Edurne Elizondo
Nafarroako Memoriaren Institutuak Leoncio de la Fuente Ramosen gorpuzkia identifikatu du, DNA probak baliatuz. 2018an, Larrasoañako hilerriko hilobi batean aurkitu zuten gorpua, eta izenik gabe egon da, orain arte. Toki berean bertze hiru fusilaturen aztarnak aurkitu zituzten Aranzadiko kideek. Laurak ziren Ezkabako gotorlekuko espetxeko iheslariak.
Teilagina zen De la Fuente Ramos, Valladolideko Fresno el Viejo herrikoa (Espainia). 1937. urteko abuztuaren 22an itxi zuten Ezkabako gotorlekuko kartzelan. 36 urte zituen, eta sei seme-alaba; bederatzi hilabete eman zituen Ezkabako espetxean: 1938ko maiatzaren 22an, bertze 794 presorekin batera, ihes egitea lortu zuen. Ihesaldiak, baina, ez zuen hagitz urrun eraman: Larrasoañan harrapatu eta fusilatu zuten, eta hango hilerrian lurperatu, bertze hiru kiderekin batera.
DNA bankua, 2016tik
Nafarroako Gobernuak 2016. urtean sortu zuen bere DNA bankua. Geroztik, 1936ko gerran fusilatutakoen 230 senidek baino gehiagok utzi dituzte beren laginak banku horretan, desagertutako beren senitartekoen gorpuzkiak bilatzeko eta aurkitzeko asmoz. Tartean dira De la Fuente Ramosen familiako kideek utzitakoak, eta haiei esker lortu dute orain iheslariaren gorpua identifikatzea.
2018an atera zuten gorpua Larrasoañako hilerriko hobi batetik. Herriko Paulina Lizoainen lekukotza baliatu zuten Aranzadiko kideek hobi hori aurkitzeko, orain 89 urte dituen emakume horrek ikusi baitzuen iheslariak nola fusilatzen zituzten.
Larrasoañan aurkitutako gorpuak norenak ziren ez zekiten Aranzadiko kideek. Inolako susmorik ez zuten, gainera. Nafarroako Memoriaren Institutuko kideek DNA bankura jo dute, ondorioz, eta hobitik ateratako aztarnek Leoncio de la Fuente Ramosen alaba batek utzitako laginarekin egin dute bat. Familiak, azkenean, senide desagertua aurkitu du.
Argazkia: Nafarroako Gobernua.