Lurra bizitzarako, ez gerrarako

Lurra bizitzarako, ez gerrarako

Uxue Rey Gorraiz

Hemen izanen dira beste behin. Bardea aireko maniobra militarretarako agertoki izanen da berriz heldu den astelehenetik ostegunera, bi egunak barne, Bardeako Komunitateak bere webgunean aditzera eman duenez. Bardeako tiro eremuaren kontrako ekintzaileen haserrea piztu du berriak, eta, sumindurik, salatu dute “erabat zentzugabea” dela halako maniobrak egitea, eta are gehiago orain, hegaztiek habiak egiten dituzten eta pandemia oraindik ere gizartea astintzen ari den garaian.

Bardeako Komunitateak argitaratutako oharrean ez dago zehaztua nolakoak izanen diren maniobrak, ez eta benetako sua erabiliko duten ere. “Benetako hegaldiak” izanen direla besterik ez dute adierazi. Hori horrela, informazioa “lausoa eta nahasia” dela salatu dute tiro eremuaren kontrako zenbait ekintzailek. “Deus gutxi dakigu, oso anbiguoa da eman duten informazio urria”, salatu du Noemi Solanas Bardenas Ya taldeko kideak. Gaineratu du, bestalde, ez dela horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia. “Aspaldi hasi ziren horrelakoak. Ez genuke nahi honetara ohitu, baina, zoritxarrez, ohiko bihurtzen ari da ez jakitea benetan zer egiten ari diren”, azaldu du Solanasek, eta erantsi du azkenaldian urtean gutxienez bizpahiru aldiz egiten dituztela tiro ariketak bertan.

Bardeako Tiro Eremuaren Kontrako Batzarreko kideek ere gogor kritikatu dute militarren itzulera. Bozeramaile den Milagros Rubiok azaldu du albisteak “zeharo harriturik” utzi duela, eta esan du “sekulako okerra” dela orain halakoak egitea. “Beti iruditu zaigu baliabide ekonomikoak bonbak jaurtitzeko erabiltzea dirua zentzugabeki xahutzea dela, baina orain are eta larriagoa da hori egitea”, salatu du Rubiok, eta azaldu du premiazko zerbitzuetara bideratu beharko litzatekeela diru hori. Iritzi berekoa da Solanas, eta “lehentasun kontua” dela azaldu du: “Erabakiak bistan utzi ditu sistema kapitalista batean bizitzearen ondorioak; agerikoa da gerra politikei ematen dietela garrantzia”.

Hala ere, gizartea osasun krisian eta haren ondoriozko krisi ekonomikoan murgildua egotea ez da, ekintzaileen ustez, Bardeako tiro eremuaren erabilera militarra orain “bereziki desegoki eta zentzugabe” bihurtzen duen arrazoi bakarra. Noiz eginen duten ikusita, plataformek azaldu dute ariketek kalte handia egin diezaioketela inguruan bizi diren hegaztiei, hilabete hauek izaten baitira habiak egiteko eta kumeak hazteko garaia.

“Espeziearen arabera aldaketak egon badaitezke ere, estepako hegazti gehienak habiak egiten ari dira oraindik. Gainera, Duponteko hegatxabalen kolonia tiro eremuaren toki berean dago; beraz, nabarmen eginen diete kalte maniobra militarrek”. Eduardo Navascuesenak dira hitzak, Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kidearenak. Kezkaturik ageri da, eta argi esan du “izugarrizko hipokrisia” dagoela erabakiaren oinarrian; izan ere, Bardeako sarbide batzuk itxita daude otsailaz geroztik herritarrentzat eta turistentzat, fauna babesteko. Hegazkinei, berriz, ez zaie bidea oztopatu. “Militarren jardueretarako baimena emateko problemarik ez dute izan”, esan du Navascuesek.

Nafarroako Parlamentuan ere agerian gelditu dira tiro eremuari buruzko jarrera kontrajarriak: atzera bota dute azpiegitura horren aurkako mozioa. Ezkerrak aurkeztu, eta Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu taldeen babesa jaso du. Navarra Sumak eta PSNk kontra bozkatu, eta galarazi egin dute mozioak aurrera egitea.

Bozketaren emaitzak ez ditu erabat harritu tiro eremuaren kontrako ekintzaileak. Milagros Rubiok nabarmendu du Nafarroako Gobernuak ez duela inoiz urrats irmorik egin Espainiako Gobernuari presioa egiteko.

“Menpekotasuna”

1951n jarri zuten martxan tiro eremua. Ordutik, zenbait akordio sinatu dituzte Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak eta Bardeako Komunitateak —hemeretzi udalerri, Erronkariko eta Zaraitzuko ibarrak eta Olivako monasterioa dira komunitateko kideak—.

2008an sinatu zuten egun indarrean dagoen akordioa, eta 2018an berritu zen, automatikoki, 2028ra arte. Orduan, aurrekontua bikoiztu egin zen, gainera: Bardeako Komunitateko kideek 14 milioi euro jasotzen dituzte. Ordainketa horrek dirua jasotzen dutenengan sortzen duen “menpekotasun ekonomikoa” salatu du Bardenas Ya taldeko Solanasek. “Errealistak gara, zaila izanen da, baina ez dugu amore emateko asmorik”, esan du Rubiok. Ez dute nahi Bardea izatea gerrak prestatzeko toki bat.