Edurne Elizondo
Krisiak agerian utzi ditu sistemaren gabeziak. Hori nabarmendu du Afan alzheimerra dutenen senitartekoen elkarteko psikologo Ana Remirez de Ganuzak (Tutera, 1982). Doako zerbitzu berri bat jarri dute martxan, zaintzaileei laguntza emozionala emateko. 948-27 52 52 eta 948-41 02 99 telefono zenbakietara dei dezakete.
Nolakoak izan dira itxialdiko egunak alzheimerra dutenentzat eta haien familientzat?
Konfinamenduak iraun bitartean, egoerara moldatu behar izan dugu, eta etxetik aritu gara lanean. Argi genuen lehentasuna zela laguntza eske deitzen zutenak artatu ahal izatea. Eta anitz izan dira deitu dutenak. Herritarrentzat itxialdia gogorra izan da, eta are gehiago gure kolektibokoentzat, egoera bereziki zaurgarrian direlako.
Nola eragin die egoerak gaixoei?
Konfinamenduak eragin du okerrera egitea gaixo direnen narriadura fisikoak eta kognitiboak. Dementziaren bat dutenentzat, kaltegarria da beren errutinak bertan behera uztea; bakartzeak ere egin die kalte, bertzeak bertze, beren gaitasunak lantzeko eta haiei eusteko terapiak ezin izan dituztelako jaso, eguneko zentroak itxita zirelako. Itxialdiak ekarri du, kasu anitzetan, gaixoaren jokabidea aldatzea, eta zaintzaileentzat zaila izan da egoera kudeatzea.
Zaintzaileek, anitzetan, ezin izan dute lan hori partekatu. Nolakoak izan dira hilabeteok senideentzat?
Gogorrak izan dira, zalantzarik gabe. Elkartera deitu dutenen kopuruak nabarmen egin du gora. Batez ere, sentitu duten gainkargaz aritu zaizkigu, eta kontatu digute antsietateak edo beldurrak jota bizi izan dutela itxialdia. Hagitz gogorra izan da, eta anitz sufritu dute.
Horregatik jarri duzue martxan zerbitzu berria?
Bai, argi ikusi dugulako horren beharra dutela elkarteko kideek, bai eta gure bazkide ez diren herritar anitzek ere. Beharra duten guztiengana heldu nahi dugu.
Lehendik ere ematen zenuten laguntza psikologikoa; arlo hori indartzea da kontua?
Batez ere, asmoa da elkartetik kanpo ere aritzea. Hau da, Iruñetik edo Tuteratik kanpo, gure asmoa da landa eremuko herri txikietan ere aritzea, jendeari behar duen babesa emateko.
Ezberdina da batzuen eta bertzeen egoera?
Kasu guztiak dira ezberdinak. Noski, ezberdina izan da itxialdia dementzia duen pertsona etxean duen familiarentzat edo egoitza batean duenarentzat. Argi dago osasun krisiak gogor jo dituela zaharren edo mendekotasuna dutenen egoitzak. Egoera horri aurre egitea kanpotik, egoitzan dagoen senidearekin egoteko aukerarik gabe, ez da batere erraza izan.
Konfinamendua arautu duten dekretuek ere ez dute ongi azaldu, anitzetan, zer egin zitekeen eta zer ez. Sumatu duzue hori?
Dei anitz jaso dugu galdetzeko mendekotasuna zuen pertsona karrikara ateratzen ahal zen edo ez. Hasieran, informazioa ez zen argia, eta zaintzaileek ez zekiten zer egin. Horrek ere eragin die ezinegona, hagitz garrantzitsua baita anitzentzat karrikara atera ahal izatea.
Zaintzen zutena galdu dutenek ere deitu dute?
Bai. Senidea galdu dute, baina hagitz egoera berezi batean. Ezin izan diote agur erran, ezin izan dute familiaren eta lagunen babesa jaso. Hagitz zaila izan da. Parte hartu nahi izan dugu, pertsona horien oinazea dolu patologiko bilaka ez dadin.
Senideak egoitzetan dituztenek, bertzalde, ezin izan dituzte ikusi denbora luzez.
Hori izan da gauzarik gogorrenetako bat. Egoitzetan ahaleginak egin dituzte komunikazioari eusteko, telefonoz edo bideo deien bitartez. Baina maite duzun hori bisitatzera ezin joatea gogorra izan da. Kasu batzuetan gertatu da konfinamendua hasi dela dementzia duen senide hori egoitza batean utzi berritan, eta horientzat egoera are gogorragoa izan da. Telefono edo bideo deien bidezko komunikazioa, anitzetan, zaila izan da, eta horrek areagotu egin du gaixoen eta senideen ezinegona.
Elkartean eta elkartetik kanpo nahi duzue garatu zuen laguntza zerbitzu berria. Nola?
Gure asmoa da, batetik, gisako zerbitzua ez duten egoitzetan lagundu ahal izatea. Bertzetik, osasun etxeekin edo eguneko zentroekin ere jarri nahi dugu harremanetan, espazio horietan lagundu ahal izateko. Hirugarrenik, ospitaleetako neurologia edo geriatria zerbitzuekin lan egiteko prest gara. Nafarroa osoan aritu nahi dugu. Herri txikietara mugitzeko prest gara, gutxieneko jende kopuru bat lortuz gero. Finean, beharra duen orori gure babesa eman nahi diogu.
Egoerak agerian utzi ditu sistemaren gabeziak?
Bai. Uste dut gertatu denak balio behar duela denok gogoeta egiteko eta zer behar dauden identifikatzeko. Antzeko pandemiak gerta daitezke, berriz ere, eta inportantea da oraingo egoerak irakatsitakoa baliatzea hurrengoari hobeki aurre egin ahal izateko.
Zer erakutsi dizue osasun krisiak?
Gure kasuan, adibidez, erabaki dugu Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkartearekin batera ikerketa bat abian jartzea, inkesten bidez, dementzia dutenek eta beren senideek izan dituzten behar guztiak identifikatzeko. Jakin nahi dugu zer izan den gogorrena, zerk eragin dien beldur gehien. Hori guztia jakin nahi dugu etorkizunerako hobeki prestatzeko. Administrazioak ere egin beharko luke gogoeta, egindako hutsak zuzentzeko.
Zuek zer moduz zaudete?
Guretzat ere gogorra izan da hau guztia. Ordu anitz egin dugu lan. Baina ezin genuen jendea bakarrik utzi. Babesa behar zuten.