Kantatzen jarraitzeko prest dira

Kantatzen jarraitzeko prest dira

Edurne Elizondo

Hokoke, hokoke!“. Ozen entzun da oihua; ozen abestu dute Azkoiengo Huerta de Peraltako langile marokoarrek beren borrokaren ikur bilakatutako kanta. “Ez dugu inoiz atzera eginen”, erran zuen enpresako langile batzordeko buru El-Husine Jagubik, iazko urrian; eta horixe berretsi du, egunotan, berotegien aurrean egindako protestan. “Hokoke, hokoke!”. Kantatzen jarraitzeko prest dira.

Mugak Zabalduz karabanak erdigunean jarri nahi izan du Erriberako baratzeetan lan egiten duten migratzaileon aldarria, eta, Barazkiak eskubideekin lelopean, mobilizazioak egin ditu Azkoienen eta Tuteran. “Huerta de Peraltako langileak borrokaren ikur bilakatu dira; horregatik etorri gara”, nabarmendu du Dabid Sanchezek, Mugak Zabalduz karabanako arduradunetako batek, Azkoienen.

2017ko irailean, langile batzordea osatzeko hauteskundeak egin zituzten Huerta de Peraltan, eta LAB sindikatuaren izenean aurkeztutako migratzaile marokoarrek lortu zituzten jokoan ziren bederatzi ordezkari postuetatik sei. 2018ko abenduaren 26an, greba mugagabea hasi zuten “eskubiderik gabeko langileak” zirela salatzeko. 28 egun iraun zuen protesta bat egin eta gero, akordioa lortu zuten enpresarekin.

Hitzarmenak ez ditu arazoak konpondu, ordea; batez ere, enpresa ez delako sinatutakoa betetzen ari, langileek salatu dutenez. Urrian argi utzi zuten ez dutela atzera egiteko asmorik, eta hori berretsi dute orain, Mugak Zabalduz karabanarekin bat egin duten herritarren babesarekin. “Borrokarako prest gara”. Berriz ere greba egiteko aukera ez dute baztertzen Azkoiengo Huerta de Peraltan.

Lantegi horretan gertatu denak agerian utzi du erro handikoa dela Erriberako baratzeetan ari diren langileen prekaritatea. Gehienak dira migratzaileak, eta, urte luzez, ikusezina izan da haien egunerokoa: kobratzen ez diren aparteko lanorduak, galtzen diren opor egunak, oihuak, mehatxuak, kaleratzeak…

“Anitzek ez dakite hizkuntza, eta horrek anitz zailtzen du langileok beren eskubideak ezagutzea eta defendatzea”, azaldu du LAB sindikatuko Goi Erriberako ordezkari Rosalia Bonak. Argi du Huerta de Peraltako langileek egindako urratsak txinparta bat piztu duela Erriberako soroetan, eta orain arte ikusezin izan diren langile horietako anitzek Azkoiengoen borrokaren ondorioz erabaki dutela altxatzea. “Eta egia da, azkenean, lan ikuskaritzako arduradunek Erriberari so egin diotela, dituzten muga guztiekin. Nafarroako soroetan prekaritate eta esplotazio anitz bada oraindik ere, baina zigorgabetasuna jada ez da hain erabatekoa”, erantsi du Bonak.

Langileek hasia dute bide bat, baina helmuga urrun dute. “Ez da kasualitatea migratzaileak aritzea Erriberako baratzeetan lanean; lanik prekarioenak dituzte, egiturazkoa delako arazoa, egiturazkoa delako sufritzen duten arrazakeria”, salatu du karabanako kide Ebru Gokerrek.

Funtsezkoena, prekarioena

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren jokalekuan agerian gelditu dira Mugak Zabalduz-ek salatu nahi izan dituen egiturazko arrazakeria eta prekaritatea. “Egunotan inoiz baino gehiago nabarmendu da nekazaritzako elikagaien esparrua funtsezkoa dela; eta zein da errealitatea? Jaten ematen diguten langileak direla baldintzarik kaskarrenak dituztenak”, salatu du Sanchezek.

Gogora ekarri ditu UAGN sindikatuko presidente Felix Barianek bideo batean errandakoak, eta nabarmendu du Erriberan egindako mobilizazioak direla haren hitzei emandako erantzuna. Ikuskatzaileen kontrolen aurka egin zuen Bariainek maiatzeko bideo horretan, zehazki, eta bertan behera uzten ez bazituzten “baketsuak ez izateko” mehatxua egin zuen. Mezuak hautsak harrotu zituen, eta Bariainek “maneretan” kale egin zuela onartu zuen. Ez bertzerik.

“UAGNko arduradunen hitzen aurrean, karrikara atera bertzerik ezin dugu egin; hemen gaude langileen eskubideak defendatzeko”, berretsi du Sanchezek. Ez da lehen aldia; Mugak Zabalduz karabanak salatuak ditu aurretik ere baratzeetan lan egiten duten migratzaileen lan baldintzak. Bertzeak bertze, Huelvan (Andaluzia, Espainia) marrubiak biltzen dituzten emakume migratzaileen errealitatea ezagutu dute karabanako kideek aurreko urteotan. Huelvako Lepe herria aipatu du Sanchezek, hain zuzen, azken asteotan gutxienez hiru aldiz erre baitituzte nekazaritzaren arloan ari diren jornaleroen barrakoiak.

Migratzaileen prekaritatea eta esplotazioa, baina, ez dira bakarrik herrialdetik kanpoko errealitate. “Hemen ere bada zer borrokatu”, erran dute, argi eta garbi, karabanako kideek. Horregatik joan dira Erriberara. Egoera, halere, ez da bertze herri askotakoa bezalakoa. “Hemen, baratzeetan ari diren langile gehienak herrialdean bizi dira; baina badira sasoi jakin batean etortzen diren jornaleroak ere”, erran du Rosalia Bonak, eta adibide gisa aipatu ditu zainzuriak biltzera Andaluziatik (Espainia) etortzen diren langileak. “Alarma egoerak bete-betean hartu zuen zainzurien kanpaina; ondorioz, izan dira lanik eta etxerik gabe gelditu diren jornaleroak, enpresariek utzitako etxeetan hartzen ohi baitute aterpe”.

Nazioarteko hainbat erakundek egindako txostenek ere agerian utzi dituzte, azken boladan, soroetan ari diren langile migratzaileen baldintza eskasak. Nazio Batuen Erakundeak txosten batean jaso du landan esplotazioa dagoela, eta Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak nabarmendu du, koronabirusaren pandemiaren ondorioei buruz egindako ikerketa batean, jornaleroak direla osasun krisiaren aurrean sektorerik zaurgarrienetako bat.

Huerta de Peraltako El-Husine Jagubik erran du enpresa horretan ez direla gaitzari aurre egiteko neurriak hartzen, eta kezkatuta daudela langileak egoerarekin. “Hiru edo lau egunean behin ematen dizkigute maskarak, eta lau orduz erabiltzeko baino ez dute balio; kamioietako gidariei ere ez diete inolako kontrolik egiten, ez diete tenperatura neurtzen. Langileen arteko segurtasun tartea, berriz, nekez bete daiteke postu anitzetan”.

Osasun krisiak gaizki zegoena okertu egin duela erran du Jagubik. “Greba amaitu eta gero, egoerak hobera eginen zuela uste genuen, baina ez da horrela izan: arrazoirik gabeko ohartarazpenak jasotzen ari gara; komunera joateko denbora ere neurtzen digute; langileak jazarrita sentitzen dira”.

Tuteran ere protesta egin dute Mugak Zabalduz-eko kideek eta baratzeetako langileek. Hiri horretako Castel Ruiz enpresako egoera salatu nahi izan dute, bai eta Uvesako langileena ere. Migratzaile anitz ari dira hor ere, eta hilaren 17an greba egitea erabaki zuten. Castel Ruizen hainbat langile kaleratu dituzte, beren eskubideen alde altxatu direnean. Hilaren 29an eginen dute kaleratze horietako bat salatzeko epaiketa. Karabanak bertze hainbat geltoki izanen du abuztuan. Gipuzkoan ere, armen salmenta salatu du.

Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku