Iritzia: Hemen dira

Iritzia: Hemen dira

Lur Albizu Etxetxipia

Etorkizunean, 2020. urteaz hitz egiten dugunean, ez dut uste askok gogoratuko ez dutenik hemen izan zela aste luzetako konfinamendua, hilabete luzetako noraeza, ez dakit noiz arte iraunen duen ziurgabetasun egoera, krisiak, festarik gabeko uda, ohiturak galtzera behartzen gaituzten arauak eta harremanak hozten dituen distantzia madarikatu hori.

Ez dugu gogoratuko, beharbada, gaur gogoratzen ez dugun bezala, zenbat lan egin dugun 2019. urtean ere, zein ikasturte labur eta eternala izan den eta zenbat gertakari izan ditugun. Urteak pasatu direla ematen du, baina prozesu katalanaren aurkako epaia urrian egin zen publiko. Udazken beroa, Mugimendu Feministaren Euskal Herriko Jardunaldiak Durangon, hauteskundeak, gogoratzen ez ditudan beste hamaika gauza… Greba orokor bat ere egin genuen, joan den urtarrilaren 30ean!

Eta ezagutzen genuen mundua hankaz gora jarri zitzaigun.

Atera gara balkoietara, egin dugu oihu, negar, irribarre… Beldur pila bat pasa dugu, ezezagunak zaizkigunei ikara diegunean bezala, honek ere buelta eman dielako gure begiradei ere. Dagoeneko ezer ez da berdin (memoriak huts egiten ez digun bitartean); eta ez dut uste epe laburrean behintzat inon baino alaiagoa izanen denik.

Filosofatzen eta etorkizuna asmatzen saiatzen ari garen bitartean, dena dela, guk ezagutu ez (edo jakin ez) baina gosea pasatzen ari den edo pasatuko duen gero eta jende gehiago dago. Langabezia datuen igoera ikaragarria izaten ari da, eta ez dakigu zenbat etxegabetze egonen diren.

2008. urteko krisia eta eztandak ezagutu genituen, baina ez dakigu nolakoa izanen den honako hau. Noiz eroriko zaigu gainera murrizketen mamua? Zer gertatuko da gurekin? Zer gertatuko da ezagutzen ez ditugun horiekin guztiekin? Zer gertatzen da ondoan nahiko genituzkeenekin? Zer pasatuko zaigu guztioi, gutako bakoitzari?

Baina kolpeak etortzen ari direla segurua da. Eta bat-batean, errealitatea dugula ate joka (maskararekin bada ere): gaur hau, bihar bestea. Duela apenas egun batzuk albisteak jo gintuen, bete-betean. Hasi da itxieren eta kaleratzeen zerrenda amaigabeko lehenengo seinale handia: Siemens-Gamesa, Agoitz. 250 bat langile kalera, fabrika itxi. Eta horrek berarekin dakarren ondorio zakua: bestelako industriak, herrietan izanen duen eragina, langabezia, deslokalizazioa (beste bat)…

Gogora dezagun non dagoen Agoitz eta Pirinio aurreko eskualde horrek azken hamarkadatan zer bizi behar izan duen: Itoizko urtegiaren eraikuntza eta bere ondorio guztiak (porlanezko eskualdea, herrien eraisketa, urtegia garapen ekonomikotzat hartzea…), horrek ekarriko zuen aberastasunaren iruzurra, Agoitz eta inguruko herri eta eskualdeek bizi duten hustea… Deslokalizazio berri bat, herrietan bizitzeko zailtasun handiagoak, eskualdeek bizi duten arriskua. Biharko manifestaziora deitu dute langileek.

Denbora kontua da. Ez diezaiegun utz. Jokoan ez daude lanpostu batzuk bakarrik.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku