Mahai baten bueltan eseri arte

Edurne Elizondo

Grebari eutsi diote. Sephora enpresako Nafarroako langileek ez dute amore eman, eta joan den otsailean hasitako protestarekin aurrera jarraitzea erabaki dute. Lan baldintza duinak bermatuko dizkien lan hitzarmena exijitu nahi dute egiten ari diren greba mugagabearen bidez, baina enpresak, oraindik ere, ez du urratsik egin haiekin hitz egiteko. Alderantziz: “Isildu nahi dituzten ahotsak gara”, salatu du Ainhoa Urkiak, ELA sindikatuko zerbitzuen arloko arduradunak. Sephorako langileen aholkulari lanetan ari da greba hasi zenetik, eta enpresak erakutsi duen “jarrera harroa” kritikatu du.

Sare sozialen bidez zabaldu dute Sephorako langileek beren borrokaren berri, eta hori egiteagatik, hain zuzen ere, enpresak idatzi bat igorri dio ordezkarietako bati, konpainia ez kritikatzeko ohartarazteko: “Langileen lan baldintza txarrek ez dituzte kezkatzen Sephorako arduradunak, baina min egiten die herritarrek egoeraren berri jakiteak”, nabarmendu dute ELAko kideek. Sindikatu hori da enpresan ordezkaritza duen bakarra. Multinazionalak salatu egin ditu, eta kalte- ordaina eskatu, enpresarien ustez greba legez kanpokoa delako. Hilaren 17an dute epaiketa.

Prekaritateak jota

“Egoerak izen propioa du: prekaritatea”. Hori da auziaren gakoa, Ainhoa Urkiaren hitzetan. Emakumeak dira Sephorako langile guztiak, eta horrek badu ikustekorik gertatzen denarekin: “Feminizatutako sektore bat da gurea, eta gisako bertze hainbat arlotan gertatzen den bezala, gu ere zapaltzen gaituzte”.

Sephora multinazional bat da, eta bi denda ditu Iruñean; denera, hamalau langile ari dira bi zentro horietan. “Karlos III.a etorbideko langile guztiek egin dute bat grebarekin; Moreako zentroan, berriz, erdiek baino gehiagok”, azaldu du Urkiak. Ostegun, ostiral eta larunbat oro egiten dute greba, zehazki, eta protestari eusteko asmoz dira. “Egoera gogorra da, baina langileak indartsu daude, eta dagokiena jasotzeko borrokatzeko prest”.

Erdigunean jarri dituzte euren aldarrikapen nagusiak: soldatak hobetzea, eta behin-behinekotasuna eta ordutegien malgutasuna murriztea. “Astean sei egunez irekitzen dituzte dendak, eta atsedenerako aukerak gero eta urriagoak dira, jaiegun askotan ere lan egin behar dutela kontuan hartuta”, erantsi du ELAko kideak, eta gutxienez egun eta erdiko atsedenaldia eskatu du Sephorako langileentzat.

Soldataren auzia azaltzeko, adibide argi bat aipatu du Urkiak: “Dendan badira mila euro balio duten kremak; enpresan lanaldi osoz ari diren langileak gutxi dira, eta horiek ere 900 euro eskaseko soldata jasotzen dute; hau da, krema batek balio duena baino gutxiago”, salatu du.

Egungo prekaritateari aurre egiteko, lan hitzarmen propioa lortu nahi dute Sephorako langileek. Egun, Espainiako Estatuan drogerien esparruan indarrean dena ezartzen diete Nafarroako langileei. UGT eta CCOO sindikatuek sinatu zuten hitzarmen hori. “Enpresa hitzarmen bat lortzea dugu helburu, hemengo testuingurua eta egoera kontuan hartzeko”.

Sephora konpainia, baina, oraingoz ez da negoziatzen hasteko prest. “Beharrik ez dutela esaten dute enpresako arduradunek”. Ainhoa Urkiak argi du multinazionala dela egungo egoeraren erantzule, biktimaren rola bete arren. Izan ere, langileen greba legez kanpokotzat jo, eta, auzitara jo eta gero, Sephorak 8.000 euroren kalte-ordaina eskatu dizkie ELAri eta sindikatuko enpresako ordezkariei, greba egun bakoitzeko.

Hilaren 17ko epaiketa 09:30ean hasiko da, eta ELAk elkarretaratzera deitu ditu herritarrak, ordu erdi lehenago: 09:00etan, Nafarroako Justizia Auzitegiaren egoitzaren aurrean. Protesta horren bidez, langileen alde egin nahi du sindikatuak, eta Sephoran eta bertze zentro anitzetan pairatzen duten prekaritatearen aurka.