“Zaintza lanak ardura soziala dira, eta guztioi dagozkigu, ondorioz”

“Zaintza lanak ardura soziala dira, eta guztioi dagozkigu, ondorioz”

Uxue Rey Gorraiz

Kontziliazio familiar eta laborala Lekunberrin (Larraun): hurbilketa etnografiko bat izenburuko doktoretza tesia aurkeztu du Rocio Otxoa Santos antropologo eta gizarte hezitzaileak NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan (Donostia, 1970). Ikerlaneko ondorioek agerian utzi dute, batik bat, haurren eta adinekoen zaintza lanak emakumearen gain direla, oraindik ere, kasu gehienetan. Lekunberriko hainbat familia elkarrizketatu ditu Otxoa Santosek bere tesia osatzeko.

Zein da, zehazki, zure ikerketaren helburua?

Familia unitateetako lanak banatzeko modua aztertu nahi izan dut, eta hiru alderdiri erreparatuz egin dut analisia. Ikusi nahi izan dut nola banatzen diren etxetik kanpoko lana, zaintza lanak eta aisialdia gizon eta emakumeen artean. Horregatik, bikote heterosexualez eta 12 urtetik beherako seme-alabez osatutako hainbat familia izan dira nire lagina, Lekunberrin. Gainera, beste baldintza bat ere bete behar zuten: biek, aitak eta amak, egin behar zuten lan etxetik kanpo.

Zein dira ateratako ondorio nagusiak?

Lanaren banaketari dagokionez, badirudi familia eredu tradizionala atzean utzi dugula alderdi askotan. Lehen, seme-alabak izan bezain laster, emakumeak etxetik kanpo lan egiteari uzten zion, etxeko lanez arduratzeko eta haurrak edo adinekoak zaintzeko, eta gizonak ekartzen zuen dirua etxera. Esaten da beste eredu bat dugula orain, zeinetan lanak gizonaren eta emakumearen artean modu justuan banatzen diren, baina hori eredu ideala baino ez da. Hori, praktikan, ez da hala gertatzen.

Zein da errealitatea?

Gizonak zein emakumeak dute etxetik kanpo lan egiteko eta etxera ekarpen ekonomikoa egiteko ardura; oso barneratua dugu ideia hori, baina, kontrara, zaintza lanen ardura ez da banatzen, eta emakumeak hartzen du bere gain. Zoritxarrez, jende asko ez da horretaz ohartzen, ez delako hausnarketa sakonik egiten gaiari buruz, gertatzen ari denari buruz.

Nola egiten dio horrek kalte emakumearen ibilbide profesionalari?

Emakumeek murrizten dituzte beren lan-jardunaldiak seme-alabak zaintzeko, edo emakumeek hartzen dituzte eszedentziak, baita emakumearen lanpostua gizonarena baino hobea denetan ere. Ohikoena hori da, eta, ezinbestean, joera horrek ahuldu egiten du emakumeek lanean duten posizioa eta soldata. Gainera, horren eraginez, bikotekidearekiko mendekotasun ekonomikoa handitu egiten da. Kontua da uste dugula amak zaindu behar dituela beti seme-alabak; are gehiago, bere haurrak beste edozer gauzaren gainetik jartzen dituena dela ama on bat.

Zergatik uste dugu hori?

Hala erakutsi zaigu, umeei egiten zaizkien opariak ikusi besterik ez dago. Neskei panpinak eta gurditxoak oparitzen dizkiete gurasoek, beste batzuk zaintzeko gaitasun biologiko berezi bat bagenu bezala. Amak zaintza lanetan ordezkaezinak direla uste du jendeak, ama batek bezain ongi ezin duela inork zaindu haur bat.

Tesian azaldu duzu aitatasun eta amatasun ereduak aldatu egin behar direla.

Bai, rol tradizionaletatik urrunduz, eta zaintza lanak modu justu batean banatu daitezen sustatzeko, besteak beste. Naturalena haurrak amak zaintzea dela uste dugu, eta zerbait naturala dela esateak problema bat dakar bere baitan: pentsatzea hori ezin dela aldatu. Hori salatu beharra dago, eta argi utzi behar da zaintzen ikasi egiten dela, eta, jakina, gizonei ere badagokiela lan hori, zaintzen ikastea eta zaintzea.

Zer iritzi du gizarteak zaintza lanez?

Etxe barruko gauzak ikusezinak izan dira urteetan, ez zaie behar adinako garrantzirik eta baliorik eman. Zaintza lanak ezkutuan izan dira beti, izozmendi baten urpeko zatia balira bezala, hain zuzen ere; baina lan horri esker funtzionatzen du gizarteak. Gure sistema kapitalistak ezin izanen lioke aurre egin zaintza lan guztiak ordaindu behar izateari.

Zenbateraino baldintzatzen du gaur egungo lan merkatuak kontziliazioa?

Lanak erabateko prestasuna eskatzen du egungo sisteman, askok lan merkatua malgua dela sinetsarazi nahi badigute ere; langileentzat oso zurruna da, eta guztiz baldintzatu behar duzu bizitza osoa lanarentzat. Lan merkatua hobeki egokitu beharko litzateke gure premietara, eta ez alderantziz.

Hain justu, kontziliazio hitza maiz izan dugu ahotan osasun krisian eragindako konfinamendu garaian.

Bai, itxialdiak bistan utzi baititu sistemaren gabeziak. Etxean sartuta egon behar izan dugu, eta, eskolak itxiak zeudenez, haurrak ere gurekin izan ditugu egun guztian. Ohartu gara kontziliaziorako problemak nabarmenak direla, eta datozen hilabeteetan ere ikusi ahalko ditugu horren ondorio negatiboak.

Pixkanaka, baina badira horretan lagundu nahi duten neurri eta politikak. Zer iritzi duzu horien gainean?

Gero eta gehiago daude, baina ez dira aski. Esaterako, laster aitatasun baimenak amatasun baimenak bezain luzeak izan ahalko dira. Aurrerapauso garrantzitsua da, baina asko dago egiteko, oraindik ere. Orain arteko neurri gehienak, adibidez, emakumeei lana eta familia bateratzen laguntzeko egin dira, baina harago joan beharko genuke, eta erakutsi zaintza lanak ardura soziala direla, eta guztioi dagozkigula, ondorioz.

Nazioarteari begira, ba al dago gai honen inguruan eredugarri den herrialderik?

Europaren iparraldeko herrialdeak adibide ona dira. Berdintasun politikak egin dituzte azken urteetan, eta egoera hobea da hemengoa baino. Dena dela, herrialde horietan ere emakumeen lanpostuak gizonenak baino kaskarragoak dira, eta, era berean, zaintza lanak nahiko ikusezinak eta gutxietsiak dira oraindik ere. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ez dago inon munduan.

Zein da, berdintasuna helburu hartuta, egin beharreko bidea?

Lehenik, garrantzitsua iruditzen zait aitatasun eta amatasun eredu berriak aurkeztea, eta, horrekin batera, baita heterosexualak ez diren pertsonek osatutako familia ereduak erakustea ere. Bigarrenik, zaintza sozializatu egin behar da. Ezin dugu segitu pentsatzen zaintza emakumeen kontua dela. Izatez, ez genuke pentsatu behar ezta familia unitate osoaren ardura bakarrik denik ere. Gizarte osoari dagokio zaintzaren gaineko erantzukizuna.