako, jendea “oso arduratsu” aritu dela hasieratik, eta gaineratu du herrian egin den auzolanak aitortza merezi duela.

Hala dio Oteizak ere, Atarrabiaz, eta erantsi du kasu askotan bizilagunen arteko harremanak “indartu” egin direla. “Paradoxikoa bada ere, sekulako giroa izan da herrian”.

Alkateak esan duenez, jendeak “gogotik” egin du lan elkarri laguntzeko. Esaterako, hainbat boluntariok deiak egin dizkiete herriko adinekoei, zer moduz zeuden galdetzeko eta nolabait bilakaera kontrolatzeko. 700 dei baino gehiago egin dituzte jadanik.

Gertaerak eta emozioak

Batik bat, herritarrei egindako elkarrizketa sakonetatik abiatuta aztertuko ditu Labrit Ondareak oraingo pandemia garaian gertatutakoak, baina baita sentitutakoak ere. Mikel Zabaleta bereziki pozik dago ikusita alde emozionalari ere behar duen arreta emanen zaiola, “ezinbestekoa baita”, haren esanetan.

“Gauzak ez dira berdin ikusten momentuan edo hemendik hamarkada batzuetara, eta inportantea da herritarrek nolako sentsazioa izan duten jasotzea, sentitu dutena biltzea”, esan du. Leitzarrek konfinamenduan sortutako laguntza sarean, hain zuzen ere, behar emozionalei erreparatu zieten, alkateak nabarmendu nahi izan duenez.

Zabaletak nahiko luke etorkizuneko belaunaldiek, atzera begirako errepasoa egitean, ikustea egungo pandemia “inflexio puntua” izan dela, zenbait arlotan. “Itxialdiak bistan utzi ditu gurean dauden miseria eta hutsune batzuk, eta hori ikusteak zerbaiterako balio izatea gustatuko litzaidake, gauzak hobetzeko, hain zuzen”, erantsi du.

Ziztuan herritarren bizimodua erabat baldintzatu duen gertaera baten gisara; ikaspen modura; eta jendeak elkarlanean arituz gainditu duen erronka baten gisara: horrela eta beste modu askotara nahi dute itxialdia memorian gorde Leitzako eta Atarrabiako herritarrek. Herriotako udaletan sinetsita daude Labritekin martxan jarritako proiektuak horretan lagun dezakeela; oroitzapenak betikotzen, alegia. Memoria jaso nahi dute, gertatutakoaren berri emateko eta zabaltzeko.

Argazkia: Leitzar bat herritarren artean banatzeko kutxak prestatzen.