Animalien erakusleiho

Animalien erakusleiho

Edurne Elizondo

Merkataritza gune handi bateko salgaiak balira bezala. Horrelaxe daude zoologikoetan eta akuarioetan esplotatzen dituzten gizakiz bertzeko animaliak, Nor kolektibo antiespezistak egindako ikerketak agerian utzi duenez. “Saltzen dituzte animaliak zaintzeko zentroak balira bezala, baina enpresak dira. Erdian ez dago animalien zaintza, etekin ekonomikoa baizik”, salatu du taldeko bozeramaile Maialen Saguesek.

Nor-eko kideek iazko udan egin zuten ikerketa. Euskal Herriko sei zoologiko eta akuario bisitatu zituzten: Donostiako Aquariuma, Miarritzeko Itsas Museoa, Getxoko akuarioa —urte hasieran itxi zuten—, Karpin, Basondo eta Sendaviva; baita Kantabriako (Espainia) bertze bi ere.

Arguedasen dagoen zoologikoa da Sendaviva, eta 2004tik dago zabalik. Zortziehun norbanako dituzte han itxita, bisitariak erakartzeko jolasen artean. Atrakzio batetik bertzerako bidean daude animaliak, eta musika ozena entzun behar dute egun osoan.

“Itxitako gizakiz bertzeko animalia horietako asko gaixo daude”, erran du Saguesek. Nor-eko kideek egindako ikerketaren arabera, hain zuzen ere, zookosiak jota daude Sendavivako norbanako anitz. Itxialdiak gizakiz bertzeko animaliei eragiten dien eritasun bat da zookosia: konfinamenduak eragindako psikosia, alegia. Ondorioz, animaliok estereotipiak garatzen dituzte, bertzeak bertze: hau da, helbururik gabeko mugimendu zehatzak errepikatzen dituzte behin eta berriz.

Sendavivako tigreek eta hartzek estereotipiak garatu dituztela salatu dute Nor kolektiboko kideek, adibidez. Bideoz jaso dituzte animalion mugimendu errepikakor horiek, gainera. Nabarmentzekoa da hartzen kasua: hartz arre siriarrak dituzte Sendavivan, eta gutxienez haietako bat etengabe aritzen da beren putzu txikiaren inguruan bueltaka. Baso eremu zabalak behar dituzte animaliok, hartzen ondoko kartel zaharrak jaso duenez. “Arguedasen ez dutena behar dute”.

“Adierazpenik ez”

“Ez dugu kaiola handiagoak eskatu nahi; gizakiz besteko animaliak esplotatzeko zentroak ixteko exijitzen dugu”. Nor kolektibo antiespezistako bozeramaileak argi du zer helburu duten. Oraingoz, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiak lortu du Sendavivako ateak ixtea. Martxoaren 19an hastekoa zen aurtengo sasoia Arguedasko zoologikoan, baina alarma egoera ezarri eta gero, apirilaren 4ra atzeratu zuten. Hori ere ezin izan zuten bete, eta, asteon, zoologikoko arduradunek azaldu dute ez dakitela noiz irekiko duten.

Inauguratu zutenetik, zentroak ez du inoiz hartu bideragarri izateko zehaztutako bisitari kopurua, eta Nafarroako Gobernuak diruz lagundu behar izan du: denera, 70 milioi euro inguru eman dizkio. Kontuen Ganberak gogor kritikatu izan ditu inbertsio publiko horiek, hain zuzen.

Nor kolektiboak egindako ikerketari buruz, bertzalde, Sendavivako kideek ez dute deus erran nahi izan: “Ez dugu adierazpenik eginen”. Ikerketak zoologikoen “gezurrak” utzi nahi izan ditu agerian, eta, Sendavivan, arrautzaren zikloa azaltzeko erabiltzen dituzten txiten ingurukoa da gezur horietako bat: “Animaliok errespetatzen dituztela saltzen dute, baina beste animaliei jaten emateko erabiltzen dituzte”. Animalien errealitatea erakusleihoaren atzean gelditzen da.

Argazkiak: Nor.