Sorginkerien aitzakian eramanak

Sorginkerien aitzakian eramanak

Uxue Rey Gorraiz

Sorginkeriaren akusazioak munduan milaka eta milaka lagunen bizitza baldintzatu zuen joan diren mendeetan. Aparteko botereak edukitzea, akelarreetara joatea eta deabruarekin elkar hartzea leporatzen zitzaien ustezko sorgin horiei. Era berean, haiei egozten zitzaizkien, besteak beste, uzten eta azienden galerak, bai eta haur jaioberrien heriotza ere. Delitu horien erruduntasuna aitzakia harturik hil zituzten asko eta asko, Inkisizioak eta auzitegi zibilek bultzatutako sorgin ehizaren ondorioz. Emakumeak ziren gehienak.

Sorgin ehizak Nafarroan izandako eragina agerian uzten du uztaila bukaeratik eta urte amaiera arte Nafarroako Errege Artxiboko kripta protogotikoan ikusgai den erakusketak: Maleficium. Nafarroa eta sorgin-ehiza (XIV.-XVII. mendeak) du izena, eta Jesus Mari Usunariz Garaioa Nafarroako Unibertsitateko Historia Modernoko irakasleak gidatu du. 45 piezak osatzen dute erakusketa, eta eskuz idatzitako dokumentu originalak dira jasotako gehienak.

Euskal Herrian, XVI. eta XVII. mendeetan izan zuen indar handiena sorgin ehizak, eta mendialdean gertatu ziren jazarpen gehienak. Denboran luze iraun zuten akusazioaldiek, zigorrek eta erailketek, baina, adituen ustez, posible da Nafarroan olatu desberdinak bereiztea, adibidez; Auritzen hasi zen lehenbizikoa, 1525ean, eta Zugarramurdiko pasarte ezagunak eman zion hasiera azkenekoari, 1609an. Han gertatutakoek oihartzun handia izan zuten, instituzioak kezkatzeraino, eta, hortik aurrera, gutxitzen hasi ziren sorgin ehiza kasuak. Dena dela, zenbait adituk salatu dute sorgin ehiza ez dela erabat desagertua munduan.

Amaia Nausia historialari iruindarrak dioenez, “milaka izan ziren inplikatuak, salatuak eta kaltetuak. Erregistroek erakusten dutenez, ehun inguru erail zituzten hemen, baina beste askok ere pairatu zituzten zigorrak”. Argitu du sorginkeria delitua egotzi zitzaien asko erbesteratuak ere izan zirela, eta zituzten ondare guztiak kendu zizkietela beste askori.

Sorgin ehizak Europaren iparraldeko herrietan izan zuen eragin latzena, hildako kopuruari dagokionez bereziki. Hala ere, eta kontinente osoko datuak bilduta, ikerketek ondorioztatu dute 100.000 pertsona baino gehiago hil zituztela sorgintzagatik Europan: %75 inguru emakumeak ziren. Joera bertsua erakusten dute Nafarroako datuek ere; izan ere, 1525. eta 1610. urteen artean akusatuetatik %74 emakumeak ziren.

Gertaerak bere izenez deitu beharra aldarrikatu dute zenbait pentsalarik sorgin ehizaren inguruan hitz egiteko orduan. Nausiak irmoki adierazi du mende horietan gertatutakoa zer izan zen egiazki: “Europan izan den feminizidiorik handiena izan da sorgin ehiza. Emakumeak diziplinatzeko tresna bat izan zen, estrategia bat, oso eraginkorra”.

Nausiaren iritziz, “ez da kasualitatea” sorgin ehiza mende horietan sortu izana, testuinguru historikoa aintzat harturik. Haren ustez, erabat argigarria da ohartzea “trantsizio aro batean” hasi zela sorgin ehiza. Izan ere, azaldu duenez, Erdi Arotik Aro Modernorako zubi horretan, feudalismoa atzean utzi eta kapitalismoa oinarri izanik bizitzen hasteko bide horretan, alegia, botere guztiak zentralizatu nahia da, besteak beste, emakumeen aurkako jazarpenaren jatorria. “Gaur egun ezagutzen ditugun estatu modernoak sortzen ari ziren, eta familiak oinarri modura hartu ziren, familia bakoitza estatu txiki bat bailitzan”, azaldu du Nausiak. Erantsi du hain justu orduantxe, familia unitate bakoitzean aitari edo gizonari boterea aitortu zitzaionean, hasi zela “emakumearen doktrinamendu bortitza”, eta, hala, sorgin ehiza.

“Ama Birjinaren ideala aurkeztu zitzaigun, emakume idealaren ideia, kastitatean eta amatasunean oinarritzen zena. Esan zitzaigun gure helburu nagusiak ama izatea eta zaintza zirela, eta eremu publikoan genituen hainbat eskubide galdu genituen horrela, etxetik kanpoko lanari dagokionez, adibidez”, azaldu du.

Sorgintzat hartutako horiek

XIV. eta XVII. mendeen artean herritarren edota agintarien burutan indarra zuten hainbat sinesmen daude bilduta Nafarroako Errege Artxiboan ikusgai diren idazkietan, eta horietatik askok agerian uzten dute emakumea zela eraso horien jomuga, sorginkeria delituaren akusatu nagusi. Halaber, sorgintzagatik auzipetutako emakume gehienak berrogeita hamar urtetik gorakoak ziren, ezkongabeak edo alargunak, gauza zirenak gizonik gabe bizitzeko, edota gizonik gabe bizi nahi zutenak; Elizak edo sistemak berak ezarritako bidetik urrunduta, nolabaiteko autonomiaz bizi zirenak.

Hala eta guztiz ere, ustezko sorgin horiek zenbaitetan ezaugarri komunak zituzten arren, Nausiaren esanetan, baldintza bakar bat betetzea aski zen zigortuak izateko; izan ere, historialariaren hitzetan, “emakume izate hutsa arriskutsua zen sistemarentzat”.

“Uste zabaldua zegoen emakumea deabrutsua zela berez, batik bat bere sexualitateagatik. Esaten zen emakumeak sortzez ahulagoak zirela, tuntunagoak, eta, horren ondorioz, ezin zituztela bere pasioak kontrolatu. Tentagarriak izatea leporatzen zitzaigun, eta esaten zen gizonek tentazioari eutsi ezin bazioten gure erruagatik zela”. Nausiaren ustez, egungo diskurtso patriarkalarekin estuki lotuak daude garai hartako sinesmen asko, eta orain arte iraun dute batzuek.

Oraina ere sorginduta

Sorgin ehizaren historiari buruzko I. Topaketa antolatu zuten 2019an Katakraken. Sorgin ehiza ikuspegi feministatik lantzea izan zen helburu nagusietako bat, eta gaian aditu diren zenbait hizlari elkartu zituen zitak: Silvia Federici pentsalari feminista izan zen gonbidatuetako bat. Caliban eta sorgina eta Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria: iraganeko gaur egungo sorgin-ehizak lanen egilea da Federici, besteak beste.

Hain zuzen ere, Katakrakeko editore Nerea Filliat ekintzaileari liburu horiek bereziki lagungarriak izan zaizkio sorgin ehizari buruz hausnartzeko. “Emakumeen gorputzen aurkako jazarpena izan zen, eta hori argi edukitzea ezinbestekoa da. Ez hori bakarrik, krisi handi bat gertatzen denean, zeinetan indar desberdinek talka egiten duten, emakumeen aurka jotzeak zilegitasuna daukala ikasi dugu”, azaldu du Fillatek. Gainera, erantsi du joera hori errepikatu egiten dela, ez baita “soilik momentu puntual batean” gertatutako zerbait. “Sorgin ehizak balio du gaur egun gertatzen den emakumeen aurkako bortizkeria ulertzeko, indarkeria horren legitimazioa ekarri baitu, kontatu zaigunarekin sorgin ehiza bera legitimatu den bezalaxe”, esan du Fillatek.

Zaharra, itsusia, sudur luze eta okerrekoa, azal-zimurra, garatxoduna. Puntadun kapelua buruan, erratza eskuan. Ezaugarri horiek eta beste zenbait jasotzen ditu sorginaren inguruan sortutako iruditegiak gaur egun. Bada beste bertsiorik ere: kasu batzuetan, irudi inozoagoa da erakusten dena, xaloagoa edo samurragoa, noiz edo noiz emakume horiei gaitasun miragarririk ere aitortzen diena. Edozein kasutan, zenbait adituk salatu dute sorginak irudikatzeko modu horiek benetako errealitatea estaltzeko baizik ez dutela balio, “makillatu” egiten baitute sorgin deitu zituzten emakumeen aurkako indarkeria.

Nausiak esan duenez, “milaka emakume hil zituzten sorginkeria delituaren aitzakiarekin, eta guk banalizatu egin dugu gertatutakoa”. Fillaten ustez, “onartezina” da sorginak hala irudikatzea: “Oso larria da; are gehiago orain, hainbeste ikertu ondotik jakin badakigunean sorgin ehiza zer-nolako sarraskia izan zen”, azaldu du.

Biek argitu dute, bestalde, sorginak ez direla Euskal Herriko mitologiaren parte, “askotan hala deskribatu izan zaigun arren”. Amaia Nausiak azaldu duenez, “izatekotan”, Mari da egiazki euskal mitologiaren parte den pertsonaia femeninoa, baina oso bestelakoak dira hari esleitu zaizkion ezaugarriak: biziaren sortzaile da Mari, naturaren babesle, eder, eta ez gaizto. Zerikusi gutxi du sorginen bueltan herritarrek osatu duten irudiarekin.

Sorginaren irudia errealitatearekiko fidela izatetik hain urrun dagoela ikusirik, Nausiak eta Fillatek azaldu dute “premiazkoa” dela haren irudiaren inguruan ariketa pedagogikoa egitea haurrekin, baita beste esparru batzuetan ere. “Ezin diogu gertatutakoari garrantzirik kendu, ezin gara jolastu sorgin izatera”, esan du Fillatek. Eta Nausiak erantsi du, bestalde, argi kontatu behar dela emakume horien historia: “Azaldu behar diegu sorginak benetan nor izan ziren; hobeki esanda, esan behar diegu sorginak ez zirela existitu, emakume arruntak zirela, eta hain zuzen ere emakume izateagatik jazarri zituztela”.

Biek beharrezkotzat jo dute eztabaida publiko handi bat egitea, orain arteko joera hori eteteko eta zer kontakizun gailentzen ari den hausnartzeko. Zehaztu dute “zorroztasun historikoaz” mintzatu behar dela gaiaz, “kritikotasunez”, hori baita, euren esanetan, memoria sortzeko bidea, bortizkeria jasan zuten milaka eta milaka emakumeren memoriari toki bat egiteko modua.