Gizakiak azken aukera direnekoa

Gizakiak azken aukera direnekoa

Edurne Elizondo

Beren senak gizakiengandik urruntzen ohi ditu naturan bizi diren animaliak. Gaixo edo zaurituta direnean, ordea, ezin mugitu edo minez daudenean, gizakiak bilakatzen dira euren aukera bakar, salbatzeko. “Hartzen uzten badigute, hagitz gaizki diren seinale”, azaldu du Ilundaingo fauna zaintzeko zentroko arduradun Enrique Castiensek. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko Bioaniztasun Zerbitzuko burua da Castiens, eta argi erran du: “Jasotzen ditugun animalien erdiek baino ezin izaten dute naturara itzuli, suspertzea lortu eta gero”.

Helburu nagusia hori da: artatzen dituzten animaliak euren berezko habitatera itzultzea. Anitzetan, baina, egindako ahaleginak hutsean gelditzen dira. Uztailean, adibidez, Iruñeko Udaleko langileek enara azpizurien bederatzi habia jaso zituzten, Buztintxurin, eraistekoak ziren eraikin batetik, eta, denera, hamahiru arrautza eraman zituzten Ilundaingo zentrora: “Bi txita bertzerik ez ziren jaio; bat berehala hil zen, eta bertzea, jaio eta zenbait egunera”, azaldu du Castiensek.

Babestutako espezie bat da enara azpizuria, eta legez babestuta daude hegaztion habiak ere; hala ere, anitzetan, suntsitu, eta lurrera botatzen dituzte. “Jendeak pazientzia gutxi du: etxe ondoko habiak suntsitzen dituzte, gorotzak traba egiten dielako. Gero, kexu dira eltxoak etxean sartzen zaizkielako. Kontraesan handi bat da; izan ere, enarek, sorbeltzek eta saguzarrek, bertzeak bertze, eltxoak jaten dituzte”, erran du Castiensek.

Buztintxuriko eraikinean hartutako arrautzak. Iruñeko Udala.

Hegaztiok jatekoa duten tokietan bilatzen dute habia egiteko lekua. Buztintxurin, eraikina eraisteko lanetan ari ziren langileak berandu ohartu ziren arrautzak han zirela: “Eraikina botatzen hasiak ziren; lanak geldituz gero, bazen arriskua ezbeharren bat gertatzeko. Horregatik hartu genituen habiak. Arrautzak, baina, jarri berriak ziren, eta ezin izan zuten aurrera egin”, azaldu du Ilundaingo arduradunak.

Basa animalientzat

Ilundainen hartzen dituzten gizakiz bertzeko animalia gehienak hegaztiak izaten dira. Zentroko atea ez da hegazti guztientzat zabalik, halere. “Karrikan zauritutako uso bat aurkitzen baduzu, adibidez, ez dugu hemen jasoko”, zehaztu du Castiensek. “Ezta karrikan aurkitutako eta zaurituta dagoen katu bat ere”, erantsi du. Azken batean, Ilundainen ez dute artatzen “etxekotutako” animaliarik. “Haientzat, bertzelako baliabideak bideratzen dituzte erakundeek. Guk basa animaliak hartzen ditugu, mehatxatuta dagoen fauna”. Bada salbuespen bat, halere: “Espezie exotiko guztiak jasotzen ditugu, bertakoei kalterik egin ez diezaieten”.

Berezko habitatera itzultzeko aukerarik ez duten basa animalien kasuan, hainbat bide daude: “Aztore heldu bat hartzen badugu hegala erabat txikituta, adibidez, eutanasiaren alde egiten ohi dugu. Gisa horretako animalia batentzat, sekulako sufrimendua ekarriko luke itxita egoteak, jendaurrean. Pentsa: beldurrez egonen litzateke uneoro, eta gizakien ondotik ihes egiteko aukerarik gabe”, erran du Castiensek. Egoera bestelakoa da jasotako hegazti mota arriskuan den espezie batekoa denean, adibidez. “Halakoetan, animaliok itxita hazteko programetan erabiltzen ahal dira”.

Jasotako arrautzek aurrera egiten dutenean, bertzalde, Ilundaingo langileek bertze toki bat bilatzen ohi dute jaiotako txitentzat. “Ez dira hemen gelditzen; toki egokiagoak bilatzen ditugu”. Toki horietako bat Arguedasko Sendaviva zoologikoa da, Castiensek adierazi duenez. Ekainean, hain zuzen, Nor talde antiespezistak zentro horren inguruko ikerketa bat aurkeztu zuen, eta agerian utzi zuen, bertzeak bertze, han bizi diren zenbait animalia gaixo direla, “zookosiak jota”, eta arrautzaren zikloa azaltzeko egunero erakusten dituzten txitak bertze animaliei jaten emateko erabiltzen dituztela. “Ez dut horren berririk”, azaldu du Castiensek. Erantsi du gero eta gehiago hausnartzen dela gizakien eta bertze animalien arteko harremanari buruz, eta argi erran du Ilundainen “gizarteak nahi dituen animaliak” artatzen dituztela. “Hurbil sentitzen dituen animaliak inporta zaizkio jendeari, batez ere”.

Goiko argazkia: Iñigo Uriz / Foku