Iritzia: Eta gero, zer?

Iritzia: Eta gero, zer?

Amets Aranguren Arrieta

Hiltzearena, bale, bai. Baina, eta gero, zer? Hori da, beldurra baino, panikoa ematen didana”, bota du X-k. “Ba, gero ezer ere ez”, pentsatu dut nik; ozenki esan ez, eta nik neuk ere erantzun hori erabat ulertu eta barneratu gabe dudala jakinda. Zirkulu bat osatzen duten bizkotxoa, ur-pitxerra eta edalontziak inguratzen dituzten egurrezko hogei bat aulkitan gaude eserita, eta ez dugu denek ezagutzen elkar.

Noizean behin elkartu, eta heriotzaz hitz egiteko biltzen da jendea Death Cafe-etan. Euskal Herrian geroz eta gehiago ari da zabaltzen Ingalaterran sortutako egitasmo hau, non, etxe askotan tabu den gaiaren inguruan lasai mintzatzeko parada duen partehartzaile orok. “Ez da dolua gainditzeko laguntza”, eta “ez da ondoriorik aterako”, zioen egitasmoa iragartzen zuen afitxak. Lehen aldia izan dut nik gaur.

Konfinamenduaren ondotiko lehen kedada zuen taldeak gaurkoa, eta, logikoa zen bezala, koronabirusak ekarririko itxialdia izan da bi orduko bileraren ardatz. Erizaina, zahar-etxeko langilea eta irakaslea mintzatu dira, besteak beste, gertaturiko honetan guztian heriotzari eman zaion lekuaz, haurrekiko hartu den jarreraz edota sistemaren lehentasunez.

Haurren kontuarekin geratu naiz pentsakor. Nork prestatzen du 8 urteko haurra amaren heriotzarako? Badakigu nola jokatu haiekin, guk geuk ere kudeatzen ez dakigun egoera batean? Zer ikasten da eskolan heriotzari buruz? Agian utzi beharko genioke hainbeste mezu polit, alai, positibista eta gezurrezko bidaltzeari. “Ez egin negar” edo “helduen gauzak dira” esaldiek mina besterik ez diete ematen haurrei. Haurrak dira, ez ergelak. Gizartean gaia tabu izateak, eta bizitza eta heriotza parekaturik ez izateak zailtzen dute dena.

12 urte bete ditu aurten Amagoiak. Duela aste pare bat, bizikletarekin atera ginen biok buelta bat ematera, eta, kasualitatez hilerriaren ondotik pasatzen ari ginela, sartzeko proposamena egin nion.

Egia esan, momentu hartan ez nuen argi ideia ona zen ala ez, baina baiezkoa eman zidan, inongo erreparorik gabe. Egin zizkidan galdera gehienendako ez nuen erantzunik izan; nik ere egiten nizkion nire buruari galdera haiek. Baina gogoan ditut bere komentarioetako batzuk: “Hilerria baino, hiliria ematen du”; “familia hau ondokoa baino aberatsagoa zen, begira hilik egonda ere zer etxe duten!”; “honek lurra okertua dauka; inork ez du merezi betirako den etxea okertuta izatea”.

Gu gara haurrak gaiarekiko naturaltasun horretatik aldentzen ditugunak. Oso leku lasai eta freskoa dela esan dit ateratzerakoan, eta baita inor egon gabe ere, denak daudela. A! Eta, kasualitatez, ni baino lehenago hiltzen bada, enkargatu nadila bere harrian argazkirik ez jartzeaz, argazkietan beti ateratzen dela gaizki.

Norbere heriotza onartzea omen da gaiaren inguruan lasaiki mintzatzeko lehen pausua, baina aitortu behar dut: niri oraindik kostatzen zait “eta gero, zer?” galderaren “gero ezer ez” erantzuna benetan ulertzea.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku