Iritzia: “Gu, sortzaileok”

Iritzia: “Gu, sortzaileok”

Amets Aranguren Arrieta

Aitortu behar dut pixka bat nekatua nagoela sortzaile terminoarekin edo, terminoarekin baino gehiago, azkenaldian hitz horri eman zaion erabilerarekin. Iruditzen zait artista hitzaren lekua hartu duela, baina are zentzu zabalago bat emanez.

Hasteko eta behin, ez dut ongi ulertzen jende batek bere burua sortzailetzat izatea edo hala azaltzea gainontzekoen aurrean. Nor ez da, bada, sortzaile?

Guztiok ari gara une oro zerbait sortzen, eraldatzen edo birsortzen (sortu, sortu… egia esan, ezer gutxi). Zaila da esaten zerk edo nork esan behar duen zer garen edo zer ez garen, eta, normalean, norberak definitzen du bere burua, norberak aukeratzen du bere etiketa hori, zer den.

Dendaria zara baldin eta denda batean lan egiten baduzu. Baina nork esan dezake “ni sortzailea naiz”? Musikariak, aktoreak, margolariak, idazleak… Baina, eta arkitektoak? Eta sukaldariak? Horiek ere esan dezakete?

Zerk determinatzen du sortzaile izaera hori: atzean dagoen asmoak egiten du, prozesuaren nolakotasunak, emaitzaren kalitateak…? Sortzailea al da zure amatxi neguan egin zizun jertseagatik? Jende gehienaren erantzuna ezezkoa litzatekeelakoan nago.

Lan serioak izan ez daitezkeen ogibideak edota diziplinak biltzeko erabiltzen den hitza dela iruditzen zait. Sortzaile izateak zaku batean sartzen zaitu, eta orduan ez zara gehiago aktore edo idazle, baizik eta sortzaile. Agian egun batean musikaria zara eta hurrengo egunean Twitterren topatzen duzu zure izena, idazleen munduko txapelketa batean, lehian (?).

Edo agian margolaria bazara, baina, zeure burua sortzailetzat duzunez, uste duzu zurea ez den beste diziplina batean aritzea ere zilegi zaizula, baldin eta zure intentzioa zerbait sortzea bada, betiere.

Ba ez lagunok, ez. Ni musikaria banaiz, eta musikaritzat baldin badut nire burua, ez zait iruditzen sortzaileen zaku horretan egote hutsagatik aritu naitekeenik aktore lanetan, esate baterako.

Eta berdin gustatuko litzaidake bertsolaria dena bertsotan ikustea, eta ez flamenkoa kantatzen saiatzen. Kasu honetan iruditzen zait, ausarkeria izateaz gain, diziplina horretan lanean ari den jendearekiko errespetu falta ere badela, baita jarduera horri prestigioa kentzea ere. Eta ez dut ukatzen pasioa denik hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori, baina baita kalitate minimo bat bermatzea ere.

Eta egin dezala bakoitzak nahi duena, noski, baina kontuan izanik sortzaileen zaku horretan ere badirela poltsa desberdinak, eta, agian, batetik bestera salto egiteko, asmoarekin ez dela nahikoa izanen.

Konparaketa kutre bat eginen dut, baina niri honek guztiak gogorarazten dit txikitan Disney Channel-en ikusten nituen serie horietako asko bukatutakoan nola bat-batean aktoreak abeslari bilakatzen ziren. Ez nuen ulertzen eta ulertu gabe jarraitzen dut.

Ez naiz ni izanen jendeari zer den ala zer ez den esanen diona, eta ez naiz ni izanen hori nork determinatu behar duen esanen duena ere. Baina uste dut norberak bere burua izendatzen duen heinean gainontzekoak ere izendatzen ari dela, eta horrek ere, egia esan, ez nau gehiegi konbentzitzen.

Baina bueno, jaten duguna ere bagarela esaten ohi dutenez, ni orain jogurt natural erraldoi bat naiz: ikusiko dugu bihar zer naizen.