Bizikletak, golf piloten kontra

Bizikletak, golf piloten kontra

Edurne Elizondo

Bertze urrats bat egin dute Palacio de Arozteguia SL enpresako arduradunek, Lekarozko izen bereko proiektua garatzeko bidean: bederatzi zuloko golf zelaia egiteko obra baimena jaso dute, ekainean, eta, ondorioz, makinak lanean hasten ahal dira nahi dutenean. Proiektuaren kontrako herritarrek ere segitzen dute beren bidean urratsak egiten, eta, bihar, Elizondon emanen dute hurrengo pausoa: bizikleta martxa eginen dute, Aroztegikoaren gisako egitasmoak baimentzen dituen sistema osoa salatzeko.

Izterpeko Matxinada izeneko kolektiboak antolatu du biharko protesta, eta Aroztegia eta gero zer? plataformako kideek babestu dute. “Energia Ona izeneko batzorde bat sortu dute Baztanen, eta hilean behin egiten dituzte klima aldaketaren aurkako bizikleta martxak. Uztailekoa Aroztegiko proiektuaren aurka egitea proposatu ziguten, eta elkarlanean ari gara”, azaldu du Aroztegia eta gero zer? plataformako kide Jon Elizetxek. Elizondoko plazan hasiko da biharko protesta, 12:00etan.

Elizetxek argi utzi nahi izan du Palacio de Arozteguia enpresak jasotako obra baimenak ez duela erran nahi proiektu horren aurka egiteko bidea amaitu denik. Izan ere, Baztango Udalak baimena eman bertze aukerarik ez zuen. “Proiektua udalez gaindiko eragina duen plan gisa kudeatu dutenez, udalak ezin zuen ukatu”, azaldu du Elizetxek.

EH Bilduren esku da Baztango alkatetza, eta koalizioak proiektuaren aurka egin du, hasieratik. Udalak golf zelaia egiteko obra baimena eman eta gero, ohar batean zehaztu du Baztango EH Bilduk lanak baimentzea “araututako ekintza administratibo bat” dela: “Proiektuak hirigintzako arauak betetzen baditu, obra baimena ezin zaio ukatu. Hori da oraingoan gertatu dena”, azaldu du koalizioak.

Golf zelaia egiteko baimena eman izanak ez dio proiektu osoari eragiten. Elizetxek nabarmendu du, hain zuzen ere, Aroztegiko egitasmoarekin lotutako hainbat auzi epaileen esku direla, oraindik ere. “Aroztegiko baselizaren jabetza da argitzeko dauden aferetako bat”, erran du plataformako kideak. Enpresak proiektuaren barruan sartu zuen baseliza, baina Baztango Udalak helegitea aurkeztu zuen horren aurka, Lekarozko herritarren izenean. Lehen sententzia batean, epaileek erran dute ez dagoela argi baseliza norena den.

Bada gehiago: urbanizazio plana auzitan jarri du LAB sindikatuak, kontratuen legea betetzen ez duelakoan. Vianako Printzea erakundeak, berriz, proiektuko hotelaren aurkako txostena egin du. “Hori guztia ezin dugu ahaztu; proiektuaren aurka lanean jarraitu behar dugu”, nabarmendu du Jon Elizetxek.

Golf zelaia egiteko lanak “berehala” hasten ahal dituztela argi du, dena den, eta horrek kezkatzen duela erran du: “Ekintza burutuen politika baliatuko ote duten beldur gara”. Aroztegiko proiektuan 228 etxebizitza, spa bainuetxe bat eta luxuzko jatetxe bat egiteko asmo ere bada, hotelaz eta golf zelaiaz gain.

Elizegiren epaiketa

Lekarozko Aroztegiko proiektuaren inguruan piztu da bertze polemikarik, egunotan. Izan ere, Baztango Geroa Baik salatu du udalak ordaindu izana Garbiñe Elizegi alkate ohiaren aurkako epaiketako gastuak.

Enpresak bere proiektua aurkeztu eta gero, “kolpez aberasteko egitasmotzat” jo zuen orduko alkate Garbiñe Elizegik. Palacio de Arozteguia SL enpresak, ondorioz, salatu egin zuen. Espainiako Auzitegi Gorenak Elizegiren alde egin du —Nafarroako Auzitegiaren ebazpena berretsiz—, eta ekainaren 25eko osoko bilkuran, prozesuak eragindako gastuak ordaintzea onartu zuen Baztango Udalak. Geroa Baiko kideen ustez, baina, adierazpen horiek herritar gisa egin zituen Elizaldek, eta ez alkate gisa.

Baztango EH Bilduk berretsi egin du, berriki, Aroztegikoa “enpresa kolpez aberasteko” proiektu bat dela, eta salatu du udalez gaindiko eragina duen plan gisa kudeatu izana, horrek aukera eman duelako “Baztango Udalaren eskumenen gainetik” aritzeko. Bihar, herritarrek eginen dute protesta.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku