Edurne Elizondo
“Begiratu, aztertu, bilatu”. Argi eta garbi erran du Nafarroako Ospitale Guneko dermatologo Saioa Oskoz Jaimek (Iruñea, 1989): “Gure larruazalak memoria du, eta zaintzen ikasi behar dugu”.
Bihar izanen da larruazaleko minbiziaren aurkako Europako eguna. Zertarako balio du?
Auzia mahai gainean jartzeko, eta ikusgarri bilakatzeko. Jendeak jakin behar du larruazaleko minbizia existitzen dela.
Ez dio garrantzirik ematen?
Asko hitz egiten da, adibidez, bularreko minbiziaz, edo birikakoaz. Kontua da horiei beldur handia diegula, baina ez hainbeste larruazaleko minbiziari, ez delako asko ezagutzen, hain zuzen.
Larruazalekoa ere larria izan daiteke, ezta?
Bai, eta heriotza ere eragin dezake. Larruazaleko minbizia da ohikoena, hain zuzen ere. Kasu askotan ez da larria, baina zenbaitetan hilgarria ere izan daiteke.
Mota ezberdinak daude?
Bai. Hiru dira nagusiak, eta horien artean melanoma da ezagunena, larriena delako. Bertze biak dira kartzinoma epidermoidea eta kartzinoma basozelularra. Ez dira hain ezagunak, baina horiek ere hilgarriak izan daitezke. Melanoma gazteen artean da ohikoagoa; beste biak gehiago antzematen ditugu adin bateko pertsonen artean.
Larruazaleko minbizia lotzen ohi dugu eguzkia hartzeko joerarekin. Hori da arrisku bakarra?
Ez, baina egia da eguzkia, edo, zehazkiago esanda, erradiazio ultramorea dela arrisku faktore nagusia. Baina badira beste faktore batzuk: larruazalaren edo ilearen kolorea, faktore genetikoak, familian egon daitezkeen aurrekariak, erradioterapia jaso izana…
Larruazal edo ile argiko pertsonek arrisku handiagoa dute?
Bai, eguzkitik babesteko edo melanina sintetizatzeko gaitasun gutxiago dutelako. Kartzinoma basozelularra, adibidez, ohikoena da, eta batez ere agertzen da larruazal oso argia, edo ile edo begi argiak dituzten pertsonen artean.
Eguzkia hartzeko orduan, konturatzen gara dauden arriskuez?
Gero eta kezka handiagoa dugu. Kontsultan egunero entzuten ditugu aspaldiko pasadizoak, eta jendeak kontatzen digu duela hogei urte eguzkitik babesteko krema ere ez zutela erabiltzen. Orain ardura gehiagoz jokatzen dugu, arriskuak gero eta gehiago ezagutzen ditugulako. Baina oraindik ere jende askok pentsatzen du hondartzara edo igerilekura joateko baino ez duela krema jarri behar. Eguzkiaren erradiazioa, ordea, urte osoan jasotzen dugu.
Egunero erabili beharko genuke?
Bai, urte osoan. Udan gomendatzen dugu, batez ere, hondartzara edo mendira joaten garenean bi ordutik behin krema jartzea. Urte osoan, berriz, karrikara ateratzen garenean jartzea izanen litzateke egokiena. Neguko egun euritsu batean bi ordutik behin krema jartzeak ez du zentzurik, akaso, baina etxetik ateratzen garenean jartzeko ohitura hartzea ona litzateke.
Zer gehiago egin daiteke?
Funtsezkoa da gure azala ongi ezagutzea. Gaixoei esaten diegu lagungarria izan daitekeela urtean bi aldiz edo argazkiak egitea, alderatu ahal izateko, zerbait aldatu zaigun edo lehen ez genuen zerbait ote dugun ikusteko.
Zeri egin behar diogu so?
Begiratu behar dugu, batez ere, lehen ez genuen orbanen bat atera ote zaigun, eta lehendik geneuzkanak aldatu ote diren. Lehendik genuen orezta baten tamaina edo kolorea aldatu bada, adibidez, medikuarengana joan beharko genuke.
Garrantzitsua da larruazaleko gaitzak ahalik eta azkarren artatzea?
Bai, noski. Larruazalaren kasuan, abantaila bat dugu bertze minbizia motekin alderatuta, ikusten ahal ditugulako gertatzen zaizkigun aldaketak. Horregatik da garrantzitsua begiratzea, bilatzea.
Minbizia ez da larruazalak izan dezakeen gaitz bakarra. Zeintzuk dira gaixotasunik ohikoenak?
Gaitz asko izan ditzake gure larruazalak. Profesionalok taldetan banatzen ditugu, eta, horren arabera, batetik, eritasun infekziosoak ditugu, adibidez. Herpes birusa da horietako bat. Bestetik, badaude inflamatorioak edo autoimmuneak. Horien artean ezagunak dira, adibidez, psoriasia eta lupusa. Ilearekin lotutako kontsultak ere ugariak dira. Jendeak kezka handia du ilearekin.
Larruazaleko gaitzek eragindako aldaketak ikusten ahal ditugula erran duzu, eta ona dela eritasuna antzemateko. Ikusgarritasun horrek badu bertze ondoriorik gaixoengan?
Bai. Ezin dugu ahaztu alderdi estetikoa. Gure larruazaleko aldaketak guk ikusten ditugu, eta besteek ere bai, eta hori, zenbaitetan, zaila da gaixo denarentzat. Baldintzatzen ahal du bere egoera, eta dermatologoak eman diezaiokeena baino laguntza gehiago behar izaten du. Batez ere gaitzak kronikoak direnean, psoriasiaren kasuan bezala.
Osasun krisiak ekarri duen itxialdiak eragin ahal dio herritarren larruazalari?
Bai. Konfinamendua amaitu eta gero, ohartu gara kontsultara etorri direla estresak jotako larruazala duten gaixoak: psoriasiarekin, edo ilea galduta, edo akneak jota. Baina ez hori bakarrik; koronabirusak ere utzi du bere arrastoa gaixo batzuen larruazalean.
Birusak zuzenean eragin dio larruazalari?
Bai. Oraindik asko dugu ikertzeko, baina ikusi dugu kasu batzuetan larruazalean agertzen ziren arrastoekin lotuta zegoela COVID-19aren larritasuna.
Uda hemen da. Ohi baino kontu handiagoz ibili beharko da?
Bai, zalantzarik gabe. Beti ibili behar dugu kontu handiz, baina are gehiago itxialdia pasatu eta gero. Argi izan behar dugu, oro har, gure larruazalak memoria duela, eta zaindu egin behar dugula.