Zauri gehiago ez irekitzeko

Zauri gehiago ez irekitzeko

Uxue Rey Gorraiz

Bizirik diren emakumeen artean berrehun milioik baino gehiagok jasan dute ablazioa munduan, Osasunaren Munduko Erakundearen arabera. Urteek aurrera egin ahala, indartzen ari da horren kontrako jarrera, baina, adituen esanetan, ez dago inondik ere desagertzeko bidean; egoera “kezkagarria” da oraindik ere. Hain justu, Nafarroako Gobernuak orain dela gutxi berritu du ablazioaren prebentziorako eta gaiaren gaineko heziketarako eta sentsibilizaziorako hitzarmena. Elkarlanean arituko dira, hirugarrenez, Nafarroako Berdintasunerako Institutua eta Munduko Medikuen elkartea.

Fatima Djarra (Bissau, 1968) Munduko Medikuen elkarteko bitartekaria da Nafarroan. Emakumeen genitalen mutilazioaren kontrako ekintzailea da, eta, besteak beste, bere-bereak ditu ablazioarekin lotutako bizipenak. Pozik agertu da hitzarmena berritu delako, “urteetako lanarekin jarraitzeko aukera” izanen baitute hala; dioenez, are gehiago aurrekontu ekonomikoa nabarmen handiagoa izanik. Iaz, 20.000 euro zituzten egitasmorako. Aurten, berriz, 35.000 euro da aurrekontua.

Emakumeen genitalen mutilazioaren “egia” erakutsi nahi dute Munduko Medikuen elkarteko kideek: haren inguruan dauden sinesmenak ezeztatu, eta praktikak emakumeengan sortzen dituen ondorio lazgarriak ikusarazi. “Esaten dute emakumearen purutasunagatik egiten dutela, birjintasunagatik, eta horiek guztiak mitoak baizik ez dira. Patriarkatuaren kontzeptu bat da, baina inondik inora ere ez da errealitatea”, azaldu du Djarrak.

Lau ardatz nagusi ditu Munduko Medikuen elkartearen jardunak, sortu zenetik: heziketarako eta prebentziorako lantegiak egiten dituzte ablazioa egiten duten herrialdeetatik etorritako herritarrekin; hainbat esparrutako profesionalei trebakuntza eskaintzen diete, gaiari buruzko informazioa eduki dezaten; gizartea ablazioaren gainean sentsibilizatzeko lan egiten dute; eta politikariei eskatzen diete neurriak har daitezen. Emakumeen genitalen mutilazioa amaitzea helburu, kideek uste dute premiazkoa dela eremu guztietan eragitea; haien iritziz, horrela baizik ez delako posible praktika hori desagerraraztea, eta “emakume horiek pairatzen duten diskriminazioari kontra egitea”. Ablazioa sufritu dutenei laguntza emozionala ere ematen diete tailerren bidez.

Batik bat bitartekaritza kulturalean oinarritzen dira hitzarmenean bildutako ekinaldiak. Bitartekari afrikarren rola “funtsezkoa” da; izan ere, ekintzaileek defendatzen dute hori dela emakumeengana, neskengana eta, oro har, familiengana hurbiltzeko “modurik eranginkorrena”, Djarrak azaldu duenez. “Guk ongi dakigu ablazioa egiten den herrialdeetako kultura nolakoa den; ezagutzen ditugu errituak, sinesmenak eta tradizioak. Mezulari modukoak gara, eta, nolabait esanda, guri dagokigu ideia faltsu horiek ezeztatzea eta ablazioaren gaineko mito horien guztien atzean dagoena ikusaraztea”.

Aurrekontu ekonomikoaren handitze nabarmenaz gain, hitzarmenak badu beste berrikuntza nagusi bat: aldi honetan, estreinakoz, gizonezkoak ere kontratatuko dituzte afrikarren komunitateko gizonekin bitartekari gisa aritu daitezen. Orain arte, emakumezkoak baizik ez ziren aritzen bitartekaritzan. Emandako pausoa “biziki inportantea” da Djarraren iritziz. “Haien parte hartzeak indarra ematen digu aurrera egiteko; bereziki lagungarria izanen da gizonak berak proiektura hurbildu daitezen”, adierazi du. Haren ustez, helburua lortu nahi bada, hots, emakumeen genitalen mutilazioa amaitu nahi bada, “ezinbestekoa” da gizonen babesa ere edukitzea.

“Jakitun gaude gizonek dutela boterea familietan, haiek dutela erabakiak hartzeko ahalmena, eta, hortaz, haiek agintzen dutela etxean zer egiten den eta zer ez”, azaldu du Djarrak. Dioenez, gizonek ablazioaren kontrako borroka horretan parte hartzeak asko handitzen du izan dezaketen eragina, eta, horrela, denbora laburragoan ailegatzen ahalko dira helburuak erdiestera.

Gaur egun, 30 gizon inguruk hartzen dute parte Munduko Medikuen elkartean. Fatima Djarra “harro eta pozik” dago hori ikusita. Izan ere, dioenez, Nafarroa eredu da beste toki batzuentzat. Dena dela, argitu du inoiz ez dela “aski”; gehiago nahi dituzte.

Oztopoak izanik ere

Koronabirusak eragindako osasun larrialdiak agerian utzi ditu gizartearen zenbait gabezia. Bien bitartean, ordea, ezkutuan gelditu dira beste batzuk, eta, ondorioz, zailagoa izaten ari da horien kontra egitea. Djarrak ohartarazi du konfinamendu garaian, orokorrean, jendearen begiak soilik koronabirusaren gaitzari josiak izan direla eta, hori horrela, herritarrek “ahaztu” egin dituztela ablazioa eta emakumeek pairatzen dituzten beste zenbait arazo; ezkontza behartuak, kasurako. Are, Djarra sinetsia dago bete egin dela Nazio Batuen Erakundeak konfinamenduan egindako ohartarazpena: NBEk iragarri zuen itxialdian “nabarmen” egin zezakeela gora genero indarkeriak, %20 zehazki.

Etxe zuloan egoteak bereziki zaildu du emakumeak ablaziotik babestea. “Etxe barrenean gertatzen denez, kanpokoak ez dira zertan ohartu, eta zer esanik ez konfinamenduan”.

2013an sortu zen klitoriaren ablazioaren prebentziorako eta ekintzarako protokoloa Nafarroan; hori izan zen Euskal Herriko lehenbizikoa ere. Ordutik, jendea gero eta gehiago ari da gaia lantzen, eta, beraz, urratsak egiten ari dira, bereziki prebentzioan eragiteko. Dena dela, protokoloak baino gehiago, “jendearekin aritzea” da garrantzitsua, Djarraren ustez. “Izan ditzakegu legeak, protokoloak eta bestelako neurriak, baina komunitatearekin lan egin ezean, jendea sentsibilizatzen ez badugu, ez dugu lortuko ablazioa bukatzea”. Sinetsia dago, dena dela, ailegatuko direla helmugara. Urteak dira bideari lotu zaizkiola, eta eutsiko diote; min gehiago egin ez dadin, eta egina dagoena arintzeko.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku