Bertze pieza bat puzzlea osatzeko

Bertze pieza bat puzzlea osatzeko

Edurne Elizondo

Amaitu dute aurtengo kanpaina, eta egindako lanak puzzlea osatzeko bertze pieza bat eman die: indusketan parte hartu duten Aranzadi zientzia elkarteko kideek uste dute labe gisa ere erabili zituztela Aurizko Zalduako aztarnategian aurkitutako termak. Hamabost pertsona aritu dira uztailaren 13tik 26ra aztarnategian lanean, Oihane Mendizabal arkeologoaren zuzendaritzapean.

Mendizabalen hitzetan, “berezia” izan da aurtengo kanpaina, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiagatik. “Hasieran, ez genuen argi indusketa egin ahal izango genuen edo ez”. Horregatik, alarma egoera ezarri zenean, aztarnategiaren berri emateko webgunea prestatzeari ekin zioten Aranzadiko kideek: www.zaldua-pyrena.eus helbidean ikus daiteke.

Auritzen egoteko aukera ere izan dute Aranzadikoek azkenean, baina hasieratik proiektuari lotuta egon den MOLA Museum of London Archaeology erakundeko adituak ezin izan dira etorri.

Hamabost eguneko kanpaina egin dute, baliabideek horretarako aukera eman dietelako. Mendizabalek eskertu du, halere, Nafarroako Gobernuak egindako ahalegina, orain arte agerian utzitakoa babesteko: “Azken urteotan agerian utzitako geletako paretak altxatu dituzte; urte osoan bisitatu ahal izanen dira”.

Lan horiei esker, hain zuzen ere, gelen azalerari buruzko informazioa jasoko dute bisitariek, eta aztarnategia bera babesteko ere balioko dute. “Neguak gogorrak dira hemen, eta, orain arte, dena estali behar izaten genuen, ez hondatzeko”, azaldu du Mendizabalek.

Zalduan dagoena erakutsi nahi dute Aranzadiko kideek, eta herriko eta eskualdeko bizilagunei azaldu eremu horretan historiak zer gorde duen. Lan anitz bada egiteko, oraindik ere. “Hemen herri oso bat dago, eta guk eraikin baten erdia baino ez dugu aztertu, oraingoz”.

Eraikin horretan termak izan zirela baieztatu ahal izan zuten Aranzadiko kideek, iazko kanpainan. Aurretik ere hori zen hipotesia, baina iazko udan aurkitu zituzten hipotesi hori zuzena zela erakusten zuten elementuak: ustez ura eta gelak berotzeko erabiliko zuten egitura bat, adibidez.

 

800 metro koadro

“Termak hartzen dituen eraikina handia da, 800 metro koadro ingurukoa. Bagenekien 350 urtez erabili zutela; noski, litekeena da beti funtzio bera eduki ez izana”. Susmo hori bazuten Aranzadiko kideek, eta, aurtengo kanpainako lanei esker, urrats bat egin dute aurrera susmo horiek baieztatzeko: uste dute termen eraikina labe gisa ere erabili zutela, bertzeak bertze. “IV. mende inguruan hasi ziren eraikina apur bat abandonatzen; uste dugu pareta eta egitura horiek gero beste funtzio batzuetarako erabili zituztela. Forma biribileko hutsune bat dago, zepaz beteta. Mea erretzeko erabili zuten”, erran du Aurizko aztarnategiko indusketen zuzendariak.

Mendizabalek azaldu du inguru horretan ohikoak zirela meategiak, eta, mea atera eta gero, aztarnategian aurkitutakoaren gisako labeetan erretzen zutela. “Lana erosoago eta errentagarriago bilakatzea zen helburua: 50 kiloko harri bat mugitu ordez, 20 kiloko bat mugitzen zuten; labea erabiltzen zuten mea jaso, eta erabili nahi ez zituzten gainerako elementuak baztertzeko”.

Labea izan da aurtengo kanpainak emandako ezuste nagusia. Baina bada zer bilatu oraindik ere. Horretan jarraitu nahi dute Aranzadiko kideek, eta adierazi dute horretarako baliabideak behar dituztela. Oraingoz, hurrengo urtera arte erran dute agur.

Goiko argazkia: Aranzadi zientzia elkartea.