Edurne Elizondo
Gogorrena? Familia atzean uztea; hamasei urtez zurekin egon diren senideengandik urrundu eta bakarrik bizi behar izatea, zurea ez den bertze herri batean”. Rida Ait Bouzid gaztearenak dira hitzak. 19 urte ditu orain, eta Sei Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboa elkartean ari da lanean. Marokon jaioa da, eta handik bakarrik etorri zen Nafarroara, familiarentzat etorkizun hobe baten bila. Egun, bakarrik diren 254 migratzaile adingabeko dira Nafarroako Gobernuaren babespean. Osasun krisiak eragin dio adin txikiko horiek artatzeko programari, eta Eskubide Sozialen Departamentuak itxi egin du, ondorioz, iaz Iturmendin zabaldutako harrera zentroa.
Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaile Ines Francesek azaldu nahi izan ditu erabaki horren atzekoak, argitzeko testuinguru zehatz batean hartu dutela: “Zentroa ixteak ez du ekarri gazteok babesgabe uztea, eta aukera eman digu behar ziren bertze baliabide batzuk garatzeko”.
Aukera hori sortu da, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz migratzaile adingabeen etorrera eten egin delako. “Ondorioz, lehen uneko arreta bermatu eta gero, gazteen autonomia sustatzeko bertzelako neurriak bultzatu ahal izan ditugu”, azaldu du Francesek.
Nafarroako Gobernuak lau faseko programa bat onartu zuen iazko ekainean bakarrik ziren migratzaile adingabeak artatzeko. 2019 hasieran, hain zuzen ere, nabarmen egin zuen gora herrialdera ailegatu ziren adingabeen kopuruak, eta egoera horretara moldatu behar izan zuten Eskubide Sozialen Departamentuko arduradunek. “50 gazte genituen lehen, eta 2019ko apirilean, ia hirurehun”, gogoratu du Francesek.
Adingabeak hartzen dituen lehen zentroa Iruñean dago; hor egiten dute gazteon egoerari buruzko aurreneko balorazioa, eta, hortik, Martzillara edo Iturmendira joan izan dira, programaren bigarren fasean. Bi zentro horiek iazko ekainean zabaldu zituen Nafarroako Gobernuak: 25 pertsonarentzako tokia zuen Iturmendikoak, orain itxi dutenak; Martzillan, berriz, 40 gazterentzako tokia bada, eta beteta dago egun.
Iturmendiko egoitza itxi eta gero, hirugarren eta laugarren faseak sustatzeko ahalegina egin du Eskubide Sozialen Departamentuak, Francesek nabarmendu duenez. “Hirugarren fasean, gobernuaren babespeko etxebizitzatan bizi dira gazteak; laugarrenari, berriz, autonomiarako fasea erraten diogu, eta helburua da gazteok laguntzea, beren kabuz etxebizitzaren arloko beharrei aurre egin diezaieten”.
Programa ez da berez migratzaileek 18 urte betetzen dituztenean bukatzen. “Adin nagusiko bilakatu arren, babesa ematea da gure helburua, beharra badute”, erran du Ines Francesek. Programako laugarren fasean, hain zuzen, 21 urte bete arte laguntzen dituzte gazteak.
Egokitzeko malgutasuna
Beharretara egokitzea da gako nagusietako bat, Ines Francesen hitzetan. Horretarako, sistemak behar adinako malgutasuna izan behar du, baina hori ez da beti gertatzen. Sei elkarteko koordinatzaile Maite Zigandak 16 urte baino gehiagoko adingabeen egoera jarri du adibide. “Oraingo programarekin, gobernuak berak onartu du sistemak ezin duela bakarrik utzi 17 urte eta erdirekin ailegatzen den gazte migratzaile bat, 18 betetzen dituenean. 16 edo 17 urteko gazteentzat, baina, zaila izaten da hezkuntzaren edo formakuntzaren arloko baliabideak erabiltzeko aukera izatea, eta horrek zaildu egiten du lan merkatura sartzeko prozesua”.
Sei elkartearen helburu nagusia da migratzaileak beren dolu prozesuan laguntzea. “Sorterritik alde egiteak beti eragiten du dolu prozesu bat”, nabarmendu du Zigandak. Nerabe eta gazteekin egiten dute lan: bakarrik etorri direnak, familiaren babesa dutenak eta hemen jaio direnak elkartzen dituzte, elkarri lagun diezaioten, eta babes sare propioak sor ditzaten. Asmo horrek ekarri du elkarteko kideen laguntza jaso duten gazteok beren talde propioa sortu izana, erakundearen barruan, egoera berean direnak laguntzeko asmoz.
“Zure toki berean egon denak ulertzen du bertze inork baino hobeki zer sentitzen duzun”, erran du Rida Ait Bouzidek. Abuztuan hiru urte beteko ditu Nafarroan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak burutu eta gero, elektromekanikakoak hasi zituen. Orain, Sei elkartean ari da lanean, baina lan egiteko baimena ez du jaso oraindik ere. “Hagitz zaila da baimena lortzea; gazteok lan egiteko irrikan dira, baina oztopoak baino ez dituzte aurkitzen”, salatu du Zigandak. Ait Bouziden kasuan, Sei erakundeak urtebeterako lanaldi osoko kontratua egin behar izan dio; bertzela, ezin zuten kontratatu. “Etorri zenetik hiru urte pasatu direnez, bide horretatik saiatuko gara paperak lortzen”.
Ines Francesek ere onartu du gazte migratzaileek “sistemaren paretaren kontra” jotzen dutela lanean hasi nahi dutenean. “Beharrezkoa da gazteon egoera erregulatzeko prozesuak arintzea”, erran du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak.
Nabarmendu du, halaber, gazte bakoitzak egindako bidea eta atzean utzitako egoera ezagutzea “funtsezkoa” dela. “Gazte anitz etortzen dira, familia laguntzeko modu bakarra delako. Familia osoaren proiektua da kideetako bat migratzaile bilakatzea gainerakoak laguntzeko. Bertze kasu anitzetan, baina, sorterritik alde egiteko arrazoia harago doa, eta gazte horiek migrazio prozesuak eragindakoa baino anitzez ere zama handiagoa dute gainean; hori jakin behar dugu, gazteok behar bezala artatzeko”, erran du Francesek. Behar den arreta hori ematea da migratzaileak hartzen dituen gizartearen betebeharra, Eskubide Sozialen Departamentuko arduradunaren hitzetan.
Gazteak arduradun
Sei elkarteko gazte taldea asteon jarri da martxan. Rida Ait Bouziden lanetako bat da talde horretako kideak laguntzea, hain zuzen ere. “Bitartekari lana egiten dut, finean”. Gazte taldeko arduradunek hainbat atal sortu dituzte, gazteek beren interesen araberako jarduerak egin ditzaten. “Kirol talde bat dago, jarduera artistikoak garatzeko bertze bat, mendi talde bat ere badugu, bai eta bizikletak konpontzeko tailer bat ere”, azaldu du Maite Zigandak.
Sei elkarteko koordinatzaileak nabarmendu nahi izan du, halere, gazte taldean haiek direla beren jardueren arduradun. “Gazteak dira egin nahi duten bidea markatzen ari direnak”.
Gazte taldeko begirale eta arduradunetako bat da Abdeslam Sadiki. 17 urte ditu, eta 2018an ailegatu zen Nafarroara. 15 urte bertzerik ez zituen Maroko eta familia atzean utzi eta Iruñera ekarri duen bidea hasi zuenean. “Andaluziara [Espainia] ailegatu nintzenean, lasaitua hartu nuen, bidaia, behintzat, ongi amaitu zelako; beldur nintzen”, gogoratu du. Bilbora eraman zuten lehendabizi, baina hango zentroan tokirik ez zegoenez, Iruñera ekarri zuten. “Zentro batera eraman ninduten, hasieran, eta, gero, Txantreako etxebizitza batera, bertze gazte batzuekin. Han jarraitzen dut”. Uharten, Lanbide Heziketan ari da, mekanikako ikasketak egiten.
“Nik lan egin nahi dut; ikasi, lan egin ahal izateko. Marokon dut familia, eta haiek laguntzeko nago ni hemen”, erran du Sadikik. Gazte adingabe bat da oraindik ere, baina hagitz argi du zer egin nahi duen.
Sei elkarteko taldean bertze gazte anitzekin egoteko aukera du. Eta, batez ere, bertze gazte anitz laguntzekoa. “Bertzeen babesa jaso nuen nik; bertzeak laguntzeko moduan nago orain, eta egin nahi dut”.
Ait Bouzid eta Sadiki bezala, Marokotik ailegatu dira Iruñera azken urtean bakarrik etorri diren migratzaile adingabeko gehienak. “Guztien artean bi emakume baino ez ditugu izan”, azaldu du Ines Francesek.
Soka moztu gabe
“Kulturen eta ohituren arteko talka, zenbaitetan, handia izaten da. Arlo hori ere landu beharra dugu”, azaldu du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako buruak. Lan horrek aldebikoa izan behar duela erantsi du: “Gazteon errealitatea ulertzeko gaitasuna izan behar dugu guk, eta, haiek, hemen aurkitzen duten errealitatera egokitzekoa”.
Gazteok sorterrira lotzen dituen sokari eusteko beharra nabarmendu du Sei elkarteko Maite Zigandak, hain zuzen ere. “Funtsezkoa da hemen ongi egoteko baliabideak ematea, eta egokitzen laguntzea; baina atzean utzi dutena ahaztu gabe, atzean utzi duten hori izaten delako mugitzeko arrazoi nagusia”.
Nafarroako Gobernuak iazko ekainean onartutako plana ontzat eman du Sei elkarteko koordinatzaileak. “Gobernuz kanpoko hainbat erakundek ere ontzat jo dute, eta hori nabarmentzekoa da. Beti bada zer hobetu, baina oinarri sendo bat da”, azaldu du Zigandak.
Onartu du, dena den, egungo osasun krisiaren jokalekuan, etor daitekeenarekin kezkatuta dagoela. “Planak ongi funtzionatzeko baliabideak behar ditu, eta ez dakigu oraingo krisiak murrizketak ekarriko ote dituen edo ez”, erran du Maite Zigandak.
Sei elkarteko kideen egoitzan ohikoa da gazteen joan-etorria. Are gehiago orain, gazte taldea martxan dela. Ilusioz ekin diote Sadikik eta Ait Bouzidek oraingo etapari, eta beharra dutenak laguntzeko irrikan dira. “Garrantzitsua da gazteon inguruan babes sareak osatzea”, berretsi du Zigandak.
Ines Francesek bat egin du, eta gazteok prozesu ororen erdigunean kokatzeko beharra nabarmendu du. Horretarako, hasteko, funtsezkotzat jo du bakarrik diren adingabeko migratzaileok norbanako gisa hartzea. Adin txikikoen egoera erregularizatzeko urratsak erraztea ere ezinbertzekotzat jo du. “Sorterritik paperak ekartzen ez badituzte, edo adin nagusikoak izanda adingabeak direla erraten badute, prozesu guztia mantsotzen da”. Azkar edo mantso, prozesu horretan gazteak bakarrik ez uztea da gako nagusia.
Argazkiak: Sei elkartea.