Iritzia: Koloreztatzeko ardura

Iritzia: Koloreztatzeko ardura

Naiara Elola

Ez! Hori izan zen iragan ostiralean, duela astebete justu-justu, Bigarren Hezkuntzako ikasleek entzun zuten lehenengo hitza. Ia sei hilabete ikastetxera joan gabe igaro ondotik, itzuleraren eguna izan zen institutu askotan irailaren 4a. Baina a zer-nolako itzulera! “Guztion segurtasuna” arrazoitzat hartuta, nerabeek institutu eta eskoletan egin dezaketenaren zerrenda laburragoa da egin ezin dutenarena baino.

Martxoaren erdialdera etxean gelditu behar izan zuten gazte askok, ziurrenik, ez zuten institutura itzultzeko gogo handiegia, baina bai normaltasunaren lehen zantzuak atzematekoa. Baina lehengo bizitza “normal” hura desagertu da. Maiz ahaztu egiten bazaigu ere, bizi dugun gaur egungo normaltasuna “berria” da.

Gure kasuan, institutuko itxitura kanpoan egin genuen hitzordua ikasleekin pasa den ostiralean. Zintzo azaldu ziren gehienak: barroteetatik begira, jolastokian aldaketarik bazen kirika zebiltzan batzuk. Berehala ohartu ziren bazirela. Jolastokiko zorua klarionaz margotuta baitzegoen: 1. sektorea, 2. sektorea, 3. sektorea… irakur zitekeen. Ikasle bakoitzak dagokion sektoreko eremua soilik erabili ahal izango du. Hori bai, euria eginez gero, aterperik gabeko sektorea egokitu zaien ikasleek ikasgelan gelditu beharko dute jolastorduan. Penagarria!

Lehendabiziko albiste txarra eman eta gero, gainontzekoak iritsi ziren: “Zerrendaren arabera sartu behar duzue, zuen artean distantzia mantendu, musukoa jantzi, sudurra ere tapatu, ez egin korrika, futbolean ezingo duzue jokatu, ez ekarri bizikleta…”. Ia mantra bat balitz bezala errepikatu zuten irakasle guztiek goizean goizetik hasi eta eguerdi partera arte.

Niri ere egokitu zitzaidan halako jakinarazpenak ematea. Tutorea izaki, zuzendaritzak jakinarazi zigun oso garrantzitsua dela ikasleek arauak ondo ezagutzea eta barneratzea. Hala, ikasgelara sartu eta bakoitza bere mahaian eseri zenean, jarraitu nuen egin ezin zutenaren zerrenda osatzen: “Ezingo duzue materialik lagunekin partekatu; liburua etxean ahazten bazaizue, ezingo duzue ikasgai horretako zereginik egin; leiho eta ateak ezin dituzue ireki; lagun batengana ezin duzue gerturatu, mahaitik altxatzea debekatua dagoelako”. Horrela aritu nintzen ia ordubetean. Jakitun nintzen ikasturte hasiera horrek ezer gutxi zuela ikustekorik iazkoarekin. Bat-batean, 50 urte egin genuen atzera. Lastima da, baina ikasgelako horman, sortzez galiziarra zen diktadore haren argazkia soilik falta zitzaigun.

Zuri-beltzeko bihurtu da gaur egungo hezkuntza sistema. Koloreztatzeko horrenbeste denbora eta ahalegin behar izan denean, sei hilabete aski izan dira egindakoa zapuzteko. Baina, hala ere, etxean arazoak dituzten ikasleek toki seguru bat izango dute eskola orduetan. Gainera, horrenbeste handitu den ikasleen arteko arrakala txikitu ahal izango dugu, administrazioak jarritako diru funtsaren bitartez. Orain, datorren ekainera bitarteko epea daukagu egun grisa den errealitatea kolore printzez argitzeko.