Edurne Elizondo
“Arnasarekin ari naiz lan egiten orain”: horixe azaldu dio Ghislaine Verano dantzariak (Iruñea, 1974) argazkilariari. Eta nola egiten duen ere erakutsi dio, Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren kanpoko aldean. 3 urterekin, argi zuen jada gorputza bilakatu nahi zuela bere arterako tresna. Klasikoan trebatu eta gero, dantza garaikideak eta bat-batekotasunaren esparruak eman diote, batez ere, garatuz joateko aukera. Uztailaren 29an, Nafarroako Museoko zikloan ariko da.
Zer proposatuko duzu?
Nire lanak bat eginen du azken zazpi-zortzi urteotan jorratu ditudan auziekin: babesa, errespetua, ongizatea. Hori guztia nire lan artistikoaren esparrura eraman nahi izan dut, benetan horren beharra nuelako.
Nondik datorkizu behar hori?
Ez nengoen ados egiten ari nintzenarekin, eta sumatzen nuen banuela oinarrizko zerbait aldatzeko beharra. Eta hori gertatzen zitzaidan bai nire eguneroko bizimoduan, bai eta nire lan artistikoan ere. Ez nintzen eroso sentitzen, ez nentorren bat egiten ari nintzen lanarekin. Beti bada zer hobetu eta zer aldatu, baina, orain, nire lekuan naizela sentitzen dut.
Zein da leku hori?
Nire lekua ikerketa da. Eta errespetuz eta maitasunez bizitzea eta lan egitea.
Eta bada ikerketarako lekurik?
Zaila da guneak aurkitzea, egia esan. Artearen beste arlo askotan bezala dantzaren esparruan ere gertatzen da jendeak maite duela, baina zaila dela, aldi berean, garatzeko aukerak sortzea. Ikertzen dudana pieza bilakatzen dut nik ere, eta lan horiek saltzea ez da erraza izaten, askotan.
Uharteko Arte Garaikideko Zentroa ikerketarako gune bat izan da zuretzat?
Bai. Uharteko zentroan nire etxean nago. Babesa sentitzen dut. Toki bat eman didate, baina hori baino askoz gehiago ere bai: zentroko kideak lagun ditut bidean; nire lanaren aldeko jarrera dute.
Dantzaria izanda, zure gorputza da ikerketarako eta lanerako tresna.
Bai, baina nire gorputzak, nire buruak eta nire emozioek bat egiten dute. Ezin ditut bereizi. Adibidez, gertatu izan zait estudioan sartzea dantzatzeko, eta nire emozioek bat ez egitea aurretik zehaztua nuen lan fisikoarekin. Arazo bat da koreografia bat lantzea egoera horretan. Ikasi dut nire emozioak errespetatu behar ditudala, nire gorputzak lan egin dezan. Gorputzak lan egin dezan, trabatzen duten emozioak bazter uztea izaten ohi da bidea, baina nik nire emozioak errespetatzeko beharra nuen. Horrekin batera, noski, burua; ziklo bereko elementuak baitira gure pentsamenduak ere. Dena errespetatu behar nuela sentitzen nuen, eta hortik lan egin.
Gorputza esparru politiko bat da?
Inolako zalantzarik gabe; eta emozioak ere bai. Niretzat, gorputza tresna politiko bat da, borrokarako tresna bat, leuntasunetik abiatuta. Ematen du borrokarako moldeak beti manifestazioarena behar duela izan: talde handiena, edo oihu egitearena. Borroka molde hegemonikoak daude, baina horiek jende asko uzten dute kanpoan. Ni feminismoan eta okupazioaren mugimenduan militante izan naiz, eta betiko borroka moldeak erabili ditut. Baina, orain, argi dut nire modua bestelakoa dela. Esparru sakon eta sotiletara eraman dut borroka.
Kanpoko begiradak gorputzak eta emozioak epaitzen ditu. Bertzeen iritzi horrek zer toki du zure lan prozesuan?
Ikerketa egiten hasi nintzenean, konturatu nintzen kanpotik zetorren epai horrek are epai gogorrago bat eragin zuela nire baitan. Uste dut ezin dugula saihestu kanpoko begirada hori, eta ez du zertan txarra izan, baldin eta on egiten digunari bakarrik so egiten badiogu. Epai horri nola aurre egin jakitea izaten ohi da gakoa.
Baina kanpoko begirada horrek zehazten ohi du zer den ona eta zer den txarra, bere arauaren arabera. Nola egin ihes horri?
Argi dago gorputzaren esparruan ere badaudela gizarteak ontzat ematen dituen arau eta eredu jakin batzuk. Ez da erraza horri ihes egitea. Ni ahalegindu naiz egoerari buelta ematen. Izan ere, guk besteengandik espero duguna nagusitzen da askotan: hau da, besteek zer pentsatuko duten interpretatu, eta horren arabera jokatzen dugu. Hori bazter uzteko ariketa egin behar dugu.
Hori behar da lana zintzoa izan dadin?
Bai, inolako zalantzarik gabe. Nik egin nahi dudanari ematen diot lehentasuna, baina batzuetan pentsatu izan dut nahi dudan hori egiten badut ikusleek akabatuko nautela!
Noiz gertatu zaizu hori, adibidez?
Hiru minutu eta erdiko pieza bat dut, adibidez. Sortu nuenean, pentsatu nuen: “Nora zoaz horrekin?” Kontua da nik argi nuela horrela izan behar zuela, ezin zuela gehiago edo gutxiago iraun, bestela pieza hondatuko nuelako. Horrela behar zuen, eta, egia esan, ongi funtzionatu zuen. Harrera ona izan zuen. Noski, denek ez zuten gustuko izanen, baina hala behar du izan.
Zein da zure helburua, ikusleei dagokienez?
Nik publikoak nire lanarekin disfrutatzea bilatzen dut. Hori da nire ardura. Nire asmoa zera da, niretzat eta besteentzat onak diren gauzak egitea. Publikoak nire lana ulertuko ez duen beldur izaten naiz batzutan, ardura bat dudalako haiekiko. Bestela, niretzat bakarrik eginen nituzke lanak.
Nahi duzuna egiteko, zenbateraino zara aske, eta zenbateraino kulturaren merkatuaren menpekoa?
Niretzat ez da erraza merkatu horretan mugitzea, ez baitut nire lanak saltzeko ardura duen inor; bakarrik aritzen naiz. Niretzat bidea beti jarduera izan da; ekinaldi edo gune jakinetarako lanak egitea. Artista naiz, eta egia da niretzat oso zaila izan dela beti nire piezak saltzeko lan hori egitea.
Bakarrik aritzea hautu bat da?
Bakarrik aritu naiz gehienetan, maite dudalako eta errazagoa delako. Baina ez beti: nire ahizpa Alejandraren laguntza izan dut askotan, adibidez, eta egin izan ditut piezak beste hainbat pertsonarekin ere. Azken lanean zazpi aritu ginen. Gainera, maite dut askotariko jendearekin aritzea: pentsiodunekin, artistekin, okina batekin, edo itsu batekin. Sentsibilitatetik egiten dut lan.
Museoko zure emanaldia gorrek eta itsuek ere jarraitzeko modukoa izanen da. Garrantzitsua da zuretzat?
Bai. Garrantzitsua da denek izatea nire piezekin disfrutatzeko aukera; nire lana jasotzeko, gorra edo itsua izatea ez da oztopo bat. Ez dut maite desgaitasunei buruz hitz egitea; denok ditugu, modu batera edo bestera; baina, batez ere, denok ditugu gaitasunak gauza bat edo bestea egiteko.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku