Arrakalaren jakitun, lanean hasi aurretik

Arrakalaren jakitun, lanean hasi aurretik

Edurne Elizondo

Gogorra da”. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia eta Gizarte Laneko ikasleek ikerketa bat egin dute, bosgarrenez, NUPeko Unibertsitate Osasungarria programaren barruan: generoarekin eta bizi jarrerekin lotutako auziei buruzko inkesta egin diete fakultate guztietako 450 ikasleri. Jasotako datuetako batek agerian utzi du emakume ikasle gehienek ziurtzat ematen dutela arazo gehiago izanen dutela lan bat aurkitzeko, ikaskide gizonek baino. “Gelan ikusten dut: nota hobeak dituzte, hobeki prestatzen dira, eta, halere, argi dute gelako gizonek aukera gehiago izanen dutela. Gogorra da”.

NUPeko irakasle eta soziologo Carlos Vilchesenak dira hitzak. Bere zuzendaritzapean aritu dira ikerketa egin duten ikasleak. Gradu guztietako ikasleen artean egindako inkestan, denera, 55 galdera proposatu dituzte, arlo nagusi batzuen inguruan: gradua aukeratzeko arrazoiak; berdintasuna edota desberdinkeria unibertsitatean; kirol jarduerak; harreman afektiboak; ikasleek norberari buruz duten irudia; osasuna; eta, azkenik, estresa.

Vilchesekin batera, NUPeko bertze hainbat kide ere aritu dira ikasleei ikerketa garatzeko prozesuan laguntzen: Ana Ansa, laguntza medikoan; Natalia Tajadura, gizarte ekintzan; Idoia Aranaz, berdintasunean; eta Elena Gonzalez eta Yolanda Arana, datuen tratamenduan eta aurkezpen grafikoan.

Lan gehiagoren beharra

Ikasleek egindako lanaren “balioa” nabarmendu du Vilchesek: batetik, ikerketak agerian jartzen dituelako ikasleon kezkak eta jorratutako gaiei buruzko beren ikuspuntuak; eta, bertzetik, ikerketa egiteko prozesua “sekulako irakaspena” delako haientzat. “Haien esku dago ikerketaren prozesu osoaren ardura; lan esparruan ariko balira bezala egin behar dute”, azaldu du soziologoak. Hirugarren kontu bat aipatu du, gainera: emaitzek zer bide egin behar duten irakasten dietela unibertsitateko arduradunei, alegia.

Hasieran nabarmendutako datuarekin lotu du Vilchesek hirugarren auzi hori: “Ikerketak agerian utzi du ikasleek argi dutela NUPek egin dituela urratsak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde, baina uste dutela, aldi berean, gehiago egiteko beharra badela”. Zehazki, inkestaren arabera, ikasleen ia %64k nabarmendu dute NUP lan egiten ari dela genero desberdinkeria gainditzeko; baina ia %31k nabarmendu dute egiten duena baino gehiago egin dezakeela unibertsitate publikoak. Ikasleen herenek, hain zuzen ere.

Sexuaren araberako desberdinkeriaren arrastoak, beraz, unibertsitatean ere nabarmenak dira, oraindik ere. Horixe erakutsi du ikerketak, eta horixe jarri du Vilchesek erdigunean. Lanari buruzko datuak ez dira jaso dituzten bakarrak, gainera: osasunaren arloan ere, emakumeen eta gizonen arteko alde hori agerikoa dela erran du Vilchesek. Ikasleen %68k baino gehiagok onartu dute estresa sufritu dutela, adibidez; %22k esan dute maiz sufritu dutela, eta kopurua nabarmenagoa da emakumeen artean: %29,3, alegia. “Gizartearen presioa modu nabarmenago batean sufritzen dute emakumeek, zalantzarik gabe”, erantsi du NUPeko soziologoak. Muturreko kasuetan, presio horrek ikasketak uztera eramaten ahal ditu ikasleak: aukera hori aztertu dute gizonen %38,6k eta emakumeen %43,5ek, hain zuzen ere.

Ikasleek beren buruaz duten iritzian ere sumatzen da gizartearen presioa, ikerketak jaso duenez. Eta bertze arlo anitzetan bezala, presio hori emakumeek sumatzen dute nagusiki. Ikasleen ia %60k erran dute, adibidez, sentitzen dutela irudi fisiko jakin bat izateko presioa. Batez besteko datua da hori; gizonen artean behera egiten du, eta %46,6 dira presioa sumatzen dutenak; emakumeen artean, berriz, %71,4k onartu dute presioa.

“Emakumeak nagusi dira gizarte gaietako graduetan eta osasunaren arlokoetan; gizonak, berriz, ingeniaritzetan”. Errealitate hori oraindik ez dela aldatu erran du Vilchesek. Aldaketarako heldulekua izan daiteke ikerketa.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku