Saretuz eginen diote aurre datorrenari

Saretuz eginen diote aurre datorrenari

Uxue Rey Gorraiz

Elkar zaintzeko egin dute bat Sanduzelaiko bizilagunek, irits daitekeenari so. Askok iragarri dutenez, koronabirusak eragin duen krisiaren ondotik beste ekonomia krisialdi batek astinduko du gizartea datozen hilabeteetan, eta, hari aurre egiteko, indarrak batzearen alde egin dute bertako auzokideek: Sanduzelaiko Sare Soziala sortu dute, auzoko kolektibo eta bizilagunen elkartasunerako sarea. Joan den larunbatean aurkeztu zuten, Gortari plazan, berrehun bat lagunen babespean.

Bi helburu nagusi ditu Sanduzelaiko sare berriak: batetik, aldarrikapenak egiteko tresna eraginkorra izan nahi dute, eta, bestetik, datorren krisialdi ekonomikoari aurre egiteko balioko duten alternatibak eraiki. Bizilagunek nahi dute auzoak berak sortzea baliabideak; izan ere, ez dira fidatzen agintariek hartuko dituzten neurriez. Aurrea hartu nahi diote etor daitekeenari.

2008. urteko krisialdi ekonomikoan gertatutakoak dituzte buruan bizilagun askok. Gogoan dute aldi hartan murrizketa asko izan zirela, osasunaren eta hezkuntzaren esparruetan adibidez, eta, diotenez, ez dute onartuko “biktima berriz langile klasea izatea”.

Ez dute nahi murrizketarik, ez etxegabetzerik, ezta jendea lanetik botatzerik ere. Irmoki diote hori. “Krisialdietan instituzioek eta boterean direnek egiten dituzten politikek ondorio bera dakarte normalean: benetan dirua dagoen tokietatik hartu beharrean, jende xeheak estutu behar izaten du gerrikoa, eta langileek ordaindu behar izaten dituzte kalteak”.

Juantxo Goien sareko kidearenak dira hitzak. Haren ustez, etorkizuna “ilun samarra” da, eta nabarmendu du, hain zuzen ere, horregatik dela “ezinbestekoa” bizilagunek elkarri laguntzea. “Ondorioak latzak izanen dira, baina guk behintzat leunagoak izan daitezen eginen dugu lan”, azaldu du Goienek.

Auzolan askoko auzoa da Sanduzelai, eta, lehendik ere, hainbat ziren esparru sozialean lan egiten zuten kolektiboak. Horietako zenbait zerrendatu ditu Goienek: etxegabetzeen aurkako taldea, apustu etxeen kontrako mugimendua eta ikastetxeetako gurasoen elkarteak aipatu ditu, besteak beste. Asko izanagatik ere, ordea, “bakoitzak bere espazioan” lan egin izan du, orain arte.

“Auzoan ez dugu denek elkarrekin ekintzak antolatzeko topagunerik izan, eta, horregatik, diziplina anitzeko espazio bat sortzeko premia ikusi dugu”. Gainera, beste helburu bat ere erdietsi nahi dute bide hori hartuta: kolektibo jakin batean ez daudenek ere parte hartzea. Lantaldeak sortuko dituzte horretarako.

Arreta, behar dutenei

Gaur egun, 13.000 pertsona inguru bizi dira Sanduzelain. Langile auzoa da, Landaben industrialdearen ondoan kokatua. Goienek azaldu du, baina, Iruñeko Udala ez dela inoiz, oro har, “askorik kezkatu” Sanduzelairekin, eta, ezinbestean, aldarrikapen askoko auzoa izatera eraman dituela horrek, bai eta “identitate indartsua” izatera ere. “Iruñeko aldirietako auzoa gara, eta betidanik daramagu gainean ahaztuak izatearen zama”, erantsi du.

Sareak arreta handia eskaini nahi die “bereziki zaurgarriak” diren zenbait kolektibori, hala nola adinekoei, haur eta gazteei, etorkinei, baliabide gutxiko pertsonei eta langabeei. Goienek dioenez, auzokide guztiek nabarituko dute krisialdiaren eragina, baina talde batzuek are modu nabarmenagoan sufrituko dituzte haren ondorioak. “Esaterako, bizilagun batzuek itzalpeko ekonomian egiten dute lan, eta horiek, jakina, oso babesgabe daude horrelako egoera batean”. Guztiengana heltzen ahaleginduko dira sarekoak. Hori dute asmoa.

Aurkezpena egin berritan, hemendik aurrera egin beharko diren urratsei buruz hausnartzen ari dira Sanduzelaiko Sare Sozialeko kideak. “Eraketa fasean” daude, oraindik ere, baina ahalik eta lasterren hasi nahi dute lanean. Ez dakite koronabirusaren kontrako neurriek baldintzatutako uda honetan ekintza asko egiterik izanen duten, baina, oraingoz, iragarri dute udatik bueltan egiteko zenbait jarduera antolatzen ari direla. Adibidez, irailean jardunaldi batzuk eginen dituzte sarearen funtzionamenduari buruzko zenbait kontu zehazteko: lehenik eta behin, asmoa dute auzoaren egoerari buruzko “diagnostikoa” egiteko, eta orduan aterako dituzten ondorioetatik abiatuta finkatu nahi dituzte sarearen lehentasunak.

Krisialdian lagunduko duten neurri konkretuak diseinatu beharra dute orain. Hainbat aurreikusi dituzte dagoeneko: zaintza sareak eta herri baratzeak, esate baterako. Azken horiek baliabide gutxiko familiei elikagai iturri on bat eskaintzeko balioko dute. Argitu dute neurrietako batzuk konfinamenduan sortu diren eta indarrean mantenduko dituztenak direla, eta, aldiz, berriak izanen direla beste batzuk.

Bestalde, sarearen bidez, auzoko denda eta zerbitzuei lagundu nahi diete Sanduzelain; itxialdian ere zenbait ekinaldi antolatu ziren horiei babesa emateko, eta hemendik aurrera ere laguntza beharko dutela ikusi dute auzokideek. “Denda eta negozio txikiak aspaldi hasi ziren nabaritzen oso zaila dela denda handiekin edo multinazionalekin lehiatzea, eta, orain, koronabirusaren eraginez, kinka larrian daude horietako batzuk”, esan du Goienek.

Koronabirusak eragin duen krisiari erantzuteko sortu dute sarea, baina horrek ez du esan nahi bizialdi motzekoa izateko jaioa denik. “Ez da oraingo problemei bakarrik erantzuteko sortua: epe luzeagoan erdietsi nahi ditugun helburuak ere baditugu”, zehaztu du Goienek. “Badakigu ez dagoela gure esku mundu mailako krisi bat geldiaraztea, baina gauza asko aldatu eta hobetu daitezke auzoetatik eta herrietatik ere”. Jakitun daude beste toki batzuetan ere antzeko sareak edo ekinaldiak antolatzen ari direla, eta sinetsiak daude hori dela bide zuzena: bakoitzak bere esparrutik lan egitea, eta gainerako herriekin batera aritzea herritarren eskubideen alde.