Iritzia: “Baina jarraitu zuten”

Iritzia: “Baina jarraitu zuten”

Lohizune Amatria

Ez da erraza izan egun horiek gogoratzea, bizi izandakoa ahazten edo, gutxienez, horrekin bizitzen ikasten saiatu ondoren”. Aurpegian, ahotsean ere nabaritzen zitzaion Ainara Gorostiaga iruindarrari hala zela. Hitz egiten ausartu direlako erabat eskertuta, gaur, tortura pairatu dutenenganako elkartasunezko nazioarteko egunean, haiei eman nahi diet hitza. Jarraian, Ion Arretxe, Ainara Gorostiaga eta Iker Moreno. Milaka kasuren arteko hiru.

1985ko azaroaren 26a, Errenteria. “Garai hartan nik 21 urte nituen. Gauero bezala, gurasoen etxean egin nuen lo. Goizaldeko hiruretan etxeko atea behera bota zuten, eta oihu, irain eta agindu nahasien artean, ohetik atera ninduten. Ez dakit nora eramaten ninduten”.

2011ko urtarrilaren 18a, Burlata. “Entzun nahi zituzten erantzunak nire ahotik ateratzen ez zirenez, kolpeka hasi ziren. Eskuak zabalik zituztela, bularrean eta buruan kolpeak ematen hasi ziren. Nire erantzuna mutu gelditzea izan zen. Bidaia luzea izan zen. Ia amaigabea”.

2002ko otsailaren 24a, Castello-Madril. “Furgoitik jaitsi nintzenetik ezin izan nuen inor ikusi, auzitegiko medikuak eta deklarazioa hartu zidaten bi poliziak salbu. Gainerakoan, antifaz batekin egon nintzen. Hori izan nuen lehen hiru egunetan jantzi bakarra. Biluzik egin nituen deklarazio guztiak”.

1985eko azaroaren 26a, Intxaurrondo. “Plastikozko bi zakutan sartu ninduten. Enbalatzeko zintaz inguratu ninduten, momia baten antzera, eskuak bi zakuen artean libre gera zitezen zainduz. Ahoz behera etzan ninduten. Ni tranpa batean harrapatutako krokodiloa bezala bihurritzen nintzen. Barre egiten zuten”.

2002ko otsailaren 24a, Madril. “Torturak ezagutzea nire esku zegoela esan ondoren, kolpeak hasi ziren. Eserialdia poltsarekin. ‘Putakume’ oihua. Kolpeekin ibilgetua. Kolpe gehiago. Makila ipurdian, lau hanketan”.

2011ko urtarrilaren 18a, Madril. “Buruan jotzeko erabiltzen zituzten egunkariekin, barrabiletan kolpe txikiak ematen hasi ziren. Isilik jarraitzen nuenez, eserialdi gehiago eginarazi zizkidaten, eta nekearengatik azkarrago arnasten hasi nintzenean, plastikozko poltsa bat buruan jarri, eta airea hartu ezinik izan ninduten ia ito arte. Lehen saio hartan zazpi-zortzi aldiz jarri zidaten poltsa”.

2002ko otsailaren 24a, Madril. “Ihesbide bakarra gauzak asmatzen hastea izan zen. Baina ez. Bazekiten hori ez zela egia. Lau istorio ere asmatu behar izan nituen, eta ona zela uste nuenean, berriz ere gogorrena. Eta, horrela, idatzitako gidoiarekin etorri ziren arte. Edo hori sinatu, edo, bestela, okerragoa izango zen. Ezin nuen gehiago, hiltzeko esan nien. Baina jarraitu zuten”.

Jarraitu dute. Euskal Memoria Fundazioak 1950eko hamarkadatik 5.657 tortura kasu egiaz-tatu ditu Euskal Herrian. Horietatik 643 inguru biktima nafarrak dira. Zenbat izanen dira, baina, denera? Noiz eginen zaie justizia?

“Askotan galdetzen diot neure buruari nola jasan daitekeen hori”, aitortu du Gorostiagak. Herri gisa nola jasan dezakegun ere gehituko nioke. Tamalez modua bilatzera kondenatu gaituzte.