Lurra zula ez dezaten

Lurra zula ez dezaten

Edurne Elizondo

Aurrera segitzen du herrialdean meategi bat martxan jartzeko Muga proiektuak; eta aurrera segitzen du, aldi berean, egitasmo hori bertan behera uztea helburu duen plataformak. Udan egin dituzte bi aldeek azken urratsak: administrazioak eskatutako aldaketak aurkeztu ditu enpresak, batetik; aldaketa horiei alegazioak aurkeztu dizkio plataformak, bertzetik. Are gehiago, egitasmoa bertan behera uzteko eskatu du.

Nafarroako aurreko gobernua hasi zen Muga meategia martxan jartzeko proiektua tramitatzen, 2015eko ekainean. Geoalcali SL etxeak bultzatu du. Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) eraginen lieke; zehazki, Erreniega menditik Onsellako ibarreraino hedatuko litzateke proiektua. Helburua da potasa eta gatza ustiatzea. Aragoiko eta Nafarroako herritarrek egin dute bat meategiaren aurkako plataforman.

2015. urtetik, hainbat aldiz gelditu dira agerian Muga proiektuaren arazoak. “Espainiako Ingurumen Ministerioak hirutan eskatu dio enpresari arazo horiek konpon ditzala”, nabarmendu dute plataformako kideek. Batetik, Esako urtegiari eraginen lizkiokeen kalteak jarri dituzte mahai gainean ministerioak eta bertze hainbat erakundek. “Lur azpiko galeriak egin nahi dituzte; Esako urtegiko presatik hagitz gertu egonen lirateke galeria horietako hainbat”, salatu izan dute plataformako arduradunek; Ebroko Ur Konfederazioak berak ere ohartarazi du meategiak urtegian izan dezakeen eraginaz, txosten batean.

Bertzetik, ura kutsatzeko arriskuei eta meategiak eraginen lituzkeen hondakinak kudeatzeko moduei buruz ohartarazi du Espainiako Gobernuak enpresa. Urtean lau milioi tona hondakin eraginen lituzke meategiak, martxan jarriz gero.

Bada hirugarren arazo nagusi bat: zuloak. Erreniegan aspalditik dakite potasa ustiatzeko meategi batek zer-nolako eragina izan dezakeen inguruan. Erreniegako meategia duela 30 urte itxi zuten, baina jarduera horren ondorioak pairatzen dituzte, oraindik ere, inguruko herrietan. “Zuloak agertu dira, azken garaian, Undion eta Espartzan, bertzeak bertze”, salatu izan dute plataformako bozeramaileek.

Arazoak bere horretan

BOE Espainiako Aldizkari Ofizialak uztailaren 4an argitaratu zituen Geoalcali etxeak proiektuari egindako aldaketak, eta 30 eguneko epea zehaztu zuen zuzenketak aurkezteko. Muga proiektuaren aurkako plataformako kideek zenbait egin dituzte, eta haien bidez salatu dute, batez ere, “enpresak aurkeztutako azken agirietan betiko arazoak agertzen” direla.

Hau da, zehaztutako arazoak ez dituztela konpondu. “Berriz ere, Zangoza inguruan dagoen sismikotasuna ukatu egin du enpresak, eta ukatu du, halaber, meategiak Esako urtegiari eraginen liokeela”, nabarmendu dute plataformako kideek, egoeraren adibide. Zangozako Udalak ere aurkeztu ditu bere alegazioak, abuztuaren 14ko osoko bileran urrats hori egitea erabaki eta gero.

Geoalcalik iazko ekainean ezagutarazi zuen bere egitasmoak ingurumen eraginaren aldeko adierazpena jaso zuela. Agiri hori jaso eta gero, proiektuak ukitzen dituen udaletako obrak egiteko baimena eskuratu beharko luke enpresak, eta meategia ustiatzeko baimena lortzea litzateke azken urratsa.

Proiektuaren aurkako plataformak bertzelako asmoak ditu. Taldeko kideek argi utzi dute 2015etik egindako aldaketek “berri” bilakatu dutela oraingo proiektua, eta, ondorioz, berriz ere egin beharko luketela egitasmoa jendaurrean erakusteko eta herritarren parte hartzea sustatzeko tramitea. Hori baino gehiago, proiektua behingoz bazter dezaten lortzea du helburu nagusi plataformak.

Argazkia: Zangoza inguruan egindako zundaketak. Geoalcali.