Euskarak uda blaitu dezan

Euskarak uda blaitu dezan

Uxue Rey Gorraiz

Hala nahi duenak euskaraz egin dezan aisialdian ere. Hori dute xede era.eus plataformako kideek. Horretarako, udarako proposamen “berritzaile eta freskagarria” aurkeztu dute berriki: Jolasean Blai mahai joko digitala. Sarean eskuragarri dauden hainbat eskaintza kultural bildu dituzte sortzaileek egitasmo berrian, eta helburu nagusi bat erdietsi nahi dute, batik bat: eskolatik kanpo, eta Nafarroako edozein txokotan egonik ere, gomendioak eta baliabideak ematea haurrek euskaraz goza dezaten uda.

Hilabetetako prozesu baten ondotik ailegatu da Jolasean Blai. Izan ere, ez da bestela bezala sortu, konfinamenduan baitu jatorria ekimenak. Martxoaren 18tik maiatzaren 31ra bitartean, egunero, era.eus plataformak proposamen bana egin zien, bere webgunearen bidez, koronabirusak eragindako larrialdiaren ondorioz etxean itxita egon behar zuten familiei. Askotarikoak proposatu zituzten, hala nola ipuinak, kantuak, ikus-entzunezkoak eta aplikazioak. Hain justu, bilketa oparo horretatik abiatuta egindako hautaketaren emaitza da mahai joko berria.

“Sekulako altxorrak aurkitu genituen, eta ez genuen aste horietan egindako lanaren emaitza kaxoi batean gorde nahi. Iruditu zitzaigun aukera oso polita izan zitekeela udako oporrei begira”. Marta Chamorro Iruñeko euskara teknikari eta era.eus plataformako kidearenak dira hitzak. Jokoaren sorkuntza prozesuan parte hartu dutenetako bat da Chamorro, eta, orain, pozik ageri da emaitza familia askorentzat erabilgarri dagoela ikusirik. Zehazki, http://eranafarroa.eus/ webgunean dago jokoa eskuragarri.

Jolasean blaitzeko eta altxorraren uhartean murgiltzeko gonbidapena egiten du jokoak. Izan ere, sortzaileek azaldu dutenez, altxorrera iristea da jotzen duten erronka, baina bideaz gozatzea da inportanteena. Egunero, edo bi egunean behin, bakoitzak nahiago duen erritmoan, laukitxo bat egin behar da taulan aurrera, eta, lauki horietako bakoitzean klik eginez sorpresa ugarirekin eginen dute topo haur zein helduek.

Gainera, Chamorroren esanetan, taulan kokatutako hogeita hamaika laukitxoak betetzen dituzten proposamenak ez dira ausaz aukeratuak izan. Dioenez, “zorroztasun handiz” jardun dute azken emaitzan aurkeztu dituztenak hautatzeko. “Euskara onean erabiltzea ezinbestekoa da, eta baita, esaterako, genero ikuspegitik egokiak izatea ere”. Finean, taulan bildutakoak kalitatezko proposamenak izan daitezen lehenetsi dute sortzaileek.

Bizialdi aski laburreko plataforma da oraindik ere era.eus, 2017ko azaroan sortua. Hala eta guztiz ere, emanak ditu bere lehenbiziko fruituak. Euskara zerbitzua duten Nafarroako toki entitateek sortu zuten, elkarlanean, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko. Izan ere, Chamorrok argitu du ez dela aski familiei gomendioak ematea, sinetsia dago azaldu egin behar zaiela “hori lortzeko tresnak eta materialak non aurkitu ditzaketen”, eta hori “modu ordenatu batean” egin behar dela.

Chamorrok azaldu duenez, “esparru akademikotik harago joateko premiak” bultzatu zituen era.eus plataformako kideak halako ekimen bat sortzera: “Estrategia aldatu behar genuela ohartu ginen, gure helburua ez baita soilik haurrek euskaraz ikastea, baizik eta bizitzako arlo guztietan euskaraz egin ahal izatea, hala nahi badute”.

Haurrek eskolaz kanpo euskaraz egin dezaten nahi dute jokoaren sortzaileek, haren ustez, gazteenen euskalduntzea ez baita soilik eskolan landu beharreko afera. “Askotan esan izan da eskolak ezin duela dena egin, ez duela lortzen, eta hala da, jakina, eskolari ez dagokiolako dena bere gain hartu beharra”, argitu du Chamorrok.

Kalean, etxean, gurasoekin eta, oro har, eskolaz kanpoko aisialdian eragin beharra azpimarratu du euskara teknikariak, eta gaineratu du, euskarazko eskaintzari dagokionez Nafarroako toki batetik bestera alde handiak egon badauden arren, leku guztietara iritsi nahi dutela.

Gurasoen inplikazioa

“Ematen du premia euskaldun-dentsitate txikiko inguruetan dagoela bakarrik, baina guztietan behar dituzte horrelako proposamenak”. Halere, nabarmendu du euskararen erabilera ahulagoa den inguruetan bereziki lagungarria izan daitekeela “hizkera informala lantzeko”.

Bakarrik edo heldu batek lagunduta jostatu daitezke haurrak Jolasean Blai mahai-jokoarekin. Hala ere, Marta Chamorrok aitortu du ariketa “askoz erakargarriagoa” izan daitekeela gurasoekin arituta. “Gurasoen inplikazioa garrantzitsua da. Azken finean, gurasoak beren seme-alaben eredu dira askotan, eta hizkuntza ohituretan eragin handia du gurasoengan ikusten dutenak”.

Euskaraz zein gaztelaniaz daude idatzirik jokoaren jarraibideak taula gainean, edonor josta dadin haurrekin. Izan ere, sortzaileen esanetan, “ezinbestekoa” da burutan edukitzea gurasoek euskaraz ez jakiteak ez duela zertan traba izan haurrekin aritzeko. “Gurasoek berek uste duten baino askoz gehiago egin dezakete, euskaraz jakin ala ez. Behintzat, egunean behin euskara etxean sartzeko balio dezake honek”. Udako opor garaian bereziki, haurrak eskolara joaten ez direnean, hizkuntzarekin harremanetan segitzeko bidea izan nahi du jolasak. Itxialdian izan zen gisan.

Euskaraz blaitzeko, euskaraz zipriztintzeko eta euskaraz uda freskatzeko proposamen sorta oparoa aurki dezakete haurrek 31 laukiz osatutako taula digitalean. Ongi pasatzea helburua izanik, gutxi inporta du bidea egiteko bakoitzak zenbat denbora behar duen. “Haurrek disfrutatzea nahi dugu. Ongi pasatzeak asko laguntzen du atxikimenduan. Oharkabean gertatzen da, baina nabarmen pizten du gogoa euskaraz aritzeko”.