Uxue Rey Gorraiz
Azaroan ekin zioten proiektua diseinatzeari, eta, koronabirusaren pandemiak eragindako etenaldiaren ondotik, hilaren hasieran bueltatu dira lanera: Pirinioetako lurraldeetan larrialdietako eta hondamendietako laguntza medikoa hobetzeko Europako sare batean parte hartuko du Nafarroak, Egalurg proiektuaren barruan. Nafarroako taldeko kide eta arduradun da Tomas Belzunegi sendagilea (Iruñea, 1956) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzien Fakultateko dekanordea.
Zein da prestatzen ari zareten sare horren helburua?
Pirinioetan gertatzen diren larrialdietako eta hondamendietako osasun laguntza hobetzea da helburua, arrisku handiko egoeretan bereziki, edota jende kopuru handia pilatzen den kasuetan. Horietan, eta beste guztietan, kalitatezko zerbitzua bermatu nahi dugu, eta eremu guztietan baldintza beretan egiten dela ziurtatu. Protokoloak bateratuko ditugu beharrei ongi erantzun ahal izateko.
Zer eskualdek hartuko dute parte?
Elkarlanean arituko gara Okzitaniako, Akitania Berriko, Kataluniako eta Nafarroako profesionalak. Zehazki, Tolosako Ospitalea, Baionako Ospitalea, Kataluniako larrialdi zerbitzuak eta gu, Navarrabiomeden gaudenak, hots, Nafarroako Gobernuaren ikerketa biomedikoko zentroko kide garenak.
Zergatik ikusi duzue horrelako sare bat sortzeko premia Pirinioetan?
Halakorik gabe, bakoitza bere burbuilan sartuta geldituko litzateke; ez genuke jakinen ondoko eskualdean nola ari diren lanean, ez genukeelako halako harreman zuzenik izanen haiekin. Bizitzako edozein arlotan bezala, larrialdietarako osasun laguntzarako oso inportantea da albokoari erreparatzea eta, ahal den heinean, harengandik ikastea.
Alde handia dago eskualde desberdinetako larrialdi zerbitzuen artean?
Bai. Jendeak uste du larrialdi zerbitzu guztiek berdin funtzionatzen dutela, baina hori ez da egia. Frantziako Estatuan, esaterako, orain dela urte mordoa jarri zituzten ZIU mugikorrak martxan. Nafarroan, berriz, duela hamabost bat urte hasi ginen; haiek baino askoz beranduago, alegia. Haiek askoz esperientzia handiagoa dute arlo horretan; ez hori bakarrik: haiek guk baino askoz helikoptero gehiago dituzte, adibidez.
Sare honekin, baina, indarrak batuko dituzue.
Bai, protokoloak harmonizatuko ditugu horretarako. Gainera, datu base komunak sortuko ditugu, larrialdiak daudenetan, gaixoen datu klinikoak biltegi bakar batean izateko gordeak, lana errazteko eta lasterrago erantzun ahal izateko.
Elkarlanerako sarerik gabe, zer arazo sortzen da eskualde horietan larrialdietarako lan egiteko orduan?
Egoera jakin batzuetan oso zaila izaten da normaltasunez aritzea lanean. Adibidez, nik ezin dut legez Frantziako Estatuan mediku gisa lan egin. Anbulantzia batekin bertara pasatzen banaiz ere, ezin dut hemen bezala jardun. Arazoa burokratikoa da, eta oztopo horiek gainditzeko lanean ari gara orain, uste baitugu ezinbestekoa dela baldintza horiek aldatzea. Une honetan, Kataluniako kideak hasiak dira helburu hori erdiesteko urratsak egiten.
Tresna berritzaileak sortuko dituzuela iragarri duzue. Zein dira tresna horiek?
Egitasmoaren barrenean den kide bakoitzari eginkizun batzuk esleitu zaizkio; hau da, nork bere ardurak ditu. Esate baterako, Tolosako Ospitaleak ospitale mugikor bat diseinatu eta egin behar du, hondamendi bat gertatuz gero osasun laguntza emateko. Haiek diseinatuko dute, baina guztiok erabili ahalko dugu. Hori da gakoa. Bestalde, Nafarroako taldeak simulaziorako baliabideak sortuko ditu. Oso proiektu interesgarria da.
Eta zertan datza, zehazki?
Nahiko arrunta da robotak edukitzea larrialdietako profesionalak entrenatzeko, eta horiek espazio ezagun batean egon ohi dira. Alegia, suspertze geletan edo ebakuntza geletan izaten ditugu horrelakoak, baina ez beste agertoki batzuetan; anbulantzietan edo helikopteroetan, kasurako. Horrelakoak sortu nahi ditugu, mugikorrak, jakina, besteek ere erabil ditzaten, beharra dutenean.
Nola laguntzen dute horrelako simulazioek?
Simulazioak behar-beharrezkoak dira larrialdietan nola erantzun ikasteko, profesionalak trebatzeko. Horientzako aurrekontua antolatzen ari gara gaur egun, baina aurreikusi dugu 2021ean hasi ahalko garela simulazio ekitaldiekin.
Adierazi duzue ez duzuela nahi hizkuntza aniztasuna oztopo izatea. Zer esan nahi duzue horrekin?
Eskualdearen arabera, profesionalek gai izan beharko dute gaztelaniaz edo frantsesez hitz egiteko, edo, jakina, beste eskualde batzuetan, euskaraz eta katalanez ere bai. Langileek aukera izanen dute beste eskualde batzuetara mugitzeko hizkuntza gaitasunak hobetzeko, beti toki berean gelditu beharrean.
Noiz jarriko duzue sarea martxan?
Hogeita hamar hilabete ditugu proiektua amaitzeko. Erritmo onean ari gara prestaketa lanetan, eta bukatu bezain laster aktibatuko dugu. Hori da gure helburu nagusia. Egia da koronabirusak eragindako osasun krisiak prozesua moteldu egin duela, baina gogotsu ekin diogu berriz gure lanari.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Medikuntzako graduko arduradunetako bat ere bazara. Zer moduzkoa izan da estreinako ikasturtea?
Ikasleen balorazioa oso ona izan da. Are gehiago, NUPeko graduetatik Medikuntzakoa da balorazio onena jaso duena, aurten. Oso kontent gaude denok.
Gradu osoa prest duzue dagoeneko?
Urtez urte ari gara prestatzen. Lehenbiziko ikasturtea egin dugu, eta aurki prest izanen dugu bigarrena. Gainera, zorionez, ongi bidean, klaseak presentzialak izanen dira irailean, taldeak nahiko txikiak baitira.
Berriki jakin dugu Erizaintzako lehen mailako lehendabiziko seihilekoa euskaraz egin ahalko dela datorren ikasturtean. Bada asmorik Medikuntzako gradua ere euskalduntzen hasteko NUPen?
Nahi genuke, baina graduko ikasleetatik oso gutxi dira euskaldunak, oraingoz. Ikusiko dugu aurrerago, baina oraintxe ez dugu masa kritiko nahikorik. Etorkizunean, euskaldun gehiago badago, jakina, eskariari erantzun beharko diogu.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku