Edurne Elizondo
Carlos Canovasek (Hellin, Espainia, 1951) argi du argazkilari on batek unibertso propio bat eraiki behar duela, eta beti horretan ahalegindu dela erran du. Nafarroan bizi da jaio zen urtetik, eta eskertua dago bere lanari egindako aitortzagatik.
Zer da sari hau zuretzat?
Hagitz kontent nago. Hau ez da egun oro gertatzen den zerbait.
Jasotzen duen lehen argazkilaria zara, gainera.
Horrek ere anitz poztu nau. Bazen garaia, 31 urte joan baitira saria lehenengoz eman zutenetik.
Ez dira garai onak argazkigintzarentzat?
Garai konplikatua da. Gauzak anitz aldatu dira, eta horrek masifikazioa ekarri du. Batetik, ematen du argazkigintzak inoiz izan ez duen arrakasta soziala lortu duela orain; baina, bertzetik, hori egileon kalterako gertatu da, gero eta zailagoa delako nabarmentzea. Lehen, adibidez, ohikoa zen argazkilari bat Baztanera bidaltzea egutegi baterako argazkiak egitera. Orain, ez da horrelakorik egiten. Irudi bankuak daude, edo norbaitek sakelakoarekin egindakoak erabiltzen dituzte. Argazkilariak arazo anitz izaten ari dira eusteko.
Ofizioa kolokan dela uste duzu?
Bai, desagertzeko bidean dela uste dut. Segur aski, inoiz ez da erabat desagertuko, baina lan egiteko moduak izugarri aldatu dira; egoera erabat aldatu da, eta, horregatik, uste dut zaila izanen dela ofizio gisa eutsi ahal izatea.
Bistakoa da, baina, zuk eta argazkigintzaz deus ez dakien batek ez duzuela irudi bera lortuko. Zergatik dago kolokan ofizioa?
Nik uste dut sistema osoak egiten duela huts, nolabait. Adibide bat aipatuko dizut: bidaia aldizkariek jada ez dute argazkilaririk bidaltzen sustatu nahi dituzten herrietara; bertzela lortzen dituzte argazkiak. Hedabideetan ere argazkiak orbanen gisakoak dira, eta haien balioa betetzen duten espazioaren araberakoa da. Neurri bereko bi orban baditugu, balio bera izanen dute. Horregatik, argi dut, erran ohi den bezala, garai txarrak direla lirikarentzat.
Egungo jokalekuak ez du alde onik?
Joseph Beuysek erran zuen gizaki oro dela artista, eta, gaur egun, ditugun baliabideei esker, gizaki oro da argazkilari. Denok egiten ditugu argazkiak eta partekatzen ditugu gure irudiak. Baina…
Baina zer?
Informazio zientzien fakultateetan erraten ohi zen informazio anitz informazio txarra dela. Eta hori gertatzen da argazkiekin. Argazki anitz izateak ez du erran nahi argazki onak ditugunik.
Ez da gauza bera botoi bati sakatzea eta argazki bat egitea?
Ez da gauza bera, inondik inora ere ez. Hori defendatu dut nik beti. Eta begirada eta prozesu osoa mantsotzeko beharra defendatu dut. Pentsatu behar da, landu, denbora hartu. Bide hori ezin da presaka egin.
Pentsatzeko prozesu horrek bilakatzen du on argazki bat?
Argazki on anitz eginak zituen argazkilari bati galdetu zioten behin ea zer egiten zuen hori lortzeko: argazki on bat lortzeko. Eta argazkilariak erantzun zuen jakinez gero beti eginen zituela argazki onak. Argazkia egin aurreko prozesu eta denbora hori funtsezkoa da, baina, aldi berean, ez da argazki on bat lortzeko bermea.
Eta pentsatu gabe eta presaka egindako argazki bat izan daiteke ona?
Gerta daiteke. Baina norbaitek argazki on bat egiteak ez du erran nahi, berez, argazkilari ona denik. Argazkilariak oinarri sendo bat behar du. Argazkilariaren oinarri horrek koherentzia behar du bere diskurtsoan; argi izan behar du zer eta nola erran nahi duen, eta hori lortzeko behar dituen baliabideak badituela. Hori da bidea, nire ustez; hori da gakoa. Niretzat, hori da argazkigintza ona. Argazkilaria da egin nahi duen argazki hori pentsatu, garatu eta eraikitzen duena, eta, denborarekin, unibertso propio bat osatzen duena. Norbaitek erran zuen argazkilari batek etengabe erakutsi behar duela bere unibertsoa existitzen dela; ni ados nago.
Unibertso horrek bereizten ditu argazkilariak?
Bai. Finean, guk makina bat erabiltzen dugu, eta unibertso propio horrek modua ematen digu egiten duguna nabarmentzeko. Jendeak begiratu bat eman eta berehala jakin beharko luke argazki bat nirea, bertze horrena edo harena den. Eta hori nekez lor daiteke sakelakoarekin argazkiak eginez.
Nolakoa da zure unibertsoa?
Begirada mantsoa da nirea, eta etengabeko gogoeta egiten du. Erran ohi dute nirea begirada periferiko bat dela, gauzen periferiari egiten diodalako so. Hiriari egiten dizkiot argazkiak, hiriko giroari batez ere. Baina ez dut erdigunea maite; periferia maite dut. Zizur Nagusitik Iruñera bidean, landa eremuak eta hiriak bat egiten duten espazio hori da nire berezko habitata.
Habitat horretan, egunerokoaren edertasuna bilatzen duzu?
Bai, ohikoa den horren edertasuna. Hori da kontua. Niretzat, argazkigintza eguneroko kontu bat da; nire joan-etorri guztietan laguntzen nau. Ez dut urrutira joan beharrik edertasunaren bila. Ondoan duguna izaten ohi da ederrena; arazoa da ez diogula so egiten. Begirada urruti jartzen dugu. Baina atzera egin beharko genuke. Hurbileko horri behatu. Nik, egia erran, ez dakit edertasuna zer den, baina badakit hurbil egon behar duela. Paretek, adibidez, denboraren joana islatzen dute, eta hor edertasun handia dago, auzi estetikoa alde batera utzita. Finean, argazkilaritza arte eta dokumentu da aldi berean. Maite dut.
Kamerari eusten jarraitzeko prest?
Aitak argazkilaritza maite zuen, eta etxean laborategia zuen. 6 urte nituenerako, aita laguntzen aritzen nintzen. Kamera altxatzeko indarra dudan bitartean, argazkiak egiten segituko dut.