“Kontzertu bateko emozioak ezin dira beste inon sentitu”

“Kontzertu bateko emozioak ezin dira beste inon sentitu”

Uxue Rey Gorraiz

Bere ibilbide artistikoaren jatorrietara bueltatu da udan Leire Villanueva abeslaria (Barañain, 1991), Iseo ezizenez ezagunagoa. Bakarlari gisa hasi zuen bidea, baina aurtengo uztailera arte hiru urte zeramatzan agertokira bakarrik igo gabe. Back to the roots (Sustraietara bueltan) biran kontzertuak egin ditu zenbait hiritan. Bestalde, Iseo & Dodosounden hirugarren diskoa sortzeko lanetan ari da.

Zer moduzkoa izan da agertokietara bakarrik itzultzea?

Oso polita izan da. Nire gitarrak denbora luzea zeraman agertokietatik aparte, erritmo biziko urteak izan baitira azken hauek. Dodosoundekin ibili naiz batera eta bestera, gelditu gabe, eta egia esan ahaztua neukan nolakoak diren agertokian bakarrik aritzeak ematen dizkizun sentsazioak; ezin azalduzkoak dira. Artistikoki ere oso berezia izan da.

Bakarlaria zinenean sortutako abestiak kantatu dituzu kontzertuetan, baita Dodosoundekin egindako zenbait ere.

Berehala pentsatu nuen horrela izan behar zuela. Bakarlari gisa atera nituen azkeneko kantuak 2016an kaleratutako diskokoak dira, eta, beraz, aurtengo udan kontzertuak egiteko aukera izango nuela jakin bezain laster, argi ikusi nuen Dodosoundekin sortutako abestiak ere sartu behar nituela. Formatua, ordea, bai, hasieran nuena bezalakoa da: gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa, eta koroak eta perkusioak grabatzeko pedal bat. Ideia ona izan da hasieran egiten nuena oraingo beste gauza batzuekin konbinatzea, eta publikoak eskertu du.

Bidea hasi zenuenetik asko aldatu da Iseo?

Aldatu baino gehiago, hazi egin da agian. Hazkuntza sumatu daiteke, baina ez dago sekulako alderik. Hau da, ez naiz beste artista bat, baina egin dudan bidearen emaitza naiz, eta, ezinbestean, eboluzioa nabari dezaket niregan. Azken finean, guztiok gara gure bizipenen eta egindako bidearen emaitza; hori da naturalena. Birak Back to the roots du izena, ez da Back to the past: nahiz eta nolabait jatorrira itzultzea den, ez da iraganera salto egitea; 2020an gaude, eta ni ere 2020ko Leire naiz.

Hain zuzen ere, orain bizi dugun egoera ez da nolanahikoa. Oso desberdina da artistak sentitzen duena entzuleak bereizita eta maskara ahoan dutela ikustean?

Birako lehenbiziko kontzertuaren aurretik gauza asko imajinatu nituen. Burutik pasatu zitzaidan kontzertuak ez ote ziren hotzak izango, ez nuen argi nolakoa izango zen sortuko zen giroa… eta publikoari gauza bera gertatuko zitzaion segur aski. Guztiz kontrakoa gertatu da, ordea.

Nolakoa izan da giroa?

Jendea bereziki hunkitua egon da kontzertuetan. Etxean itxita egon eta gero, ez dakit zenbat hilabete kontzertu batera joan gabe egon ondoren… jendeak gogoz hartu du aukera, eta uste dut den-denok, nik barne, emozioak borborka izan ditugula. Kontzertu bat ezin da beste ezerekin konparatu: han sentitzen ditugun emozioak ezin dira beste inon bizi. Ikus ditzakegu kontzertuak Youtuben, sakelakoaren bidez edo telebistan, baina ez dago zuzeneko bat bezalakorik.

Etxean egin duzu birako kontzertuetako bat: Iruñean, Ziudadelan.

Sekulakoa izan zen. Egia esanda, pentsatze hutsarekin oilo-ipurdia jartzen zait berriz ere. Oso ongi oroitzen ditut, esaterako, abesti bat hasi aurretik izan ziren zenbait isilune, eta isiltasunak asko esaten du horrelakoetan. Seiehun pertsona inguru ginen hor, eta ez zen ezer entzuten, pentsa. Oso giro berezia sortu genuen; bereziki hunkigarria.

Beste hainbat artistaren antzera, aldarrikatu duzu kultura segurua dela. Sumindu egiten zaitu jendeak hori hala ez ikusteak?

Jende askok uste du kultura eta aisialdia gauza bera direla, nahasi egiten ditu bata eta bestea. Noski, oso hurbil daude zentzu batzuetan, eta hor dago arriskua hain justu, baina kultura askoz gehiago da. Hori ulertuko bagenu, lehentasunak ere beste batzuk lirateke. Bestalde, ekitaldi kulturaletan hartutako segurtasun neurriak sekulakoak dira. Albistegietan eskainitako datuei erreparatu besterik ez dago: halako gauzetan ez da agerraldirik gertatu. Jendea ez da horrelakoetan kutsatzen.

Urtarrilean bukatu zenuten Iseo & Dodosounden bira, eta iragarri zenuten agertokietatik urrunduta emanen zenutela urtea hirugarren lana prestatzeko. Zer moduzkoa da pandemia garai bat sormen lanerako?

Nahiko arraroa da. Gure kasuan, erabateko kasualitatea izan da, 2020an kontzerturik ez egitea eta konposatzen aritzea erabaki genuenean ez baikenekien inondik inora pandemia bat iritsiko zela. Ez zegoen aurreikusia, jakina. Gogorra da horrelako egoera batean konposatzea. Jendeak esaten zigun: “Garai perfektua horretarako, ezta? Etxean egonda!”; eta ez, inola ere ez.

Zaila behar du koronabirusak eragindako zarataren erdian musika doinuak sortzea.

Bai. Hasieran, zurrunbilo batean sartuak ginela zirudien, eta oso aste arraroak eta gogorrak izan ziren guztiontzat. Zaila zen ahaztea mundua gain behera zetorrela, burutik kentzea zer ari zen inguruan gertatzen. Baina, tira, esaten dute pertsona batek hogeita bat egun behar dituela zerbaitera ohitzeko, eta agian egia da neurri batean. Asteek aurrera egin ahala, pasatutakoan hasierako tsunami hori, jakin dugu aurkitzen konposatzeko beharrezko dugun bake hori, eta oso produktiboak izaten ari gara artistikoki.

Lana 2021. urtean kaleratuko zenutela esan zenuten. Asmo berarekin segitzen duzue oraindik ere?

Ez dakigu krisialdiak nola eragingo dien epeei, baina, guri dagokiguna kontuan hartuta behintzat, asmo hori dugu. Dena dela, sorkuntza prozesuari dagokionez, gauzak lasai egitea gustatzen zaigu; uste dugu presaka ibiltzea ez dela ona. Gauzak ongi ateratzen badira, ederki, baina ikasi dugu ulertu behar dugula ez dela ezer gertatzen blokeatzen garenean. Hala ere, oraintxe bertan, eta oraindik ere lana falta dugun arren, esan dezaket diskoa dagoeneko hasia dela kolore bat hartzen, aurpegiera bat ikusten ahal zaiola.

Eta zer koloretakoa da, oraingoz?

Tira, diskoak egiten hasten garenean saiatzen gara geure buruari galdetzen zer egin nahi dugun. Azken finean, gure abestiek gutaz hitz egiten dute, ez derrigor letrek, baina kantuek, oro har, gure sinadura dute eta gu garenaren isla dira. Guretzat garrantzitsua da jakitea zer lortu nahi dugun eta zer kontatu nahi dugun gure lanarekin. Disko honekin, jendeak ikusi ahal izanen du zer den gaur egun Iseo & Dodosound, nor garen orain, 2020. urtean.