Edurne Elizondo
Gizarte langilea da Estefania de Paz Asin (Iruñea, 1981), baina aktore lanetan aritu da azken hogei urteotan. Eskolan deskubritu zuen antzerkia, eta, hamaika diziplinatan trebatu eta gero, oholtza du orain berezko bizitoki. Itxialdiak etxetik urrun harrapatu zuen. Azken hilabeteotako gogoetak eta esperientziak abiapuntu hartuta, tailerra eginen du hilaren 16an, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan.
Itxialdiaren ondorioz sortu da tailerra egiteko asmoa?
Bai. Uharteko Arte Garaikideko Zentroko Elisak [Arteta] deitu zidan, tailerra antolatzeko ideia proposatzeko. Nire alaitasuna nahi zuten konfinamenduko tristurari aurre egiteko. Eta baietz erantzun nien, noski. Gorputzaren inguruko laborategia eginen dugu, hiru ordukoa; haur, gazte, heldu eta zaharrak batera aritzea nahi dut. Ez dut gehiegi erran nahi mamiari buruz, baina argi utzi nahi dut jarduera ludikoa izanen dela, eta asmoa izanen dela itxialdiak utzi dizkigun hutsuneak betetzea, nolabait.
Nolakoa izan da itxialdia zuretzat?
Kontua da 2020ko otsailaren 20an 20:02an nire azken lana estreinatu nuela Iruñeko Gaiarre antzokian. Eo! izena du, eta obra horretan Olivia izeneko astronautaren rola betetzen dut. Ni naiz laneko zuzendaria eta ekoizlea ere. Erronka handia izan da niretzat antzezlan hori prestatzea: urrats txiki bat gizateriarentzat, baina hagitz handia niretzat! Estreinatu eta gero, atseden hartzeko beharra nuen, eta Tenerifera joan nintzen. Itxialdiak han harrapatu ninduen.
Beldur zinen?
Bai. Batez ere, ziurgabetasunak eragiten zidan kezka eta beldurra. Zorionez, ez nintzen han bakarrik, eta etxea genuen eraikinean, gainera, bertze artista anitz zeuden. Zoragarria izan zen hori: konfinamendua, nolabait, egonaldi artistiko bilakatu zen. Arazoak gero etorri ziren, itzuli nahi izan nuenean. Kostatu zitzaidan. Apirilaren 5ean itzuli nintzen, azkenean.
Osasun krisiak eragin al dio zure lanari?
Bai, noski. Tenerifetik ateratzeko presa handirik ez nuen agenda, bat-batean, hutsik gelditu zelako.
Gogorra izan da lan berria estreinatu bezain pronto hori gertatzea?
Egia erran, eskertu dut etenaldia, lana prestatzeko prozesu osoak estres handia eragin didalako. Eta banuen beharra gelditzeko. Ekoizpen handia da, eta anitz lotu nau. Gauza bitxiak ere gertatu zaizkit! Pentsa, 2019ko otsailean, jada, Gaiarreko kideei erran nien nahi nuela ikusleek maskara janztea estreinaldian. Espaziora doan astronauta bat naiz Eo! obran, eta ez nuen gure planetatik deus eraman nahi! Gogoratzen dudanean, hotzikara sentitzen dut. Orain denok eraman behar dugu maskara!
Hasi zara mugimendua sumatzen kulturaren sektorean?
Ematen du zerbait mugitzen hasi dela. Konpainia batzuk hasi dira emanaldiak lotzen, berriz ere. Baina agerraldi bat gertatuz gero, berriz ere egon gaitezke duela hiru hilabeteko egoera berean. Ziurgabetasun handia dago. Zuhur jokatu behar dugu, baina erabaki batzuk ez ditut ulertzen.
Zer-nolako erabakiak?
Bitxia iruditzen zait kulturarekin lotutako espazio anitz itxita egotea, edo segurtasun neurri zorrotzekin zabaltzea, eta, aldi berean, hegazkinez bidaiatzeko edo mezara joateko arazorik ez izatea.
Kultura izan da galtzaile krisian?
Kulturaren helburua da herritarrei pentsaraztea; pentsamendu kritikoa dugu, eta, ondorioz, anitzetan agintariei ez zaie interesatzen gure arloa sustatzea.
Kulturaren arloko langileok bat egin duzue, hain zuzen, erakundeen babesa eskatzeko.
Artelekutik heldu zitzaigun deialdia, eta bat egin nahi izan genuen. Bat egiteko eta indartzeko saio bat egin dugu, egoerari elkarrekin aurre egiteko.
Oholtzan bakarrik egoten ohi zara.
Nire azken obran, adibidez, bakarrik nago oholtzan, baina, aldi berean, jende hagitz ona dut inguruan. Hamalau pertsonak osatutako lantalde bat ari da lanean ikuskizun horretan. Horregatik, oholtzara bakarrik igo arren, taldearen babesa sentitzen dut.
Bide luzea egin duzu jada; zure hautua izan da bakarrik aritzea?
Duela hogei urte hasi nintzen lanean, eta denetarik egin dut. Ez naiz beti bakarrik aritu. Hautu horren alde egin dut, neurri handi batean, errazagoa delako lan egitea; hau da, errazagoa delako gisa horretako ikuskizun bat saltzea, edo toki batetik bertzera mugitzea. Nire garapenaren ondorio ere badela uste dut; eskarmentua dut, eta neure burua gai ikusten dut ordubete oholtzan bakarrik egoteko.
Eta orain, zer asmo?
Derrigorrezko etenaldiak aukera eman dit nire azken obrari buruzko lan ikusezin anitz egiteko: txostena osatzen ari naiz, estreinaldiko bideoa prestatzen, kultur etxeetara informazioa bidaltzen… Lan eta lan ari naiz orain ere. Eta aukera baliatu nahi dut, gainera, obra, nolabait, egungo egoerara moldatzen saiatzeko.
Lurrari espaziotik egiten dio so zure pertsonaiak Eo! obran. Gogoeta egiteko beharra du?
Bai. Finean, antzerkigintza arte hagitz bizia da, eta nahiko nuke hilabeteotan gertatu denari buruzko gogoeta egin, obran barneratu ahal izateko. Mundu osoan gertatu da osasun krisia, eta horri buruz aritu nahiko nuke oholtza gainean. Hasieratik, gainera, nire asmoa izan da obra honekin Nafarroako mugak gainditzea, eta hemengo artea urrun eramatea.
Hogei urteko bidea. Nola gogoratzen duzu hasiera?
Institutuan anitz animatu ninduen literatura irakasle bat izan nuen. Haren eskutik hasi nintzen gelan aktore lanetan. Eta horrek emozioz betetako mundu bat ireki zidan. Argi izan nuen hori zela egin nahi nuena. Eta lortu dut. Egin eta egin, hori izan da nire eskolarik onena.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku